INFO

Garaiari eta testuinguruari egokitutako Kilometroak

Euskararen eta euskal kulturaren aldeko helburuak mantenduta, ereduan moldaketak egin dituzte, duela lau urte egindako gogoetaren ildotik, baina, bereziki, covidak beste modu batera jardutera behartu dituelako. Mugatua baina parte hartzailea; kontraesan horri neurria hartzen ahalegindu dira.

Bost jaien antolatzaileek egindako muralen batuketa. (KILOMETROAK)

Abiapuntura bueltatu da Kilometroak festa urte zailenetako batean. Beasainek eta Lazkaok elkarrekin antolatu zuten lehen Kilometroak 1977ko urriaren 16an, eta, gerora, berriro ere egokitu zaie ardura, baina bakarka, 2001ean eta 2003an, hurrenez hurren. Aurten, Ordiziako Jakintza ikastola batu zaie eta hiru herriek elkarrekin prestatu dute Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Aurreko horien oso bestelakoa izango da, ordea.

2021ean Ibarrako Uzturpe Ikastolari zegokion ospakizuna antolatzea; baina egoera ikusita, urtebete atzeratzea eskatu zuen. Etenik egon ez zedin, euskarari plaza eman eta egitasmoari eusteko xedez, Ikastolen Elkarteko arduradunak Goierrira begira jarri ziren. Lazkaoko San Benito, Beasaingo Andramendi eta Ordiziako Jakintza ikastolei egin zieten proposamena, eta, jendea laguntzeko prest zegoela ikusita, hasi ziren lanean. Ohi baino denbora gutxiago izan dute, baina San Benito ikastolako zuzendari Xabier Maizak gogoratu du hasieratik esan zietela aurtengo hitzordua «xumea» izango zela. «Zentzu horretan ez dugu inongo presiorik izan, kontrara, gure partetik atera dira hainbat eskari edo ekimen planteatuta ere ez zeudenak».

Dena prest izan eta ezerk huts ez egiteko barrura eta kanpora begirako taldeetan dihardute. Lehenak girotze eta sentsibilizazio lanak egin ditu ikasleekin, familiekin... Bigarrenak, berriz, beste ikastolekin batera ari dira. Elkarlanera ohituta badaude, tarteka gauzak egin izan baitituzte elkarrekin, nahiz eta ez horrenbeste hirurek batera. Koordinatzea «pixka bat konplikatuxeagoa» bada ere, Ikastolen Elkarteak bere gain hartu du lan hori. Gainerakoan, aukera ontzat jo dute. Maizak azaldu bezala, «orokorrean positiboa da. Jende ezberdina aritzeak ere aberatsago egiten du, ekarpen gehiago daude, ikuspegi ezberdinak...». Saretzerako abagune ere izan da, bai elkarren artean bai herri bakoitzeko eragileekin; mugen ondorioz, ordea, jarduera oso kontrolatuak aurrera eraman behar dituzte eta horiek «lankidetzarako bide handirik ez dute ematen». Gurasoak ere aritu dira lanean ahal duten heinean, baina «ez du ohiko eskemarekin zerikusirik, ez parte hartze mailan, ez antolaketan, ez ezertan».

Hiru herri, bost gune

Hala, egun bakarreko egitaraua beharrean, urriaren 3tik harago doan Kilometroak izango da. Igandeko egun handirako giroa berotzen hasiko dira aurretik herri bakoitzean saio berezi bana eginez. Ordiziarrek Ekirock eta Euskal Joko eta Kirolak ekimenez gozatzeko aukera izango dute, beasaindarrek Haatik konpainiaren dantza garaikideko ikuskizunaz, eta, lazkaotarrek, Fredi Pelaez eta Eneko Dorronsororen musika emanaldiaz.

Kilometroak xumea, baina oso berezia izango da. Goierriko hiru herri horietako bost espaziotan aurrera eramango dituzte jarduerak, bereziki, haurrei eta gazteei bideratuta. Ordizian Jakintza Ikastolan, Barrena parkean eta Oiangun; Lazkaon, San Benito Ikastolako jolastoki estalian eta Beasainen Igartza parkean eta inguruetan atonduko dituzte guneok.

Jakintza Ikastolak San Inazion duen gunean egingo dute ekitaldi instituzionala. Maizak zehaztu duenez, bertan izango dira hiru ikastoletako lehendakariak, hiru udalerrietako alkateak, Gipuzkoako Goru Aldundiko eta EAEko Hezkuntza Saileko ordezkariekin batera. Bertan, emanaldi labur batzuk egingo dituzte ikasleek. Harrerari 09.00etan ekingo diote eta ekitaldia 10.00etan hasiko da. Horrez gain, hiru ikastolen arteko lotura eta elkarlana irudikatzeko aitzakia bezala hartu dute lekukoa. Hiru herrietan zehar ibilbidetxo bat egingo du: Lazkaotik abiatu eta Beasainera eramango dute, eta handik, Ordiziara, aipatu ekitaldira. Bertan, Ibarrako Uzturpe Ikastolari emango diote.

Gainerako gune gehienetan animazioa eta jolasak aurrera eramango dituzte. Adinaren arabera antolatu dute bakoitza: frontoia eta ondoko berdegunea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen txokoa izango da; Barrena parkea, berriz, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleena; Igartzan Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoei bideratutako jarduerak gauzatuko dituzte, eta San Benitoko jolastoki estalian, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetakoei begirakoak. Oiangu parkean, aldiz, bazkaria eta kontzertua egingo dituzte. Jaia goizeko kontua izatea nahi dute eta 14.00ak aldera amaitzea aurreikusten dute.

Jarduera guztiek partaide kopuru bat dute eta txandaka antolatuko dituzte, horregatik, aurrez izena ematea nahitaezkoa da. Izaera parte hartzailea duen jaia izanda, «barruko borrokak» eta «kontraesan txikiak» izan dituzte antolatzaileek. «Jendea etortzea nahi duzu, baina, aldi berean, mugatua denez ez dugu pilaketarik egon dadin nahi», argitu du Maizak. Erantzun «ona» izaten ari dira, baina, halabeharrez, Goierrira eta herrira begirako festa izango da.