Katalunia, Bretainia eta Okzitaniako ordezkariek Molac Legea izanen dute mintzagai Baionan
Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak Molac Legeari eta bere ondorioei buruzko jardunaldia antolatu dute Baionan urriaren 22an. Bertan Euskal Herriko eta Estatu frantsesean hizkuntza gutxituak dauzkaten eskualdeetako ordezkariak izanen dira, baita Paul Molac diputatu bretoia ere.
‘Hizkuntzen ondarea babesteari eta sustatzeari buruzko Legea. Antzinera begirakoak’ du izena urriaren 22an Baionan Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak antolatu duten jardunaldiak. Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen zaintzarako bozkatu zen Molac Legea eta bere ondorioak aztertzeko Euskal Herriko eremu ezberdinetako ordezkariekin batera, Estatuan hizkuntza gutxituak dauzkaten Okzitania, Bretainia eta Kataluniako zenbait ordezkari ere izanen dira. Paul Molac bera ere bertan izanen da.
Euskaltzaindiak Baionan duen ordezkaritzan prentsaren aitzinean agertu dira jardunaldiaren bi erakunde antolatzaileetako ordezkariak, asteazken goiz honetan. Euskal Akademiako Sagrario Alemanek eta Euskal Konfederazioko Sebastien Castetek Jagon jardunaldien baitan bi erakundeek elkarrekin antolatu duten egun osoko programa aurkeztu dute.
Alemanek azaldu du Euskaltzaindiak urri honetarako Molac Legeari buruzko jardunaldia antolatzeko asmoa zuela, baina legeari ezarritako errekurtsoari erantzunez Kontseilu Konstituzionalak eman zuen deliberoaren ondotik, legea bera baino horrek sortu dituen ondorioak aztertzeko eguna izanen dela azaldu du.
Castetek esan duenez, egun osoko programaren bitartez «gogoetatzeko parada izanen da, erabakiak eguneroko jardueran zein ondorio dituen aztertzeko». Bide horretan nabarmendu du Kontseilu Konstituzionalak maiatzaren 31n murgiltze eredua antikonstituzionala zela xedatu ondotik, ikasturte honetan inoiz baino klase gehiago ireki direla murgiltze eredua eskaintzen dutenak.
Horretaz guztiaz hausnartzeko, euskal eragileek Congres Permanent de la lenga occitana-ko Administrazio Kontseiluko kidea den Sergi Javaloyes, Ofis Publik Ar Brezhoneg-eko ikerketa eta garapen zuzendari Visant Roue, eta Joan Peytavi i Deixona Perpinyako Unibertsitateko irakaslea eta Institut d’Estudis Catalans-eko kidea izanen dituzte.
Eremu ezberdinetako ordezkariak
Gaiari heltzeko ikuspegi ezberdinak elkartuko dira egun osoko programazioan. Baionako herriko etxean iraganen da jardunaldia, eta Jean-Rene Etchegaray auzapezak eginen du hasiera-ekitaldia 9:15etan. Eta Andres Urrutia Euskaltzainburua, Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidentea eta Luxi Detchart Euskal Konfederazioko zuzendaritzako kidea mintzatuko dira bere ondotik.
Lehen atalean Legearen aitzinera begirakoak aztertuko dira. Lehenik, Paul Molac diputatu bretoiak ‘Legea eta bere helmena. Kontseilu Konstituzionalaren helegitearen ondorengo egoera’ izanen du mintzagai. Bere ondotik Eneritz Zabaleta Zuzenbidean doktoreak ‘Legea eta bere helmena: Bi artikuluren zentsuraren ondoko egoera’ aztertuko du.
Hezkuntza arloko eragileen ikuspegia agertuko da bigarren atalean. Bertan, Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria, Ana Mari Irungaray Euskal Haziak elkarteko kidea, Marie-Andree Ouret Biga Bai elkarteko kidea eta euskarazko aisialdirako elkartea den Uda Lekuko Maddi Bordagaraik parte hartuko dute.
Bazkaldu ondoren, hautetsien ikuspegia emanen da ezagutzera, eta horretarako Max Brisson senataria, Mathieu Berge Euskaldueko kontseilaria eta Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko egungo lehendakaria izanen dira; oroitu behar baita lehen biak erakundeko presidente ere izanak direla.
Euskal Herritik kanpo
Azken atalean eskualde ezberdinetako hizkuntza akademien ikuspegia plazaratuko da. Alemanen gidaritzapean Jakes Sarraillet euskaltzain urgazleak Okzitania, Bretainia eta Kataluniako hizkuntza erakundeetako kideak izenen ditu mintzalagun.
Ondorioen aurkezpena eta agur-hitzak Detchart eta Alemanen eskutik helduko dira, horrekin 16.40ean jardunaldiari bukaera emanez.
Molac Legea eta egungo egoera ere mintzagai izan zuen jardunaldia antolatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak irailean Donostiako uda ikastaroetan. Orduan aritu ziren zenbait parte-hartzaile Baionan izanen badira ere, mahaikide izanen dituzten pertsonek beste ikuspegi bat ekarriko dute.