INFO

Antipodetako ekintzaileen bizipenak, geroa sortzeko irakaspen

EmakumeEkin elkarteak hirugarrenez INNpower Bizkaia jardunaldiak egin ditu. Berrikuntza eta ahalduntzea ardatz dituzte jardunaldiek eta xede dute bi balio horien inguruan lotzea Bizkaiko emakume ekintzaileak munduko beste hiri batekoekin.

INNpower Bizkaia-Auckland hitzaldi sortako hizlari izan zen Robbie Francis Watene. (EMAKUMEEKIN)

Etorkizuna diseinatu, orainari eragin izan da hirugarren INNpower jardunaldien gaia. Aurrekoetan bezala, beraien negozioetan berrikuntza sustatu nahi duten Bizkaiko emakume enpresariak eta ekintzaileak harremanetan jarri dituzte erreferente diren zenbait emakume profesionalekin. Oraingoan, Auckland-era (Zeelanda Berria) egin dute bidaia, nahiz eta tokitik ez mugitu; aurrekoan bezala, online egin baitituzte urriaren 4tik 6ra bitarteko hiru saioak.
Egungo testuinguruan enpresak aurrera eramateko eta iraunkorrago egiteko baliabide eta tresnak emateko ardura izan duten hiru hizlariak Vanessa Jane Smith, Robbie Francis Watene eta Lissy Cole izan dira. Bere ibilbide profesionaletik ateratako irakaspenak partekatu dituzte. Egun bakoitzean aurkezpen bat ikusgai jarri dute, eta horrekin batera, hala nahi izan duten ekintzaileek edota enpresaburuek, bertan jorratutako gaiak lantzeko aukera izan dute Zoom bidez egindako tailerretan.

Lehen saioan, Smithek Berrikuntza eta ahalduntzea hitzaldia eman zuen. Crafting Connection negozioaren buru, lan coach, lidergo sortzaile, hezitzaile, entzule bisual, bideratzaile eta artista gisa lan egiten du. Bere ogibidea dena aurkitu arteko bidea azaldu zuen. Gogoratu zuenez, «horrelakoa da bizitza» moduko esaldien atzeko mugitu ezintasunak eragiten zion ezinegonak bultzada izan zen bere bidean, «zentzumenen bidez» ulertzen baitu mundua.

Etengabeko aldaketan murgilduta dagoen testuinguruan, egiteko modu berriei beharrezko deritze eta horiek garatzeko posible denetik harago joatea ezinbestekoa da. «Dakigunaren eta ez dakigunaren arteko mugan bizi behar dugu, hor dago aldaketa eta sormena». Horretarako, ideia berriei tartea egin behar zaie, erreakzionatzetik erantzutera pasatuz: «Erantzuna zerbait kreatiboagoa da. Entzun eta gelditzeak tartea ematen dio sormenari; erreakzioa akzio bata bestearen atzetik da», azaldu zuen. Halaber, entzuten ikastea nahitaezkotzat jo zuen, alegia,  «unean egotea» eta «epaitu gabe» aditzea.

Asteartean Wateneren txanda  izan zen. Ikerlaria eta The Lucy Fundation nazioarteko enpresa sozialaren sortzailea da. Baztertuen giza eskubideen alde egindako lanean oinarrituta, Gauzak desberdin egin: pasioak helburua aurkitzen duenean aurkezpena atondu zuen.

Watenek hanka ortopediko bat du, Lucy izenekoa, eta berak bezala desgaitasunen bat duten pertsonen inklusioa eta sarbidea defendatzen ditu. Lan hori modu praktikoan jartzeko kafe industrian diharduen aipatu negozioa abiarazi zuen 2017an. Pluma Hidalgon (Mexiko) kafea landatzen dute, tarteko prozesu guztiak burutu ondoren, Aucklanden saltzeko. Balio kate osoan desgaitasuna duten pertsonek lan egiten dute.  Berak bezala jokatzera gonbidatu zituen ikus-entzuleak, galdera bat eginda. «Zein da zure ahulezia eta nola bilakatuko duzu gauzak desberdin egiteko indar?».

Azken hizlaria Lissy Cole chochet diseinatzailea izan zen. Tamaina handiko hiru dimentsiotako instalazioa artistikoak egiten ditu, estetika ausarta eta koloretsua dutenak. Maoria izanagatik jasandako zailtasunak azaldu zituen eta ikasitakotik eratorritako zenbait aholku, besteak beste: anbizioz amets egitea eta jokatzea, prozesuan sinetsi eta intuizioari jaramon egitea, beldurrei aurre egitea, eta akatsei garrantzia ematea.