INFO

Txapeldunari estutu handi bat baina haizea ere eman dio Elordik Katedralean (22-17)

Jokin Altuna 9-1 eta 14-7 aurreratu bada ere, ikaragarri sufritu behar izan du unerik txarrenean hiru akats larri egin dituen mallabitarraren aurka.

Partida handia jokatu arren, Elordik ezin izan du Altunarekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Sakez egindako bi faltak (partida hasieran egindako bestea eta Altunari epaileek ontzat eman diotena ahaztuko zuen amaiera estu horretan) eta, batez ere, 18-17 zirela, dena alde zuela boleaz kanpora botatako sake-errematea denbora luzez iltzatuta egongo dira jardunaldiko ezustekorik handiena emateko zorian izan den Aitor Elordiren buruan. Izan ere, Jokin Altuna txapeldunari sekulako estutua eman ostean, bera izan baita, larrien zegoenean, aurkariari akats hauekin haizea eman diona. Dena dela, halako izar bat horren estu hartuta, ezarria zen lehen helburua erabat bete du bizkaitarrak, onenen artean lekurik baduela berretsi baitu partida handia jokatuta.

Jokin Altunaren kasuan, aldiz, emaitza izango da geratzen zaion kontsolamendurik handiena, nahi eta espero baino askoz gehiago sufritu behar izan baitu lehen puntua eskuratzeko. Batez ere, partida nola jarri zaion ikusita, 37 pilotakadetan 9-1 aurreratuta, beti bereziki zaila izaten den debuteko eguna askoz erosoagoa izango zela zirudien eta. 

Sakeari eta hurrengo pilotakadari zuku asko ateraz, partida oso alde jarri du amezketarrak, berea emateko gai ez zen Elordiren aurka. Katedralean zen giro bikainagatik edo, lotuta aritu da Mallabitik jende asko erakarri duen pilotaria eta lan erditan (11-4 84 pilotakadetan) ezinezkoa zirudien gerora ikusi duguna.

Baina galtzeko beldurrak uxatu balitu bezala, oldarkor aritu da bizkaitarra, defentsan ere aurrera pauso handia eman duela berretsi eta ikaragarri estutu du faboritoa hortik aurrera. 

Sakatzaile aparta da Elordi eta lehen pilotakada bere eskuetan izan duenean, ordura arteko gidoia goitik behera aldatu du, materialaren azkartasunaz kexu agertu den Altuna oso deseroso sentiaraziz. Pilotara jartzeko astirik gabe bezala, gozakaitz aritu da Altuna une askotan –eskuetako arazorik izan duenik erabat ukatu du– eta arerioa gainera nola etorri zaion sumatu du, erantzunik topatu ezinda.

Hala, Elordik 14-10 gerturatzea lortu duenean heldu da Elordiren bigarren sake falta, bi tantora hurbildu denean (15-13) hirugarrena eta partida hemezortzina berdintzeko sekulako aukera alperrik galdu du aukera aukerako pilota batean, sake-errematea kontrakantxako egurretara botata.

Hori bai, Altunak ere ez du oharkabean alde egin nahi izan Astelenatik eta zabal zabaletik botatako bi paretako ikusgarri batekin, harmailetatik txapela bat ere bota diote garai batean bezala, bere garaipenari lustrea eman dion tanto bat sinatu du.

Omenaldia egin diote Aimar Olaizolari Eibarko Astelenan jokatu duen azken partidan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Aimarrek ezin agurrean

Jaialdiko bigarren interes gunea Aimar Olaizolak katedralean jokatutako azken partidan egon da eta goizuetarrak ezin izan du garaipenik eskuratu Eibarren jokatutako 81. partidan. Egun kaxkar xamarra izan duen Albisuk lagunduta, 22-11 galdu dute ostiraleko porrotari buelta eman dion Irribarria eta Rezustaren aurka. Partida hasi aurretik, Asperen eta Astelenako zaleen omenalditxoa jaso ditu Olaizola II.ak.

Dariok bere hautagaitza aurkeztu du

Udan egindako lan bikainaren ostean, Dario Gomez errioxarra Promozio mailako txapela janzteko faborito nagusienetako bat da eta gaur hautagaitza hori sendotu du Larrazabal gazteari 22-11 gailenduta. Saketik hasita, askoz pilotari sendoagoa dela erakutsi du eta ezker gantxoa ere ondo erabiliz, partida erraz antzean atera du aurrera.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a: 22

Elordi: 17

Iraupena: 58,46 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 9-1, 9-4, 11-4, 11-7, 14-7, 14-10, 15-10, 15-13, 18-13, 18-17 eta 22-17. Sakeak: 3 (falta 1) Altuna III.ak eta 4 (3 falta) Elordik. Tantoak: 12 Altuna III.ak eta 7 Elordik. Hutsak: 5 Altuna III.ak eta 5 Elordik. Gorabeherak: Sarrera ona, bete gabe, Eibarko Astelenan. Gorka Altuna izan da Jokin Altunaren botileroa eta Gontzal Urionabarrenetxea Aitor Elordirena.