INFO
Interview
Amaia Elena Barrena eta Amets Martinez de Heredita
Katalingorri eta Ikusgune

LGTBI+fobia, kausak eta gogoetak

Pandemian LGTBI+ pertsonen aurkako erasoek gora egin dute. Amaia Elena Barrena Kattalingorri LGTB+ kolektibo nafarren bilguneko kideak eta Amets Martinez de Heredita Gasteizko Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako behatokiko koordinatzaileak egoeraren gaineko zenbait hausnarketa ekarri dituzte.

Amaia Elena Barrena, ezkerrean, Gaël Cecchetto Kattalingorri eta Naizeneko kidearekin. (Iñigo URIZ I FOKU)

«Sare bat dagoela eta edozein lekutan guztion artean eragiteko prestasuna dagoela jakinarazi nahi dugu»

AMAIA ELENA BARRENA

KATTALINGORRIKO KIDEA

Pandemia gorabehera, LGTBI+ kolektibo eta norbanakoei parte-hartze prozesu batera deitu zien Kattalingorri elkarguneak, denak batera ekiteko Nafarroako ikuspegiarekin

Parte-hartze prozesu betean murgilduta dago Kattalingorri LGTBI+ kolektiboen elkargunea. Azkenaldion nabaritu duten indar galtzea irauli eta denak batera ekiteko eta «inor bakarrik senti ez dadin», kolektiboak eta norbanakoak bildu eta parte hartzeko beharra sumatu dute. Amaia Elena Barrena Arana Kattalingorriko kideak azaldu du landa eremua oso kontuan duen prozesuaren nondik norakoa.

Kattalingorri zenbait elkarteren bilgunea da. Indarberritzeko prozesu bati ekin diozue.
Bai, alde batetik, denon espazio bat izateko eta, bestetik, kaleak eta politikak astintzeko tresna bat edukitzeko, eta indar gehiago edukitzeko. Lumatza bolleren elkarteak, IlotaLedo Trans pertsonen elkarteak eta EHGAM-Nafarroak, Euskal Herriko Gay askapen mugimenduak, osatu zuten. Denboraren poderioz, proiektua indarra galtzen joan da; pertsonak eta kolektiboak aldatu dira, baita kolektiboen indarra ere, eta pandemia garaian hori areagotu egin zen. Azken batzarrean landa eremuan dauden kolektiboetako jendea ere sartu da, Kattalingorrik landa eremuan jardun beharra azpimarratu baitzuten Hormak Mendialdeko LGTBI+ elkarteak, Laiak Nafarroako erdialdeko LGBTI+ elkarteak eta Kukuluak Tutera eta Erriberako LGTBIQ+ elkarteak. Hauek proiektu honetan sinisten zuten, baina Kattalingorri nahiko gogogabetua aurkitu zuten. Eta landa eremuan sortu diren kolektiboekin indartu da. Lehen, jendea Iruñera hurbiltzen zen eta orain beren herrietan jarduten dute. Nafarroako ikuspegia ere eman behar diogu eskubideak aldarrikatzeko, erasoei aurre egiteko, instituzioetan eragina izateko...

2020an parte hartzeko prozesua abiatu zenuten.
Bai, martxan gaude. Bai kolektiboak, bai pertsona oro gonbidatu ditugu. Helburua da Kattalingorri beharrezkoa den edo ez, tresna bezala beharrezkoa den edo ez baloratu eta, hala bada, berriro zentzua ematea.

Aurtengo ekainaren 12an kolektibo guztien asanblada handi bat egin eta ondorioztatu zen Kattalingorri bezalako tresna eta elkargune bat beharrezkoa dela, kolektibook osatutako mahai bateratu bat Kattalingorriren barruan. Erronkak identifikatu ziren, aldarrikapenak zein diren eta gauzak antolatzeari ekin zitzaion; esate baterako, Trans Legeari dagokionez, Estatu espainolekoa bada ere, Nafarroan ere eragiten duelako; erasoen aurrean, Nafarroako irakurketa propioa; instituzioek egiten duten lana, legea garatzen den edo ez; Nafarroan dauden zerbitzuek funtzionatzen duten edo ez, bai Kattalingunek, bai Harrotuk [Kattalingorrik kudeatzen dituen arreta zerbitzuak], kolektiboen beharak asetzen dituzten edo ez… hori guztia gainbegiratzeko mahaia sortu zen. Eta orain abian jarri behar dugu, gauzatu egin behar da Kattalingorriren egitura, bakoitzaren lana, non dauden mugak zehaztu, ulertuta elkargune bat dela eta bakoitzaren idiosinkrasia babestu egin behar dela, baina baita nolabaiteko kontsentsua dagoela bermatu ere.

Proposamena eginda, etortzen direnek garatu eta lur hartu egin behar dute. Batez ere momentu honetan, pandemia batean gaudenean eta pertsona askok etxerik ez edukitzea, etxea leku seguru ez izatea, lanean izan daitezkeen jazarpenak edo arazoak areagotu direnean. Egia da gauza askotan aurrera egin dugula, baina erasoak daude, eta oso garrantzitsua da kaletik erantzutea, baina baita instituzioen erabakiak ere, zeren horrek ere erakusten du zenbateko inpunitatea duten horrelako gauzek. Beharrezkoa da subjektu potente bat erantzuna emateko, bestela, inork ez badu deus esaten, ematen du ez dela gertatzen.

Jendeak ezagutzen zaituzte?
Hain zuzen, ezagutzea nahi dugu, baita prozesu hau abian dagoela jakin dezaten ere, LGTBI+ kolektiboarentzat baina baita LGTBI+ pertsonentzat ere. Demagun Erronkarikoa naizela eta ez dudala militantziarik egiten, zenbait lekutan zaila baita LGTBI+ kolektibo bat sortzea, baina badut parte hartzeko aukera, Kattalingorrira hurbiltzeko aukera, Nafarroa osoko jendearekin egoteko eta Kattalingorriren lan ildoaren barrenean modu deszentralizatu batean lan egiteko, landa eremua kontuan hartuta. Ez nago bakarrik. Ez nago bakarrik Erronkarin marika edo bollera bezala.

Erreferentzia bat, ezta?
Bai, eta batez ere sarea. Sarea dagoela jakinarazi, hedatu eta pentsatu edozein lekutan egonda ere, guztion artean eragiteko prestasuna edo nahia dagoela.

Irailaren 22an beste asanblada bat egin zenuten.
Bai, hau guztia gogora ekartzeko, zeren uda partean bakoitza pixka bat bere kasa ibiltzen baita. Azken batean, bloke eginda joateko ekimena da; izan ere, horretarako sortu zen Kattalingorri duela 20 urte. Kontua ez da bakoitza bere kasa joatea, baizik eta inork ez izatea bakarrik dagoen eta atzean inor ez duen sentsazioa, kolektibo batekoa edo bestekoa izanda ere. Batasun kontuekin, bururatzen zait agian emakume bolleraren batzuk, adibidez, agiri bat egin dezaketela, eta hori oso ondo dago, baina jakin dezatela Kattalingorriren helburua hori bideratzea eta bozgorailu moduan funtzionatzea dela.

Bati egindako erasoa denei egindakoa dela esaten duzue.
Bai, eta garaipena, gauza bera. Lortzen duguna ere guztiontzat da.

LGTBI+ kolektiboena ez ezik, ez luke jendarte osoarena ere izan beharko?
Noski. Horrela izan beharko luke. Hemen bi gauza banatzen ditugu; alde batetik, kolektiboa bateratu eta indartzea, eta hor elkarlanean erronka batzuk identifikatzen ditugu, aurrera egiten dugu eta gure kolektiboa ikusgarri egiten dugu, eta beste alde batetik, hor dauden… beste pertsonak, zeren aliatuak esanda kontua norberari ez dagokiola ematen baitu. Horiek gonbidatu behar ditugu gure mugiden eta gure irakurketen parte izateko.

Azkenaldion badirudi maizago edo ozenago entzuten direla LGTBI+fobia sustatzen duten diskurtsoak. Dirudien baino oihartzun eta eragin handiagoa dute?  
Nik uste dut jendarteak oro har aurrerapauso handiak eman dituela eta diskurtso horiek minoritarioak direla, baina nahiz eta jende asko ez etorri haiekin bat, ingurukoek baldintzatzen dugu horien boterea. Diskurtso ezin atzerakoiago bat, gayek, lesbianek, transek… osasun arazo bat dutela dioena, ez da oso zabala, baina hori esaten dutenek ez badute inolako erantzukizunik, inolako ondoriorik, azkenean hartzen duten lekua oso handia da. Burura etorri zait Lizarran autobus batean eraso zioten mutiko bat, ez dakit fatxak ziren edo ez, ez zuen inork defendatu, ezta txoferrak ere. Zenbat dira diskurtso hori dutenak? Egoera horretan oinarritzen baldin bagara, erasoa bi horiek egin zuten, baina gainontzekoek ez zuten erantzun; orduan, zenbat leku hartzen dute? Eta, gainera, erasoa mezu bat da pertsona horrentzat eta baita gainontzekoentzat ere. Beraz, bi norabidetan egin behar da lana, erasotzaileekin eta gizarte guztiarekin, pertsona moduan erantzukizuna dugun kontzientzia hartzeko.

Eta beste alde batetik, hezkuntzak garrantzi handia du. Nire iritzi pertsonala, nire itxaropena azalduko dizut. Uste dut badagoela sektore bat oso erreakzionarioa, ideia berririk sartzen ez den zenbait zirkulutan mugitzen dena, baina badaude, halaber, beste hainbat pertsona, ezjakintasunak, beldurrak… eraginda, eta horiek epe ertainera hezkuntza bidez aldatuko dira. Beste batzuk, ordea, oso kontzientziaturik daude, eta behar dutena da gai honi lehentasuna ematea, emakumeen berdintasunari bezala. Nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko, badirudi jendearen barrenean halako bulkada bat sortzen dela, arazoren bat ikusten badu pertsonarengana joan eta laguntza behar duen galdetzeko. Erasotzaileari dagokionez, legedi egokia sortu eta hori ere hezkuntzan sartu, aurreiritziak desagerrarazteko, pentsaera aldatzeko, hezkuntza pentsamendu kritikoa sortzeko tresna bezala ulertuta.

 

«Jendarte honek hobea eta anitzagoa izateko, ezinbestekoak ditu LGTBI+ politikak,  guztientzat onak direlako»

AMETS MARTINEZ DE HEREDITA

GASTEIZKO IKUSGUNEKO KOORDINATZAILEA

Gasteizko Ikusguneko koordinatzaileak azkenaldiko LGTBI+fobiaren goranzko joera aztertu du, besteak beste; baita hainbat hausnarketa azaldu ere LGTBI+ mugimenduan duen eskarmentutik

Pandemian gora egin dute LGTBI+ pertsonen aurkako erasoak, baina ez pandemiagatik bakarrik. Hala egiaztatu du Gasteizko Ikusgune behatokiak: 2021eko bederatzi hilabete hauetan iaz baino eraso dezente gehiago izan dira. Amets Martinez de Hereditak, behatoki horretako koordinatzaileak, bere datuak eta hausnarketak partekatu ditu GAUR8rekin.

LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoek gora egin omen dute aspaldion.
Azken urtean erasoen goranzko joera agerikoa da. Urteko bederatzi hilabete hauetan iaz baino sei edo zazpi eraso gehiago. Dagoeneko 27 kasu egon dira Araban 2021ean. Ez gara eraso fisikoez bakarrik ari; bazterketak ere zenbatzen ditugu, gorroto diskurtsoa… baina agerikoa da zelan egin duten gora eraso fisikoek ere: 11 izan dira, eta lehen, urtean lau izaten ziren batez beste. Eta azpimarratzekoa da eraso hauek izan duten bortizkeria.

Zer azterketa edo hausnarketa egin duzue?
Bat baino gehiago. Pandemiak bere eragina izan du, baina ez dugu dena horrekin lotzen. Badira beste elementu asko ere. Urteak dira gorroto diskurtsoaren garrantzia mahai gainean jarri dela, eta haren eragina. Guk esaten dugu haren ostean jipoia datorrela.

Baina ez litzateke egokia izango esatea hau guztia gorroto diskurtsoaren eta eskuin muturraren gorakadagatik dela eta pandemiarekin lotuta dagoela. Beste hausnarketa bat egin dugu: zer-nolako jendarte eredua dugu? Aipatzekoa arau bat dagoela, guk zisheterosexuala esaten dioguna, eta horren baitan, jaiotzean ezartzen dieten generoarekin bat egiten ez dutenak edo heterosexualak ez direnak zelan bazterketari aurre egin behar dioten. Hori indarkeria estrukturala da, eta hori da gertatzen ari denaren hazia.

Gazteak kezka iturri omen dira.
Gazteen fenomeno horretaz galdetzen digute askotan, baina gu ez gaude gazteen kriminalizazio horretan parte hartzeko prest. Egia da batzuetan gazteak izan direla erasotzaileak, baina politikagintzan gorroto diskurtsoak egiten ari direnak ez dira gazteak, ezta Elizan arduragabekeria guztiarekin esaten direnak esaten dituztenak ere, eta sistema hau eraiki dutenak ez dira gazteak. Gazteak ez dira espazio-ontzi batean iritsi diren pertsona batzuk, sistema honetatik edan dutenak baino, eta etxean, telebistan, politikagintzan ikusi dutena erreproduzitzen dute.

Badira gazte erasotzaile batzuk, baina badira beste batzuk gaur egun generoa problematizatzen dutenak, sexu orientazio normatiboak ere ezbaian jartzen dituztenak, eta honetan azken urteetan gazteengandik asko ikasi dugula uste dut, eta oraindik asko dugula ikasteko. Nik uste dut gazteen artean horrelako iraultza bat gertatzen ari dela eta honen balioa ez dugu nabarmentzen. Nire ustez, gazte gehienak, sexu eta genero aniztasunari dagokionez, orain arte ezarritako arauak problematizatzen ari dira, eta araua ezbaian jartzea oso ona da.

Babesa behar duzue, herritar guztiek bezala. Zer proposatzen duzue?
Lehenik eta behin esan behar dugu LGTBI+ kolektiboaren kasuan ere instituzioek badutela ardura bat, eta ardura hori exijitu egin behar zaie. Eta uste dut beste mezu bat helarazi behar zaiela. LGTBI+ politikak ez dira LGTBI+ pertsonentzako politikak, baizik eta jendarte osoarentzako politikak. Eta hau kontuan hartu beharko dugu, zeren, bestela, ematen du ari garela kolektibo jakin batentzako legeak eta politikak egiten eta ez da horrela inondik inora. Jendarte honek hobea, anitzagoa izateko, ezinbestekoak ditu LGTBI+ politikak, pertsona guztientzat onak direlako, beste kolektibo batzuei begirako politikak bezala, jakina.

Azkenaldian badira proposamen batzuk guk ezbaian jartzen ditugunak; adibidez, hau guztia legeen bitartez lortu behar dela. Horretan badago saiakera punitibista bat, homofobiari edo LGTBI+fobiari aurre egiteko legeak behar ditugula, eta zigor kodea behar dela. Helburua baldin bada pertsona LGTBI+fobikoak espetxean sartzea, gu ez gaude horrekin ados. Legeak behar dira, baina lege horiek ezin dira inondik inora zigortzaileak izan. Hau ez da Polizia gehiagorekin eta espetxearekin konponduko. LGTBI+ kolektiboak espetxea ezagutu du. Errepresioa gure kontra erabili izan da eta erabiltzen da leku batzuetan, eta ez LGTBI+ kolektiboaren kontra bakarrik; herri honetan badakigu zer mingarria den. Beraz, has gaitezen politikak egiten, letra larriz, eta ez ikuspegi punitibista batetik bakarrik. Horrekin ez dut esan nahi kasu batzuetan esku-hartze punitiboa egin behar ez dena, hilketak ditugulako; eta horrelako kasuetan nik ez dakit zer egin behar den, baina kasu gehienetan beste zerbait asmatu behar da.

Punitibismoa, zigorrak, instituzioarentzat oso merkeak dira. Pertsona bat espetxean sartzea politikak egitea baino merkeagoa da. Guk eta beste askok egiten ditugun proposamenak, hausnarketak... jendarteari egiten diogun ekarpena hainbat pertsona espetxera sartzea baino handiagoa da.

Zertan izan behar dute politika horiek?
Nik uste dut lehenengo kontua dela kolektiboekin harremana estutzea, instituzioen eta kolektiboen artean dagoen distantzia ikaragarri handia baita. Instituzioak elkarte eta kolektiboengana hurbildu behar du, kalean dauden kolektiboengana, zeren mugimendua mugituz erakusten da. Hortik aurrera, haien proposamenak kontuan hartu eta eztabaidatu egin beharko ditu. Eta proposamenak inondik inora ezin dira izan LGTBI+ kolektiboari begirakoak bakarrik. Honetan ikuspegi feminista eta intersekzionala izan behar dute.

Ikusten ari gara zelan LGTBI+fobiaren kontrako diskurtso batzuk arrazakeriaz egiten diren, eta gure ustez, LGTBI+fobiari eta arrazakeriari modu berdinean aurre egin behar zaie. Ezin dugu utzi diskurtso horiek aurrera egin dezaten, eta beraz, LGTBI+fobia aztertzen dugunean, horren biktimak zer-nolako zapalkuntzak dituzten aztertu beharko dugu; hau da, klasea, jatorria, eta beste hainbeste kontu aintzat hartu behar dira; adibidez, guregana heltzen dira LGTBI+ indarkeria sufritzen duten batzuk errolda eskuratzeko izugarrizko arazoak dituztenak. Erroldak ezinbestekoa izan behar du, eta instituzioek bermatu beharko dute LGTBI+fobia horri aurre egiteko.

Gizarte politiketan ere LGTBI+ ikuspegia txertatu behar da; nabaritzen ditugun kolektibo zaurgarrien artean LGTBI+ kolektiboa ere badago. Zeharkako ikuspegi bat behar da.
Beste hausnarketa bat. Batzuek esaten ziguten LGTBI+ kolektiboak ez duela bere euskalki propioa edo euskarazko hitz propiorik. Igual hori ere planteatu behar dugu, kulturaren aldetik, LGTBI+ sortzaileei ere laguntzea, sortzaile horiek erreferente bilakatzen direlako, eta erreferente horiek oso garrantzitsuak dira gaur armairuan daudenentzat, edo LGTBI+ gazteentzat.

Zuek espazioak irabaz ditzazuen beldurra dago?
Bai. Oso agerikoa da, gainera. Dibortzioaren legearekin batzuek uste zuten jende guztia dibortziatuko zela; eutanasiaren legearekin, denek eskatuko zutela; abortuaren legearekin, guztiek abortatu beharko zutela; trans legearekin, bat-batean guztiak trans bihurtuko ginela... eta mentalitate horrekin badira uste dutenak LGTBI+ pertsonek espazioak konkistatzen ditugun momentuan guztiek LGTBI+ pertsona bihurtu behar dutela. Eskubideak eskuratzea ez da bestearen eskubideak kentzea.

Delitu gorrotoak norbaiten kontra egiten direnean, erasotzaileak mezu bat bidaltzen dio kolektibo osoari. Hauxe da mezua: «Ez zaituztegu nahi gure kaleetan. Ez duzue espazio publikoa erabiltzeko baimenik». Zergatik egin du gora LGTBI+fobiak? Guk elementu bat aztertu dugu: LGTBI+ kolektiboak espazio asko konkistatu ditu: kaleak, eskolak, hedabideak… Hala ere, badira oraindik konkistatu ez dituen espazio batzuk. Non daude LGTBI+ ordezkariak instituzioetan, salbuespenen bat kenduta? Eta honetan uste dut ez direla behar LGTBI+ pertsonak bakarrik, instituzioetan LGTBI+ ekintzaileak behar ditugu. Non daude LGTBI+ pertsonak lantokietan? Bazterketa ikaragarria da lan  munduan. Eta konkista hauek egiten ditugunean, aurre egingo digute, eta jipoituko gaituzte, baztertuko gaituzte eta muturreko kasuetan hil egingo gaituzte, baina horrela irabazten ditugu eremuak.