Laboral Kutxa, Kutxabank eta Bankoa 44 herritan euskara lehenestera konprometitu dira UEMArekin
Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute asteazken honetan UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoak, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera.
Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute asteazken honetan UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoak, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak jakitera eman duenez, erakundeok hizkuntza irizpideak adostu dituzte Uemarekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute.
2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak UEMArekin, eta 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. Orain, bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ABANCA ere gehitu da, hiru finantza erakundeek bulegoak dituzten 44 herrietako udalekin batera.
Udal horietako alkateak eta ordezkariak Bergarako Seminarixoan izan dira asteazken honetan, eta hitzarmena aurkezteko ekitaldia egin dute. Gorka Artola Bergarako alkateak egin die harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei, eta UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du ondoren hitza, sinatutako hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko.
Bertan izan dira, baita ere, Nuria Agirre Unzueta Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendaria, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusia eta Ana Urkiza Bankoa Abancako Euskara Koordinatzailea.
Erakundeen konpromisoak
«Gaur UEMArekin eta 44 udalerri euskaldunekin hitzarmena sinatzen duten hiru finantza erakunde hauek argi dute kalitatearen funtsezko osagaia dela bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Hori bermatzeko neurriak hartu eta berretsi dituzte hitzarmen honetan», agertu du Lazkanok.
Laboral Kutxaren izenean, Nuria Agirrek adierazi duenez, duela 23 urte UEMArekin elkarlanean hasi zirenetik asko aldatu dira erronkak zein bezeroarekiko harremanak, baina kalitateari eusteko ezinbestekoa zaie euskaldunei zerbitzua euskaraz eskaintzea.
Eduardo Ruiz de Gordejuelak gogoratu duenez, «hein handi batean bulegoetako langileon jardunaren araberakoa izango da hitzarmena zer neurritan beteko den. Ezinbestekoa da, beraz, langileok hitzarmenaren berri izatea: jakitea zer asmorekin sinatu den, zergatik, eta zer neurri adostu diren».
Ana Urkiza Bankoa Abancako Euskara Koordinatzaileak adierazi du ordezkatzen duen erakundearentzat «pozgarria» dela hitzarmen honetara batzea: «Guretzako lehenbiziko aldia da eta, beraz, erronka berri baten aurrean aurkitzen gara. 2008. urtetik aurrera, Bankoako bezero guztiei zerbitzua euskaraz eskaintzeko egiten ari garen ahaleginaz gain, orain, hitzarmen honek beste urrats bikoitz bat ematea dakar guretzako. Batetik, finantza sektorea erreferente bilakatzea bezeroarekiko ditugun harremanak euskaraz bideratzen egiten dugun lanagatik eta erreferentzialtasun hori Laboral Kutxarekin eta Kutxabankekin batera partekatzea. Bestetik, bezeroei eurek aukeratzen duten hizkuntzan harremana sustatzeko politikak zehazteaz gain, euskaraz bizi diren herrietako biztanleekin zuzenean euskaraz aritzeko ohitura lantzea».