INFO

Nami Kaneko itzultzaile japoniarrak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa saria

Nami Kaneko japoniarrak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria, Bernardo Atxagaren ‘Soinujolearen semea’ eleberria japonierara itzultzeagatik.

Nami Kaneko japoniarra telematikoki izan da Etxepare-Laboral Kutxa sariaren ekitaldian. (ETXEPARE INSTITUTUA)

Nami Kaneko itzultzaile japoniarra saritu dute Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren zazpigarren edizioan, Bernardo Atxagaren ‘Soinujolearen semea’ eleberriaren japonierazko itzulpenagatik. Shigeki Tabata editorearen gidaritzapean, Shinchosha argitaletxeak plazaratu du lana, eta itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute. Gainera, 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpenaren sustapenerako.

Kaneko eta Tabata sari emate ekitaldian ezin dira izan baina telematikoki egin dute bat Bilbon Euskadiko Artxibo Historikoan antolatu den ekitaldiarekin. Bertan ziren Bernardo Atxaga idazlea, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Inaxio Garro Laboral Kutxako Euskara arduraduna.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena bat saritzeko asmoz sortutako lehiaketan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Epaimahaiak Kanekok eta Shinchoshak egindako sustapen lana nabarmendu ditu: «Itzulpenak Japonian bertan izan duen harrera eta kritika oso onak izan dira. Japoniako Itzulpen Onenaren Sarietan finalista izan da eta hainbat aldizkarik libururik onenen artean txertatu dute».

Itzulpena «kalitate handikoa» dela ere adierazi du epaimahaiak, eta itzultzaileak «euskarazko lana japonieraz emateko egindako hautuak» azpimarratu ditu. Gainera, Kanekoren ibilbidea bera ere aintzat hartu du, «euskaratik zuzenean itzultzeaz gain, bere ikerketa lana ere arlo horretan egiten ari baita».

Shinchusha argitaletxeari dagokionez, haren «garrantzia eta literaturan espezializatutakoa izatea» hartu dituzte kontuan. Halaber, inprimatu duten tirada handia, 4.000 alekoa, Japoniako literatura itzuliaren merkatuan ohikoa den kopuruaren bikoitza. Kontrazalean, Akira Higashiyama idazle ezagunaren gomendioa agertzen da, Ibon Egaña euskal kritikariaren hitzekin batera. Argitaletxeak garrantzia izan du obraren sustapen plangintzan; epaimahaiak plan hori ere aitortu nahi izan du. 

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura lanen itzulpenak saritzeko, «itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia». Sari honek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede.