Ehun pertsonaren deia etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko azaroaren 20an Baionan
Heldu den azaroaren 20an «Vivre et se loger au pays !-Espekulazioari ez!» lelopean Baionan eginen den mobilizazioaren aldarrikapen taula plazaratu dute gaur etxebizitza, laborantza, kirola, sindikalgintza, kultura edota politikagintza eremuetan jarduten duten ehun pertsona esanguratsuk.
Heldu den azaroaren 20an etxebizitzaren eskubidea erdigunean ezarriko duen mobilizazioa izango da Baionan. Hitzordu horri begira aldarrikapen taula plazaratu dute Ipar Euskal Herriko gizarteako ehun pertsona esanguratsuk. Zerrenda zabal eta anitz horretan alor ezberdinetako herritarren izenak azaltzen dira, etxebizitza alorreko egitura nagusietan lan egiten duten ordezkarengandik hasita.
Era berean, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko indarrak batzeko deiarekin bat egin dute gizarte, kultura, kirola, sindikalgintza, laborantza, elikadura edota politikagintza esparruetatik heldutako ehun pertsona esanguratsuk.
Lehen agiri horretan «azken hamarkadetan, etxebizitza duin bat eskuratzea benetako desafio bat bilakatu dela, are handiagoa zailtasunetan direnentzat» mahaigaineratu dute.
Azaldu dutenez, «hamaika arrazoi daude egoera jasangaitz hau esplikatzeko: lurraldearen ‘erakargarritasuna’, lurraren prezioaren gorakada, lur kudeaketa publikoaren eskasa, espekulazioa, bigarren bizitegien eta Airbnb gisako bizitegien biderkatzea eta abar luze bat».
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko orduan sarritan azaleratzen diren ezintasunen aurrean mezu argia zabaldu dute manifestazioaren lehen ehun deitzaile horiek: «Egoerari aurre egiteko aterabideak existitzen dira eta horiek denek batera pentsatu behar ditugu».
Era berean, bertan bizitzeko eskubidea bermatzeko, bai eta espekulazioa gelditzeko «borondate politikoa» galdegiten diete etxebizitzaren arloan ari diren eragile guzitiei.
Dispositibo berritzaileak baliatu egoera errotik aldatzeko
Lehen ehun deitzaileen esanetan izan badira dispositibo berritzaileak eta horiek baliatuz «tokiko biztanleek bizitegia herrian atzemateko eta herrian bizitzeko duten eskubidea» hobeki babesteko parada badela defendatu dute.
Gaur zabaldu duten xartan jaso dituzten neurrien artean, «etxebizitzen eta lurren merkatuaren erregulazioa» defendatu dute. Hala, urte osoko alokairuei lehentasuna emateko eskatu dute.
Ehun deitzaileek «lurraren eta etxebizitzaren kudeaketa publikoa edo kolektiboa» izan behar dela nabarmendu dute. Beraien esanetan, «etxebizitza bat denentzat» printzipioak izan behar du etxebizitza politika berri horren ardatz nagusia. Ondorioz, bigarren etxebizitzen kopurua mugatzea planteatzen dute, besteak beste neurri fiskalak ezarriz.
Finean, etxebizitza «duina eta eskuragarria» izateko eskubidea benetan gauzatzeko neurri ausartak behar direla plantan eman aldarrikatu dute, alokairuen prezioen erregulazioa indarrean jarriz edo bizitegi sozialen kopurua «azkarki emendatuz».
Azkenik, lurren artifizializazioa saihesteko eta elikadura burujabetza bermatzeko beharra aipagai izan dituzte xartan, era horretan etxebizitzaren aldeko eskubidea urgentzia ekologikoa eta klimatikoak ezartzen duen erronka globalarekin uztartuz.
Dei zehatza tokiko hautetsiei
Heldu den larunbatean ondoko sei urteetarako Tokiko Etxebizitza Plana (TEP) bozkatuko du Euskal Elkargoak. Erakundeko herriarteko kontseiluaren atarian ezagutzera eman duten deialdiaren bidez lehen ehun deitzaile horiek tokiko hautetsiei «hemen bizi eta lan egin nahi duten guztiek horretarako posibilitatea izan dezaten politika ausarta eta beheralakoa plantan ezartzeko» tenorea dela oroitarazi diete.
Zerrenda zabala bezain anitza bada. Azaroaren 20ko mobilizazioarekin bat egin dute CFDT, CGT, ELB, LAB, Solidaires eta SNUipp-FSU sindikatuetako hainbat arduradunek; baita gizarte zibileko edo eremu sozioekonomikoaren eragile esanguratsu batzuek ere.
Batzuk soilik aipatzearren zerrendan azaltzen dira, besteak beste, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua, Herrikoa, Atherbea, Hemen, Lurzaindia, Intxausetako Solasak, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Alda, CADE, Bizi!, Gazte Ekintza edo Etorkinekin egituretako ordezkariak.
Deialdiarekin bat egin dute, bestalde, erakunde eta politikaren eremuan jarduten duen hainbat ordezkari esanguratsuk. Hala nola Lucien Betbeder Euskal Herriko hautetsien Biltzarreko presidentea, Peio Etxeberri-Aintzart (EH Bai), Martine Maillefert (Ensemble!), Marie Christine Aragon (Gauche Democratique Socialiste), edo Sylvie Bozzi (Generetion.s).