INFO

1.387 presoren gaineko eskumena Lakuaren eskuetan da, horietatik 60 EPPK-koak

Basaurin goizean goiz eginiko ekitaldi xume baten bitartez irudikatu du Lakuako Gobernuak azkenean espetxe arloko eskumena jaso duela. Eredu berri bat garatuko duela berretsi du, gizatiarragoa eta erdi-askatasuna bultzatuz.

Artolazabal sailburuak zuzendariekin irudikatu du «egun historikoa» Basaurin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gernikako Estatutua onartu zenetik 42 urte pasata, eta ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuenetik hamargarren urtemuga betetzear dela, espetxe arloko eskumena jaso du azkenik Lakuako Gobernuak. Ostiral honetatik eskuetan du, trantsizio-epe bat aurreikusita dagoen arren, eta goizean goizetik irudikatu nahi izan du.

Basauriko espetxearen atarian agerraldia egin dute goizeko 8.00etan Beatriz Artolazabal sailburuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeen zuzendariek, hemendik aurrera kudeaketa EAEren esku gelditzen dela islatzeko.

Eredu berri baten sorrera dakar eskumenak, azken hilabeteotan aurreratu denaren arabera eta gaur sailburuak berretsi duena entzunda. Eta preso guztiei irizpide berdinak aplikatuko zaizkiela nabarmendu du Lakuako Gobernuak, EPPK-koekin inolako ezberdintasunik egin gabe.

Bezperan, Aukerak ajentziaren sorrera onartu du Gasteizko Legebiltzarrak gehiengo oso zabalaz, presoak gizarteratzeko kudeaketaz arduratuko dena. Eskumenaren ondorioetako bat da.

Orotara 1.387 preso biltzen dituzte gaur egun Zaballa, Basauri eta Martuteneko kartzelek. Hauetatik 60 dira espetxeratu politikoak (une honetan gutxiago, baina asteazkenean iragarritako bederatzi lekualdetzeekin kopurua horretara helduko da).

Kopuru horretatik 778 Zaballan daude, 326 Basaurin eta 283 Martutenen. Hauetatik 80 emakumeak dira. Erregimen irekian, 99 daude Martutenen, 90 Zaballan eta 185 Basaurin.

Hiru zuzendariak, karguan berretsita

Vicenta Alonso (Basauri), Benito Aguirre (Zaballa) eta Marian Moreno (Martutene) dira EAEko espetxeetako zuzendariak eta gaurko ekitaldian karguan berretsi ditu sailburuak. Artolazabalek Justizia Taldea delakoa izan du lagun, Ana Agirre sailburuordea, Eugenio Artetxe Justiziako zuzendaria eta Jaime Tapia espetxe aholkularia buru zituela.

«Gaur  egun  historikoa  da,  berrogei  urte  geroago  Gernikako  Estatutuaren eskumen garrantzitsu bat gauzatu baita. Gaur ere euskal espetxeen bizitzako beste egun bat da. Egun historiko bat, baina beste lanegun bat eta zerbitzu publiko bat ere bai, presoek beren egunerokotasunean diferentziarik izan ez dezaten», aipatu du Artolazabalek.

Basauriko espetxeko plakak eta armarria desestali ditu gero eta Lakuako Gobernuaren logoa jarri. Eta gero lan bilera egin dute guztiek. Horretan, sailburuak hiru dokumentu eman dizkie zuzendariei. «Segurtasun neurrien aplikazioan jarrera defentsiboa saihestu nahi dugu, neurri terapeutiko eta hezkuntzakoen alde eginez», azaldu du sailburuak, eta gaineratu du neurriak  «giza eskubideak babesteko nazioarteko estandarren arabera» hartuko direla.

Emakumeak, adingabeak, gaixorik direnak...

Bost helburu zehazten ditu Urkulluren Gobernuak jada aurreratuko irizpideetan, itxuraz behintzat Estatuak erabilitako jokabidetik urrun direnak. Lehena, «askatasunaz gabetutako pertsona gehiagok zigorrak erdi-askatasuneko erregimenean bete ditzaten lortzea, bai eta horien egoera hobetzea eta, nolanahi ere, haien gizarteratze eraginkorra lortzea ere».

Honi dagokioenez, gogoan hartu behar da Bilbon transferentziaren berri ematerakoan Miquel Iceta ministroak esan zuena: preso politikoei ezartzen zaien espetxe politika Madrilek gidatuko duela eta espetxeetako erabakiak Auzitegi Nazionaleko Espetxe Epaitegi Zentralak zuzendu ditzakeela azken instantzia gisa, orain arte bezala.

Katalunian preso izan ziren buruzagi independentistekin gertatu zena ekar daiteke gogora, aurreikuspen bat egin nahi bada: espetxeetako Tratamendu Batzordeek hirugarren gradua eman zieten behin baino gehiagotan, baina gero sarritan Estatuko erakundeek bertan behera utziarazi zituzten.

Gainerako lau helburuak, lehenengo honekin uztartuta, honela laburbiltzen ditu Lakuak: «Gizarteratzeko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonen konpromiso eta eskakizun pertsonalak; biktimen eskubideak eta interesak egokiago babestea; segurtasun publiko handiagoa lortzea; eta espetxe sistemari eta zigor-betearazpeneko sistemari dagokionez, herritarrek gogobetetasun eta pertzepzio handiagoa izan dezaten lortzea».

Ildo hauetatik abiatuta, zenbait neurri zehazten ditu planak, espetxe eredu berria gauzatze aldera: emakumeei arreta berezia ematea, jasaten duten diskriminazioa arintzeko; adingabekoen interesa lehenestea; gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten eta 70 urtetik gorakoak diren presoen «arazo espezifikoari heltzea»; «iraupen luzeko kondenak dituzten pertsonen birsozializazioa aztertzea»...

«Erdi-askatasuneko erregimenari» buruz neurri zehatz bat edo beste aurreratzen da idatzian. Esaterako, bost urtera arteko zigorra duten pertsonak hirugarren graduan sailkatuko lituzkete hasiera-hasieratik. «Gaixotasun mentalak dituzten pertsonak osasun zentroetan integratzea» da beste bat: «baliteke kondenatutako pertsona batzuk ospitale-zentro egokietan ospitaleratzea», aipatzen da.