INFO

Kale gorritik Zabaleta ahalguztidunarengandik gertu egotera urtebetean

Etxarrengo atzelariaz harago, orain urtebete kontraturik gabe utzi zituzten Unai Laso, Jon Mariezkurrena eta Victor Esteban izan dira uda honetako garaile nagusienetakoak.

Unai Laso izan da udako apeurik handienetako bat. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Zalantzarik ez da, Logroñon amaitu zen ez ohiko pilota uda honetan, Jose Javier Zabaletarena izan dela gehien nabarmendu den izena. Binaka jokatu dituen txapelketa-torneo guztiak irabazi ditu era guztietako aurrelariekin eta oraintxe bertan ia garaiezina dirudi binaka jartzen duten edozein konbinaziotan.

Jokin Altuna ere ezin aipatu gabe utzi, Sanferminetako lau eta erdikoa irabazi eta Unai Lasoren aurka udako partidarik ikusgarrienak jokatu eta irabazita. Amezketarrari agian binaka pausu bat gora ematea da eska diezaiokegun gauza bakarra, baina atzean Zabaletak ezartzen dituen aldeak ikusita, kostako zaio atzealdean abantailak emanda erronka hori gainditzen.

Baina, ziurrenik, udako irabazleez hasiko bagina, orain justu urtebete kale gorrian ziren hiru izen nabarmendu beharko genituzke, 12 hilabetetan, horietako gehienak afizionatuekin jokatzen aritu eta gero, egoerari buelta ematea nola lortu duten ikusita. Orduan ere Baikok hartutako erabakia ulergaitza bazen, azken asteotako partidak ikusita are nekezagoa egiten da nola utzi nahi izan zituzten halako etorkizuna duten pilotariak koadrotik kanpo.

Arrazoi komertzialak

Unai Lasorena pilotan kirol irizpideak zeinen erlatiboak diren frogatzen duen adibiderik garbiena izan daiteke. Profesionaletara itzuli eta lehen txapelketan enpresako pilotaririk onena izan ostean, datu objetiboa da hau Iruñeko kaiolan bera izan zen Baikoren finalera heldu zena, uda egituratu duen Mastersetik at utzi zuten, nahiz eta gero ordeko gisa erabili zuten, baita Aspeko Peio Etxeberriaren ordez aritzeko ere. Bernardo Atxagak idatzi eta Ruperrek abestu zuen bezala «arrazoi komertzialak direla medio»

Kontua da, Bizkarreta-Gerendaingoa, pilotazaleentzat pilotaririk erakargarriena, edo erakargarrienetako bat behintzat bai, izanda, enpresek atzera egin eta udako apeu bezala erabili dutela, batez ere Jokin Altunaren aurkako desafioetan, kirol aldetik begiratuta, iazko Buruz Buru edo Lau eta erdiko errebantxak ere antolatu zitzaketenean. Erik Jakak ez omen du nonbait erakarmen indar hori, irail guztian pare bat partida baino ez dizkiote jarri eta.

Neguan Binakakoan Asperekin aukera bat izan ostean, Baikora bueltan, Jon Mariezkurena izan da udako Bilboko enpresako atzelaririk onena. Txapelik ez du lortu, baina Mastersean eta Logroñon finalak jokatu izanak, atzelari «lurtarren» artean –Zabaleta kenduta– udako onena egin dute Berriozarrekoa.

Eta egia da Zabaletaren ondoan dena dela errazagoa, baina ezin inolako meriturik kendu bere lehen aukeran, non eta etxean, Victorrek egindakoari, gorengo mailan leku bat baduela erakutsi baitu, joko fresko eta praktikoa erakutsita.

Unerik desegokienean jazotako lesio batek azkenerako distira kendu badio ere, Peio Etxeberriak ere merezi du aipamen bat, Zabaletarekin batera Sanferminetako feria irabaztea ere pausu handi bat izan baita bere ibilbidean.