WSL Challenger Series: Ado eta Ochoa finalerdietan Portugalen
MEO Visla Pro Ericeira txapelketan finalerdietara iritsi ziren Pauline Ado hendaiarra eta Ariane Ochoa bilbotarra. Challenger Series itzuliko bigarren lehiaketan lortutako emaitzari esker, lehen mailara igotzeko aukerak biderkatu zaizkie bi surflariei.
WSLko Challenger Series itzulia gaur bertan amaituko balitz bi euskal herritar izango lirateke lehen mailan lehiatzen datorren urtean. Izan ere, pasa den larunbatean Portugalen amaitu zen MEO Visla Pro Ericeira txapelketan lortutako emaitza onari esker rankingeko lehen postuetan kokatu dira Pauline Ado eta Ariane Ochoa.
Ordea, oraindik beste bi Challenger Series txapelketa falta dira eta gutxienez beste emaitza on bat lortu beharko lukete bi euskal surflariek rankingeko lehen sei postuetan jarraitu eta lehen mailara igo ahal izateko.
Euskal ordezkaritzari dagokionez, zalantzarik gabe neskak izan ziren Portugalen emaitza hoberenak lortu zituztenak. Esan bezala, Pauline Ado eta Ariane Ochoa finalerdietara iritsi ziren eta Garazi Sanchez-Ortun getxotarra, ostera, bigarren errondara ailegatu zen.
Aitzitik, gainontzeko euskal surflariek ez zuten zorte handirik izan. Aritz Aranburu, Ruben Vitoria, Leticia Canales, Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez Etxabarri lehen errondan kaleratuak izan ziren.
Leticia Canales eta Ariane Ochoa elkarrekin lehiatu behar izan ziren lehen txandan eta horrek gauzak zaildu zituen; izan ere, Ochoak aurrera egiteko, besteak beste, bere kidea kaleratu behar izan zuen. Aipatzekoa da baita ere, Ochoa finalera iristeko zorian izan zela, zeren soilik 0,66 puntuko aldeagatik izan zen kaleratua. Pauline Adok, berriz, 0,50 puntuko aldeagatik bakarrik galdu zuen.
Hawaiiarrak nagusi
Hawaiiarrak gailendu ziren Portugalen. Mutilen zein nesken kategorian finalera iritsi ziren lau lehiakideetatik hiru hawaiiarrak baitziren, haien artean txapela eskuratu zuten Luana Silva 17 urteko surflari gaztea eta Ezekiel Lau 27 urteko lehiakide ezaguna.
Olatu ederrak baina zailak izan ziren Ribeira D’Ilhas urautsi mitikoan. Bi eta hiru metro arteko eskuin olatu luzeak izan ziren txapelketak iraun zuen artean, baina olatuak apur bat narrasak ziren eta horrek olatu aukeraketa asko zailtzen zuen. Olatuak etzanak ziren eta olatuak forma hartzen zuen bakoitzean bira indartsuak egiteko baliatzen zuten surflariek.
Portugalgo txapelketan puntuazio altuenak lortu zituen lehiakidea izan zen Ezekiel Lau eta finalean ere hala izan zen. Jackson Backerren kontra gogor aritu zen finalean eta alde handiz garaitu zuen aurkari estatubatuarra (hiru puntu baino gehiagoko aldea).
Honela mintzatu zen irabazlea Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa irabazi ostean: «Banekien txapelketa hau niretzat ona izango zela eta indar guztiak hona begira bideratu nituen, gogor eta luze entrenatu dut hona iristeko eta orain pozarren naiz; lagundu nauten guztiak eskertu nahi ditut».
Portugalen lortutako emaitzari esker mutilen kategoriako bi finalistak lehen mailara igo daitezkeen lehiakideen zerrendan sartu dira; izan ere, Lau 34. postutik CS rankingeko lehen postuan kokatzera pasatu da eta Baker, 65. postutik 7. postura igo da. Edonola ere, oraindik CS itzulia amaitzeko beste bi lehiaketa falta dira eta rankinga goitik behera alda daiteke.
Nesken arteko lehia ere zinez gogorra izan zen. Finalak iraun zituen 30 minutuetan lehia bizia izan zen bi lagunen artean. Silvak 9,80 puntuko olatu batekin hasi zuen txanda. Bryan ez zen kikildu eta 8,83 puntuko olatu batekin erantzun zion eta jarraian 8,30 puntuko beste olatu batekin nagusitu zen. Horrela, Bryan lehen postuan izan zen ia txandaren amaiera arte, baina azken segundoetan Silvak 8,23 puntuko olatu bat egin zuen eta garaipena eskuratu zuen 18.03 punturekin.
«Banekien finala gogorra izango zela Bryanekin, baina olatu onaren zain egon nintzen eta azken unean iritsi zen aukera. Oso pozik nago nire surfa erakutsi ahal izan dudalako», adierazi zuen Luana Silvak Portugalgo txapela irabazi ostean.
Ikuskizuna Hossegorren
Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa Hossegorren izango da, urriaren 16a eta 24a bitartean, baina aurrez, urriaren 13tik 15era Europako Junior Txapelketa ere jokatuko da eta bertan izango dira lehiatzen Euskal Herriko hainbat surflari.
Itsas iragarpenen arabera, olatu txikiak, baina ederrak izan daitezke lehen egunetan, hau da, junior txapelketa egingo den egunetan. Horrela, txandak Hossegor eta Seignosse artean diren urautsietan egingo dituzte eta han izango dira, besteak beste, gaur egun Europako junior rankingean lehen bi postuetan aurkitzen diren Adur Amatriain eta Kai Odriozola gipuzkoarrak.