INFO

Kilometroak 2021eko egun nagusiari ekin diote Ordizian, Beasainen eta Lazkaon

‘Batera, bagara, bat gara’ lelopean ekin diote igande honetan Kilometroak 2021eko egun nagusiari Goierrin. Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek hainbat ekimen antolatu dituzte.

Kilometroak 2021, dantza ekitaldia. (FOKU)

Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek ‘Batera, bagara, bat gara’ lelopean ekin diote igande honetan Kilometroak 2021eko egun nagusiari. Jai ereduari buruz egindako hausnarketaren ildotik, egun bakarreko egitaraua egin beharrean, iraila eta urrian antolatu dira ekimenak, gaur ekitaldi nagusia izanik.

Gaur, bereziki, haur eta gazteei bideratutako ekitaldiak egingo dira, Goierriko hiru herri horietako bost espaziotan.

Hiru ikastolen arteko lotura eta elkarlana irudikatzeko aitzakia bezala hartu dute lekukoa. Hiru herrietan zehar ibilbidetxo bat egin du: Lazkaotik abiatu eta Beasainera eraman dute, eta handik, Ordiziara. Bertan, Ibarrako Uzturpe Ikastolari eman diote, hurrengo urteko Kilometroakeko antolatzaileari.

Jakintza Ikastolak San Inazion duen gunean egin da ekitaldi instituzionala goizeko 10.00etan. Hitza hartu dute hiru ikastoletako lehendakariek (Leire Luengo, Ainhoa Garin eta Iker Estensorok), hiru herrietako alkateek (Adur Ezenarro, Leire Artola eta Kepa Zubiarrainek), Gipuzkoako Foro Aldundiko Gobernantza Diputatu eta bozeramaile Eider Mendozak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak.

Azken honek aurten ere Kilometroei eutsi ahal izateko hiru ikastolen lana goraipatu du, eta hiruek erakutsitako lanerako eta elkarlanerako prestasuna nabarmendu du. «Ikastolen mugimendu bizia behar dugu Kilometroak urte luzez iraun dezan».

Goizeko ekitaldi honetan San Benito ikastolako eta Beasaingo ikastolako ikasleek ere parte hartu dute, eta dantza saio bana eskaini dituzte ikusleen begi gozagarri. Belarriak ere gozatu dizkiete, berriz, Jakintza ikastolako ikasleek kantatu dituzten bertsoekin.

Egunean zehar Ordiziako Barrena parkean eta Oiangun Lehen Hezkuntzako ikasleei eta DBHko gazteei zuzendutako ekimenak izango dira. Beasainen, Igartzan eta inguruetan, Haur Hezkuntza eta LHko lehen eta bigarren mailako haurren txokoa antolatuko dute, eta Lazkaon LHko bosgarren eta seigarren mailakoentzako espazioa antolatuko dute.