INFO

Euskal emakume zinemagileen zikloak zabalduko du Artiumeko programazio egonkorra

Gasteizko Artium Museoa Euskadiko Filmategiaren programazioaren egoitza izango da aurrerantzean, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Donostiako Tabakalerarekin batera. Horrek esan nahi du euskal zinemak presentzia handiagoa izango duela zentroan hemendik aurrera. Horren isla da ziklo berria.

Artiumen eta Filmategiaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldia astelehen honetan egin dute. (Raul BOGAJO/FOKU)

Artium Museoak eta Euskadiko Filmategiak astelehen honetan bertan sinatu dute lankidetza hitzarmena. Hala, aurrerantzean, zentro arabatarra Filmategiaren egoitza izango da, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Tabakalerarekin (Donostia) batera. 

Lankidetza berri horren lehen fruitua ‘Euskal emakume zinemagileak I’ zikloa izango da. Honakoa, urriaren 14an abiatuko da eta abendura bitartean bederatzi euskal emakume zinemagileren lanak erakutsiko ditu. Era berean, Elias Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan zikloari keinu egingo dion emanaldi berezi bat antolatu dute azaro amaierarako. 

Euskadiko Filmategiaren programazioak euskal zinemari eskaini ohi dio urteko azken hiruhilekoa. Oraingo honetan, proposatutako zikloak berezitasun nabariak ditu. Proposamena gutxienez hiru urtetan zehar garatuko da, eta beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen talentua agerian jarri nahi du. Hainbat urtetarako izango den zikloarekin bat etorrita, Maria Pilar Rodriguez irakaslea koordinatzen ari den argitalpena aurkeztuko da laster.

Zinemagileen proposamenak

Zikloa osatzeko, zinemagile bakoitzak libreki hautatuko du bere film guztien artean zein erakutsi nahi duen, eta jendaurrean aurkezteko eta publikoarekin eztabaidatzeko gonbita egingo zaio. Lehen denboraldi honetan gure zinemaren aitzindarietako batzuk izango dira protagonista. Hala, honako hauek ikusteko aukera izango da: ‘Urte ilunak’ (Arantxa Lazkano, 1992), Euskal Herriko errepresio frankistarako hurbiltze poetikoa; eta gai berberari lotuta, ‘Denboraren gibelean’ (Mirentxu Purroy, 1993), haurren begiradatik eta euskararen jazarpenetik bideratutako filma.

Beste hiru dokumental oraindik bizirik dauden arazoetara hurbiltzen dira: gerra zibilari eta diktadura frankistari buruzko memoria zinematografikoa ‘Kamarada filmean (Julia Juániz, 2019); indarkeriak tentsioan jarritako Euskal Herri batean emakumeen bakearen aldeko apustu irmoa ‘Mariposas en el hierro filmean (Bertha Gaztelumendi, 2012); edo errefuxiatuen ezbeharra Helena Tabernak filmatutako Europa mesfidati baten atarian (‘Varados, 2019).

Lehen denboraldi honetako eskaintzaren aniztasunaren adibide, hauek izango ditugu ikusgai: Bernardo Atxagaren egokitzapen literarioa, Aizpea Goenaga zuzendariaren eskuetan gatazka politikoaren oihartzunak hartu dituena (‘Zeru horiek, 2005); haurtzaroko lagunen bilera bati buruzko komedia bat (‘Erlauntza, Mireia Gabilondo, 2020); Kolonbiako indarkeriara hurreratze bat Ana Díezen eskutik (‘Todo está oscuro, 1997), eta Maite Ruiz de Austrik zuzendutako haurrentzako animazioa, balioetan hezteko asmoa duena (‘Lucius Dumben berebiziko bidaia, giza eskubideak dira zure tresnarik onena, 2013).

Emanaldi berezia

Amaitzeko, Elias Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan antolatutako emanaldi berezian Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder feministen bi film eskainiko dituzte, frankismoaren aurkako borrokan euskal emakumeek izan zuten protagonismoa ardatz dutenak (‘Les mères espagnoles’ eta ‘La marche des femmes à Hendaye, 1975).