INFO

Zaleak Gascara itzultzeak gozatuko al du Perfumerias Avenida «dentistaren bisita»

Valentzian 77-48 galdu ostean Endesa Ligako txapelduna dator Donostiara, nahiz eta WNBAn lau jokalari dituen uneotan. Araskik Benbibreren kantxan denboraldiko aurreneko garaipena lor lezake, Lointek Gernikak Tenerifen bigarrena erdiesteko lanak izango dituen bitartean.

Aspaldiko partez, IDK Euskotrenek zaleak bilduko ditu Josean Gascako harmailetan. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Emakumeen Endesa Ligak asteazken honetan izango du bigarren jardunaldia eta IDK Euskotren taldearentzat albiste onik bada, agian Josean Gasca pabilioian aspaldiko partez jendea izan dezakeela izango da. Gehienera 1.500 lagunek izango dute asteazken arratsaldeko 19.30etan hasiko den partida bertatik bertara ikusteko eskubidea, baina donostiarrak garaipena lortzen ikustea nahi duenak, agian ez du egunik onena aukeratuko, Perfumerias Avenida Ligako egungo txapelduna izango baitu aurkari talde gipuzkoarrak.

Valentzia Basketen aurkako debuta nahikoa gogorra izan zen donostiarrentzat, 77-48 galdu baitzuten. Eta Fontetako hasiera nahikoa latz izango ez balitz, hara «dentistaren bisita» Josean Gascara bigarren jardunaldian! Egia da hala ere Perfumerias Avenida honi kilimarik egin dakiokeela; izan ere, bere jokalarietako lau WNBAko kanporaketak ari baitira jokatzen, tartean Katie Lou Samuelson –eta bere ahizpa–, joan den denboraldiko finaleko MVPa.

Ondorioz, talde ahulagoa izango badu ere Roberto Iñiguez de Heredia gasteiztarrak bere aginduetara, ez da txantxetako aurkaria izango Azu Muguruzarenentzat. Donostiarrek Coulibaly gabe jokatu zuten Valentzian, Afrobasketeko finala jokatzen ari baitzen, eta Donostiara itzuli den arren, oso litekeena da asteazkeneko deman minuturik ez izatea, oraindik ez baitu taldekideekin ganoraz entrenatu ere egin. Gauzak ondo, Coulibaly domeka eguerdian Gernikako Maloste kiroldegian jokatuko den euskal derbirako prest egongo ote den espero dute donostiarrek.

Garaipen bila etxetik kanpo

Kutxabank Araskik eta Lointek Gernika Bizkaiak etxetik kanpo jokatuko dute bigarren jardunaldi hau. Gasteiztarrek oso itxura ona eman zuten Gironaren aurka eta 63-67 galdu arren, egindako lanarekin konforme egon litezke Made Urietarenak. Benbibreren kantxan 20.30etan hasita, lehen garaipena bilatuko dute arabarrek. 

Benbibrek etxean egin zuen debuta eta 50-67 galdu zuen Bierzoko taldeak Lugoren aurka. Laurden guztietan atera zen galtzaile eta orotara 18 baloi oparitu zituen. Amber Melgoza estatubatuarra eta Estoniako Kadri Ann Lass izan ziren 10 puntu baino gehiago saskiratu zituzten bakarrak. Hala, Gironaren aurkako kontzentrazio maila bera erakutsiz gero, gasteiztarrek garaipena lortzeko aukera bikaina beharko lukete izan.

Hala ere, Madelen Urieta ez da fio, batez ere epe luzera begira aritzeaz. «Ederra litzateke Kopa edo Ligako play-offak jokatzea, baina gure taldea orainaz bakarrik arduratzen da. Gironaren kontra txukun jokatu genuen, baina gure helburua gero eta talde hobea eraikitzen joatea da, hurrengo partidatik hasita», adierazi berri du "Radio Vitorian".

Lointek Gernika Bizkaiaren partida, berriz, ez da 21.00ak arte hasiko Teneriferen kantxan. Mario Lopezenek 71-61 gainditu zuten Kanaria Handia denboraldiko aurreneko neurketan, baina kostako zaie bigarren garaipena kateatzea.

Gernikan jokatzea zer den badakiten Gaby Ocete edo Maria Pinaz gain, Paola Ferrari edo Kroaziako Ivana Tikvic lako jokalariak ditu Tenerifeko taldeak. Perfumerias Avenidaren aurka hiru laurden oso egokiak jokatu zituen Salamancan. Bada, ez da erraza izango halako eskarmentua duen aurkari honi irabaztea Mario Lopezen taldearentzat.

«Etxean gotortzen dakien taldea da Tenerife eta eskarmentu handiko jokalariak ditu», azpimarratu du Mario Lopezek partida bezperan. «Talde oso fisikoa izango dugu aurrean eta joan den asteburuan baino gehiago eskatuko digu irabazteko. Defentsan askoz erregularrago jokatu beharko dugu eta erasoan askoz erritmo biziagoarekin ekin beharko diogu. Irabazteko partida gogorra izango da, zinez», gaineratu du gernikarren entrenatzaileak.