INFO

Erregai fosilen industriak 2030a baino lehen ixteko eskatu dute gazteek Milanen

Milanen Youth4Climate jardunaldian bildu diren 400 gazteek krisi klimatikoari aurre egiteko proposamenak jasotzen dituen agiria aurkeztuko dute gaur, horien artean erregai fosilen industrien itxiera 2030. urtea baino lehen. Glasgowko Klimaren Goi Bileraren prestaketan ari dira.

Vanessa Nakate ekintzaile ugandarra, Youth4Climate jardunaldian, Milanen. (Miguel MEDINA/AFP)

Mundu osoko 400 gazte inguru bilduta daude Milanen asteartetik, Youth4Climate jardunaldian, heldu den azaroaren 1an Glasgowen hasiko den Klimaren Goi Bilera (COP26) prestatzeko. Haien artean daude Vanessa Nakate Ugandako ekintzaia, Martina Comparelli italiarra eta Greta Thunberg suediarra. Agiri bat landu dute Eskoziako goi bilkurari begira eta bertan krisi klimatikoari aurre egiteko lau proposamen bildu dituzte.

Dokumentua Mario Draghi Italiako lehen ministroari eta Boris Johnson Britainia Handikoari aurkeztuko diote, baita Glasgowko hitzorduari begira ostegun honetan bilera egingo duten 40 herrialdeetako ordezkariei ere.

Lehen puntuan krisi klimatikoaren aurkako borrokan gazteek jokatzen duten papera aztertu dute eta gobernuei eta nazioarteko erakundeei eskatu diete gai horrekin zerikusia duten alor guztietan gazteak kontuan har ditzatela.

Bigarren atalak pandemiaren ondorengo errekuperazioa du ardatz. Gazte hauen ustez, honako gaietan jarri behar da arreta: trantsizio energetikoa, lanpostu duinak sortzeko gai izango diren energia-iturri berriztagarriak, egokitze eta erresilientzia neurrien indartzea eta klimarako finantziazio sistema garden bat.

Horrekin batera, tokiko komunitateak errespetatuko dituen turismo arduratsuaren garrantzia nabarmendu dute agirian.

Hirugarren atalean exijitzen dute sektore pribatuak zero isurien helburua jar dezala, erregai fosilen industriak 2030erako itxi daitezela eta gobernuek eta erakunde pribatuek ez ditzatela gehiago finantzatu.

Azken proposamena hezkuntzarekin lotuta dago. Zehazki, aldaketa klimatikoak dakartzan arriskuez kontziente den gizartea eraikitzeko gai den hezkuntza sistema sortzeko ahaleginak eskatu dituzte Milanen bildutako gazteek.

Dokumentuaren aurkezpenaren bukaeran minutu bateko isilunea egin dute, munduan hil dituzten ingurumenaren aldeko ekintzaileak oroitzeko.