INFO

Asterixen istorio baten amaitu gabeko gidoia aurkitu dute

Familia-artxiboak arakatzen ari zela egin zuen topo Anne Goscinnyk bere aitak hil aurretik bukatu gabe utzi zuen lanarekin. ‘Asterix zirkuan’ du izenburua eta René Goscinnyren alabak ez du baztertu Asterix sagaren azken komikia osatzea.

Asterix sagaren ale bateko irudia. (SALVAT)

Anne Goscinnyk, Asterix bilduma ezagunaren gidoilariaren alabak, aitak hil aurretik amaitu gabe utzi zuen istorio baten zirriborroa aurkitu du.

«20 orrialde dira, album baten erdia», esan dio Anne Goscinnyk ‘Der Spiegel’ astekari alemaniarrari.

Gidoiak, René Goscinnyk makinaz kopiatua, ‘Asterix zirkuan’ du izenburua eta ‘Asterix belgikarren artean’ lanaren atzetik zen argitaratzekoa. ‘Der Spiegel’ astekariaren arabera, familia-artxiboak arakatzen ari zela aurkitu zuen gidoilariaren alabak Asterix eta Obelix protagonista dituen saga famatuaren azkenengo alea izan behar zuen komikia.

Anne Goscinnyk uste du bere aita hil ondoren albumaren ondorio egoki bat osatzea oso «konplexua» izango litzatekeela. «Pertsona askok eseri beharko lukete mahaia baten bueltan, istorioan murgildu eta bere ahotsa aurkitzeko», dio gidoilariaren alabak. «Goyaren pintura batek hutsune bat balu bezala da».

«Baina egunen batean saiatuko gara, abentura aparta izango litzateke», gehitu du René Goscinnyren lana kudeatzeaz arduratzen den emakumeak.

Galo menderaezinaren sagak ehunka milioi ale saldu zituen munduan. 1959an sortu zuten René Goscinnyk (1926-1977) eta Albert Uderzok (iaz hil zen, 93 urte bete eta gutxira, bihotzeko arazo baten ondorioz).