INFO

Ibon Ajuriagojeaskoak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa

Durangoko San Agustin kulturgunean jokatu da asteburuan Bizkaiko bertsolari txapelketako lehen kanporaketa. Beste bost bertsolariei aurre egin ostean, finalaurrekoetarako txartela lortu du Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarrak. 

Ibon Ajuriagojeaskoa gernikarrak lortu zuen puntu gehien lau ariketak osatu ostean. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Bertsozalez bete zen igandean Durangoko San Agustin kulturunea, bertan Bizkaiko Bertsolari txapelketako lehen kanporaketa jokatu baitzen. Sei bertsolari aritu ziren bertan: Ander Elortegi Garatea, Asier Galarza Garai, Beñat Bilbao Landa, Inazio Vidal Gurrutxaga, Iruri Altzerreka Martinez eta Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia. 

Azken honek irabazi zuen kanporaketa lan puntuagarri guztiak egin ostean. 479 puntu lortu zituen gernikarrak. Bere atzetik gelditu ziren Elortegi (477,5), Galarza (451), Altzerreka (433,5), Vidal (421) eta Bilbao (398,5). 

Saioan Leire Garatxena Larrabe izan zen gai-jartzailea. Epaimahaian, berriz, Ainhoa Arregi Elosua, Garazi Mendoza Agirre, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Leire Etxebarria Gaztelu eta Mirari Azula Aurrekoetxea aritu ziren. Idazkaria Itziar Basterretxea Olarreaga izan zen. 

Hala, Ajuriagojeaskoak finalerdietan parte hartu ahal izango du zuzenean. Gainontzekoak puntuazioaren arabera erabakiko dira.

Hurrengo saioa larunbatean izango da Igorreko Lasarte Aretoan, 17.00etan. Bertan kantatuko duten bertsolariak honakoak izango dira: Ander Urcelay Aristi, Garazi Navarro Ugarteburu, Gorka Pagonabarraga Agorria, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Julen Arzanegi Erezuma eta Mikel Goiriena Larrazabal. Gai-jartzailea Beñat Vidal Gurrutxaga izango da.