INFO

LABek dio Fiskaltzak «ikerketa sakonik egin gabe» artxibatu duela Hondalearen salaketa

LABek salatu duenez, Gipuzkoako Fiskaltzak «ikerketa sakonik egin gabe» eta «aldeei galdetu eta entzun ere egin gabe» erabaki du Hondalea eskulturaren lanak esleitzeko prozesuan ustez izan ziren irregulartasunengatik sindikatuak aurkeztu zuen salaketa artxibatzea.

Hondalearen lanen aireko ikuspegia. (NAIZ)

Donostiako Udaleko LABek oharra kaleratu du, joan zen astean Gipuzkoako Fiskaltzak Hondalea eskulturaren lanak kontratatzerako orduan ustez izan ziren irregulartasunengatik sindikatuak aurkeztu zuen salaketa artxibatzea erabaki ostean. Fiskaltzak ez zuen arau hausterik ikusi lanen tramitazio administratiboan.

LABek bere oharrean dioenez, Ministerio publikoak «salaketaren ikerketa sakonik egin gabe» eta «aldeei galdetu eta entzun ere egin gabe» hartu duela artxibatzeko erabakia. Eta salaketa artxibatu den arren, «bere garaian salatutako bi jarduketa irregularrek hor jarraitzen dutela» nabarmendu du.

Sindikatu abertzalearen arabera, Fiskaltzak onartu du «uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko proiektuaren obraren zuzendaritza» LKS-Fhekor-i lizitaziorik gabe, kontratu txiki bidez, eskuratu izana».

Bestetik, Udalak arkitekto bati eman zion uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko lanak idazteko ardura, «baina LKS-Fhecor-ek egin zuen, Udalak haiekin kontraturik egin gabe». Hortaz, LABek dioenez, eskulturaren proiektuaren «lan nagusietako bat kontraturik gabe egin zen, azalpenik gabe. Gai erabat irregularra eta Udalak fiskaltzari azaldu ez diona».

LABen ustez, Donostiako Udalak Hondalearen proiektua LKS-Fhecor-i «zuzenean kontratu txiki baten bidez» esleitzea «eskandalua besterik ez da» eta, gainera, «legezkotasuna zalantzazkoa du».

«LKS-Fhecor-ek prezioak bota zituen proiektu hau zuzenean, atzamarrez, esleitu ahal izateko, baina mundu guztiak daki enpresak eskainitako zenbatekoa ez zela nahikoa proiektu hori gauzatzeko», erantsi du.

Sindikatuaren arabera, «ez dira betetzen Sektore Publikoko Kontratuen Legearen manuak, zerbitzu horiek modu irekian lizitatu ez direlako», eta «Fiskaltzak ez du hori ikertu».

Beste salaketa bat ere egin du LABek: «LKS-Fhecor-ek obra-zuzendaritzan egindako gastua Alfa Arte enpresak ordaindu duela, baina enpresak aurkeztutako proiektuan ez zegoela partidarik LKS-Fhecor-en zuzendaritza-lana ordaintzeko». Fiskaltzak, artxibatze autoan, horren inguruan ere ez duela ezer esaten gaitzetsi du.

«Alfa Artek gastu horiek ordaindu baditu, Proiektu eta Obretako arduradunak hala esan zuelako da. Bigarren irregulartasunaren aurrean gaudela uste dugu, Udal Aurrekontuko diru publikoa gaizki erabili baita», ohartarazi du.

Artxibatze autoa eta Udalak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren LABek ondorioztatu duenez, «Donostiako Udalak ezin izan du justifikatu proiektua LKS_Fhecorre-i lizitaziorik gabe zuzenean esleitu izana, ezta horren ondoriozko exekuzio gastuak ordaintzea ere, irregulartasunik egin gabe». Fiskaltzak ez ditu ikertu bi gai horiek, sindikatuak dioenez.

Horregatik guztiagatik, ikerketa horretan aurrera egiteko aukera aztertuko du LABek bere aholkulari juridikoekin.