INFO

Milaka herritar naziengandik salbatu zituen kontsul errebeldea, «Panteão Nacional»ean

Portugaleko Legebiltzarrak harturiko erabakiari jarraituz Aristides de Sousa Mendes «Panteão Nacional» delakoan hilobiratu dute. Kontsul izan zen Bordelen okupazioaren garaian. Hendaian eta Baionan garatu zuen pasaporteak banatzeko ekimenari esker 30.000 herritarrek deportazioa saihestu zuten.

Portugaleko kontsularen omenez Baionan ezarritako plaka. (©T.CHEVAL)

Portugaleko Parlamentuak iaz hartu zuen Aristides de Sousa Mendes kontsul errebeldea «Panteão Nacional» delakoan hilobiratzeko erabakia. Izan ere, pandemia tarteko, aste honetan izan da zeremonia. Baionako Herriko Etxeak lore eskaintza antolatu zuen egun berezia markatzeko.

1940an naziengandik ihes egin zuten milaka herritar babestu izanagatik hartu zuen Portugaleko Parlamentuak Aristides de Souda Mendesi «Panteão Nacional» delakoan tokia emateko erabakia.

De Sousak kontsul gisara jardun zuen Bordelen nazismoaren garaian. Hendaian eta Baionan garatu zuen nazismoaren aurkako lanari esker, 30.000 herritar inguruk deportazioa saihestu zuten.

1966an Shoah oroitzeko memorialak «nazioen artean justua» izendapena eman zion diplomatiko ohiari.

Hilzorian zelarik 1954an bere bilobari hau esan zion Aristides De Sousa Mendesek: «Ez dizuet ezer utziko nire izena izan ezik eta jakin ezazue izen hori garbia dagoela».

Portugaleko diktadorearen aurka

Giza eskubideen aldeko engaiamendu zehatza bezain arriskutsua hartu zuen diplomatikoak.

1939ko azaroan Antonio Oliveira Salazar diktatoreak juduak, aberrigabeak eta ezkerreko militanteak Portugalean sartzea debekatzen zuen agindua eman zuen. Arau horri muzin egin zion 1885. urtean sortu zen Aristides de Sousa Mendesek. Diktadoreak hori jakin zuenean, bere postutik kendu eta prozesua ireki zion kontsulari.

53 urte zituela Bordelen Portugaleko kontsul nagusi izendatu zuten. Bertatik bertara bizi izan zuen 1940ko gerraren aldarrikapena eta hautua egin zuen: eskura zituen tresna guztiekin jardungo zuen nazismoaren aurka. Bisak emateko erabakia hartu zuen De Sousa Mendesek, baita Portugalen gobernatzen zuen diktadurak bere aurkako jazarpen desmartxa jarri ondoren ere.

1940ko ekainaren 20 eta 22 bitartean atsedenik hartu gabe Baionako Pilori karrikako 8. zenbakiaren aitzinean, zehazki Portugaleko kontsulordearen egoitza zenaren atarian, mahaia eta aulkia ezarri zituen eta pasaporteak zigilatzeko prozedura azkarra abian eman zuen.

Hendaiako bidean osatu zuen bere lana, okupazioko agintariek emandako aginduei muzin eginez. Muga aldean gurutzatu zituen errefuxiatu andanari dokumentazioa banatu zion kontsulak.

Baionako Herriko Etxeak, urriaren 19an, bere omenez eginiko ekimenean oroitarazi zuenez, bederatzi egunetan 30.000 pertsona salbatu zituen, horietarik 10.000 juduak zirela. Egun horretan bertan izan zen Portugalen kontsul izandakoa Pantheoian sartzeko zeremonia. 

Salazarrek kargutik kendu, epaiketa egin eta derrigorrezko erretretara zigortu zuen hiru hamarkadaz diplomatiko gisara jardun zuen Aristides de Souda Mendes.

1986an Portugaleko Errepublikak diplomatiko ohiaren izena berreskuratu zuen. Iaz, finean, Parlamentuak De Sousa Mendes «Panteão Nacional» delakoan sartzearen aldeko botoa eman zuen.

Baionako Herriko Etxeak bere «ondare ez material» gisa izandatu zuen kontsul portugaldar ohia. 2012ko abenduaren 10an omenaldi berezia egin zion 1948ko Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpenaren urteurrena kari. Bi urte lehenago, 2010ean, erdiguneko karrika bati bere izena eman zion.