Urrutikoetxeak mendean hartu du Jaka bi zati erabat desberdin izan dituen partidan
Bizkaitarrak aspaldiko erakustaldirik handiena eman du markagailuan 21-5 aurreratzeko, mota guztietako tantoak eginda, baina lizartzarrak 13 tanto egin ditu segidan eta 21-18 hurbildu da. Azkenean, luzeegi ateratako sake batek eman dio garaipena eta lasaitasuna Mikel Urrutikoetxeari.
Mikel Urrutikoetxeak 22-18 menderatu du Erik Jaka Tolosan, Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxkaren lehen jardunaldia itxi duen partidan. Neurketa arraroa izan da, izan ere, Urrutikoetxea 21-5 aurreratu da markagailuan baina Jaka 21-18raino hurbildu zaio ondoren, bizkaitarrak jada eskuan zuen garaipena zalantzan ipintzera iritsiz.
Paper gainean partida irekia ematen zuen gaurkoak, pronostiko argirik gabekoa. Mikel Urrutikoetxeak oso ongi jokatu zuen final-zortzirenetako kanporaketan Victorren aurka, baina errioxarrak ez zuen bere maila eman. Jakarentzat, aldiz, lehen partida zen gaurkoa, iaz finalean eta 2019an finalerdietan sartu ostean. Eta lehen hiruzpalau tantoak bide horretatik joan dira: piloteo azkarrak, pilotara jartzeko zailtasunak… Eta Erik Jaka 2-3 aurreratu da.
Baina Urrutikoetxeak txokoan oso pilota zail batean punpa-lasterrean egindako tanto ikusgarri batek Zaratamokoaren partzial harrigarri bati hasiera eman dio. Bizkaitarrak 14 tanto egin ditu segidan eta 2-3ko horretatik 16-3ra alde egin du. Aspaldian ikusi ez genuen Urrutikoetxea ikusi dugu kantxa gainean: ongi sakatu, airera erasokor joan eta batez ere asko asmatu.
Mota guztietako tantoak egin ditu: gantxo bikainak oso urrunetik, ormabiko ederrak boleaz, txokoan dejadak… Sakearekin ere asko asmatu du –guztira lau tanto sartu dizkio Jakari lehen jokaldiarekin– eta piloteoan ez du inoiz kantxaren erdigunea galdu, jokoaren erritmoa berak markatuz. Zabalean egindako beste bi erremate ikusgarrirekin 21-5ekoa igoarazi du markagailura, eta azken sakea atera du, neurketa amaitzeko prest.
Baina tanto horretan airez errematatzera joan denean gaizki ipini da pilotara, eta Jakak sakea berreskuratu du. Eta norgehiagokaren kolorea erabat aldatu da bat-batean.
Erik Jaka, partida galdutzat ikusita, asko arriskatzen hasi da, ohikoa duen jokoa egiten, eta ordura arte atera ez zaizkion jokaldi guztiak atera zaizkio. Hasteko, sakearekin askoz gehiago behartu du Urrutikoetxea, eta ondoren lehen pilotakadan errematea bilatu du kale edo bale.
Markagailua apurka-apurka estutzen joan da, eta Urrutikoetxea hasieran nahiko lasai ageri bazen ere, azkenerako nabarmen urduritzen joan da. Tartean pare bat atseden ere eskatu ditu bizkaitarrak, Jakaren jokoa moztu nahian, baina ez zuen jarioa mozterik lortzen. Jon Erasun botileroak behin eta berriz errepikatzen zion Urrutiri lasai egoteko, helduko zela Jakaren hutsen bat, baina azken tanto hori ez zen iristen.
Azkenean, Jaka 21-18 hurbildua zenean eta Urrutikoetxea erabat galduta zegoela ematen zuenean, lizartzarrak luzeegi atera du sakea, markagailura Urrutikoetxearen aldeko 22-18koa igoaraziz. Bizkaitarraren amorru ohiuak ederki erakutsi du, kasik garaipena lortzeak eman dion poza baino gehiago, azken tantoetako sufrimendua amaitzeak eman dion lasaitasuna.
«Orain gutxiko mamuak atera zaizkit berriz ere»
«Oraindik ez naiz lasaitu, ahotsa ere joan zait», onartu du Urrutikoetxeak neurketa amaitu berritan. «Hasieran gustora jokatu dut, baina gero dena okertu zait. Errestoan ez nuen asmatzen, urduri jarri naiz eta orain gutxiko mamuak agertu zaizkit berriz ere. Azken urte eta erdian hori gerratzen zait. Tarteka ongi jokatzen dut, baina une batzuetan partidatik joan egiten naiz», gaineratu du.
Hala ere, sufrimenduak sufrimendu, garaipena beretzat izan da eta datorren larunbatean Joseba Ezkurdiaren aurka jokatuko du Labriten lehen jardunaldiko irabazleen arteko dema. «Azken urteetan Josebaren aurka horrelako partida bat baino gehiago jokatu ditut, eta hori seinale ona da biontzat. Joseba txapeldun handia da, birritan irabazi du txapela, eta ea partida on bat egiten dugun jendea pozik geratzeko».
Erik Jaka, bere aldetik, gertatutakoa ulertu ezinik azaldu da. «Sentsazioa daukat jokatu gabe noala etxera. Lehen erdian nik ongi jokatu ditudan tantoetan ere bera gainetik pasa zait, eta gero alderantziz gertatu da. Haserrea eta amorrua sentitu ditut hasieran, baina jada datorren astelehenekoan pentsatu beharra daukat», esan du Unai Lasoren aurka Tolosan jokatuko duen partidari buruz.
Pilotakadak: 219. Partidaren iraupena: 53 minutu eta 29 segundo. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-3, 16-3, 16-5, 21-5, 21-18 eta 22-18. Sakez: 4 Urrutikoetxeak eta 2 Jakak (falta bat ere bai, azken tantoan). Jokoan eginak: 14 Urrutikoetxeak eta 12 Jakak. Jokoan galdutakoak: 4 Urrutikoetxeak eta 3 Jakak. Gertaerak: Sarrera polita Tolosako Beotibar pilotalekuan. Jon Erasun izan zen Mikel Urrutikoetxearen botileroa eta Iraitz Olaetxea Erik Jakarena. Lehen sakea, urdin.