INFO

Nola ikasi euskara zazpi egunetan

Youtubera iritsi berriak diren Ollie eta Sebastianek azken bideoa euskaren ingurukoa egin dute. Informazioa bildu dute eta elkarrizketatzen dituzten pertsonei esker, astebetean euskara ikasteko erronka hartu dute.


Ollie eta Sebastian sare sozialetara iritsi berriak direla esan dezakegu. Bai, behintzat, elkarrekin sortutako proiektuari esker. Duela gutxi zabaldu dute euren Instagram kontua, baita Youtube katea ere.

Gai interesgarriak lantzen dituzte bertan, euren bidaietan aurkitzen dituztenak, edizio bikainarekin. Lehen bideoa, esaterako, Armeniaren ingurukoa da, gerrak utzitako zauriei buruzko gogoeta egiten dute. Ezustekoa izan da azken bideoa Euskal Herriari buruzkoa egin izana. Edo zehatzago, euskarari buruz.

Bi lagunak Poole hirikoak dira (Ingalaterrako hegoaldea) eta eskolan ezagutu ziren 4 urte besterik ez zituztela. 18 urterekin bakoitzak bere bidea egin zuen eta aurten berriro harremanetan jarri eta elkarrekin Youtube katea martxan jartzea erabaki zuten. «Kontatzea beharrezkoak diren istorioak kontatu nahi ditugu, baita leku interesgarrietan bizi diren pertsona interesgarriak ezagutu ere», kontatu digu Olliek.

Euren ama hizkuntza den ingelesaz gaain, Olliek frantsesa, errusiera eta alemaniarra menperatzen ditu, eta Sebastianek, berriz, espainiarra eta italierra. «Euskara da, dudarik gabe, ikasten saiatu garen hizkuntzarik zailena», aitortu du Olliek. Esan duenez, hizkuntzak egunerokotasunean erabiliz ikastea gustatzen zaie, eskoletako metodoei jarraitu baino.

Aurreko bideo batean azaltzen dute hizkuntza bat zazpi egunetan ikasten saiatzeko burutazioa izan dutela, beste daturik eman gabe. Eta zein da hizkuntza hori? Euskara, noski. Bere jatorri ezezaguna azaltzen dute, Europako hizkuntzen grafikoa erakutsiz, frankismoan izan zen galeraren berri ematen dute eta gero azken urteetan izan den gorakada ere argitzen dute. Hortxe dute astebeteko erronka.

Bartzelonako aireportura iritsi dira eta bertatik Bilbora bidaiatu dute bi neska euskaldunekin batera, autoz. Bidean ikusten dugu nolabaiteko erraztasuna dutela hizkuntzak ikasteko. Agian ez dute euskara menperatzea lortuko, baina saiatuko dira behintzat.

Bilbotik Donostiara, Gasteizera, Bergarara eta Eibarrera joan dira. Ahal duten guztietan euskaraz komunikatzen dira, adibidez tabernetan.

Bideoaren azken zatian euskaraz hitz egiten agertzen direnean esaten ari direna euskaldun batek idatzi diela aitortzen dute. Izan ere, azpimarratu nahi dute posible badela astebetean euskaraz hitz eta esaldi batzuk ikastea, baina –edozein– hizkuntza ikasteko hori ez dela nahikoa.

Orain Rumania aldetik daude bidaiatzen, Europako hego-mendebaldeari buruzko bideo sorta bat egin nahi baitute.