Behingoan irabazi eta Estudiantes «oilarraren» kalparra etzanda eutsi nahi du IDK Euskotrenek
Euskal taldeetan ibilitako jokalari onak ditu Madrilgo taldeak. Hiru porroten ostean, donostiarrek behingoan aurreneko garaipena nahi dute behar ez den urduritasunik erne ez dadin. Araskik Leganes igo berriaren kantxan jokatuko du.
Endesa Ligak laugarren jardunaldia jokatuko du asteburu honetan. Lointek Gernika Bizkaiak domekan jokatuko du Perfumerias Avenida boteretsuaren kantxan eta bitartean, zapatuan jokatu beharko dute IDK Euskotrnek zein Kutxabank Araskik. Biek ala biek 19.00etan hasiko dituzte beren neurketak.
Josean Gasca kiroldegian Estudiantes «oilarra» izango dute bisitari Azu Muguruzarenek. «Oilarra» agian fitxatu dituen jokalarien mailagatik eta Estudiantesek xahutu duen dirua dela-eta, baina momentuz, hiru jardunaldiren ostean partida bakarra irabazita, kalparra nahikoa etzanda dakar Donostiara.
Alabaina, garaipen bakar hori ere gustora hartuko lukete gipuzkoarrek, aurreneko hiru partidak galdu egin dituztelako. Egia da Valentzia, Perfumerias Avenida eta Gernika ez direla aurkari errazak denboraldiari ekiteko, baina hiruretan kale egin dute donostiarrek, etxetik kanpo jokaturiko neurketetan bereziki. Defentsan sekulako zuloa erakutsi dute orain arte Azu Muguruzarenek eta hori estali ezik, garaipenak oso garesti izango dira; oso garesti, edota auzoan, okerrenera.
Mariam Coulibaly gabe jokatu du orain arte IDK Euskotrenek. Maliko pibotak ezin izan zuen Malosteko derbia jokatu bere herrialdeko federazioak beharrezko «transferra» bidali ez zuelako. Guzak ondo, zapatu arratsaldean prest beharko luke. Hori horrela izanez gero, onerako igarriko dio gipuzkoarren defentsak, uztaipean sekulako aberia jasan baitu orain arte talde donostiarrak bere hiru neurketetan.
Esan bezala, Estudiantes ere ez dago kukurruku askorik jotzeko, Kanaria Handia eta Cadi La Seuren aurka galdu ostean. Beren zorionerako, azken neurketan Teneriferi 70-56 irabazi zieten eta arnas apur bat hartu zuten. Arnas horixe bera hartu nahiko du, bada, IDK Euskotrenek ere.
Euskal taldeetan, Araskin batez ere, eskarmentua duten jokalariak ditu Estudiantesek. Itsaso Conde gasteiztarraz gain, Laura Quevedo, Umi Diallo eta Ekaterina Sotiriou –hau Iruñeako Obenasan aritu zen–, hain zuzen. Horrez gain Arica Carter, Mariona Ortiz, Melissa Gretter eta Leslie Knight azpimarratu behar dira. Alegia, Estudiantes Emakumeen Ligan goian izateko taldea dela, nahiz eta hasiera baldarra izan. Iaz Kopa jokatu zuen eta Ligako play-offetan Gernika oso estu hartu zuen final-laurdenetan, nahiz eta azkenean bizkaitarrek egin aurrera.
«Ziur irabaziko dugula. Garaipen horren beharra dugu eta ziur nago azken astean egin dugun gorakada igarriko dela kantxa barruan», adierazi du asteon Joy Adams hegalekoak.
Beharko, bai, IDK Euskotrenen garaipena behar baino lehen larritzen hasi aurretik.
Araski Leganesen
Bi garaipen poltsikoan dituela, Kutxabank Araskik Innova-TSN Leganes igo berria izango du aurrez aurre Madrilen. Made Urietarenek ez dute joko zoragarririk egin eta tarteka sekulako arazoak izan dituzte puntuak eskuratzeko. Dena den, bi garaipen zakuan sartuta izateak ez dio inolako kalterik egingo talde gasteiztarrari, joko irregularra errazago zuzentzen baita irabaziz gero.
Tanaya Atkinson 16 puntu eta 17 errebote lortzeko kapaz izan zen Campus Prometeren aurkako garaipenean. Dena den, jaurtiketa libreen erdia kale eginda, 14 hirukorik 2 bakarrik saskiratuta eta 16 baloi galduta, zaila da askoz garaipen gehiago lortzea. Benbibreren aurka bezala, sekulako gabeziak erakusten ari da erasoan Araski, neurri handi baten orain arte Maria Asurmendi antolatzailea bere joko puntu onenetik urruti azaldu baita. Antolatzaile nafarrak gora eginez gero, Araskik ere hala egin beharko luke.
Leganesek etxean jokatu duen partida bakarra irabazi du: 80-69 Ferrolen aurka. Etxetik kanp, berriz, nahiz eta Ensino eta Zaragozaren aurka galdu, lanak eman zizkien aurkariei. Maria Jespersen, Marta Hermida eta Ruffin dira orain arte beren erasoko erreferente nagusienak, eta horiek lotzen izango du nahiko lan Araskik, bere erasoko jokoa fintzen duen bitartean.