INFO

Ia %90ak osatu du txertaketa EAEn, baina 20-29 urte bitartean ez da %80ra iristen

Oso maila altuan dago txertaketa kanpaina EAEn, astelehen honetan gaurkotutako datuen arabera, baina gazteen artean kopuru txikiagoak egiaztatzen dira beste behin ere, 20-29 urte bitartean bereziki.

Txertaketa Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 12 urtetik gorako 1.776.843 hiritarrek osatu dute covid-19 gaitzaren aurkako txertaketa jarraibidea, horretarako beharrezko dosiak jasota, hau da, populazio talde horretakoen %89,8k. Gainera, %90,8k gutxienez dosi bat jaso du, eta %3,0k ez du txertorik hartu kontraindikazioengatik edo uko egin diolako, Lakuako Osasun Sailak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Hain zuzen, EAEko osasun agintaritzak 3.668.820 txerto dosi jaso ditu kanpaina hasi zenetik (2.597.220 Pfizer, 526.100 Moderna, 444.200 AstraZeneca eta 101.300 Janssen), eta 3.377.896 eman dira, hau da, jasotakoen %92,1.

Emandako txerto guztietatik 1.540.354 bigarren dosiak izan dira, eta 236.489 dosi bakarrekoak. Beraz, orotara, EAEko 12 urtetik gorako 1.776.843 hiritarrek osatu dute txertaketa jarraibidea orain arte, hau da, talde horretako biztanleriaren %89,8k.

Oro har, Osasun Sailak astelehen honetan eguneratu duen txertaketa buletinaren arabera, 2.440.409 Pfizer dosi (jasotakoen %94,0), 360.679 Moderna dosi (%68,6), 477.731 AstraZeneca dosi (%107,5) eta 99.077 Janssen dosi (%97,8) eman dira orain arte.

Bestalde, txertoaren dosi bat gutxienez jaso dute EAEko 100 urtetik gorako hiritarren %95,8k, 90-99 urtekoen %93,3k, 80-89 urtekoen %97,2k, 70-79 urtekoen %95,9k, 60-69 urtekoen %94,4k, 50-59 urtekoen %94,8k, 40-49 urtekoen %91,2k, 30-39 urtekoen %83,7k, 20-29 urtekoen %79,7k, 16-19 urtekoen %88,2k eta 12-15 urtekoen %88,1ek.

Nerabeak, gazteak baino gehiago

Jarraibide osoa osatu duten pertsonen tasa %94,7 da 100 urtetik gorakoen artean, eta 90-99 urtekoen artean %93,3. Gainera, 80-89 urtekoen %97,0k, 70-79 urtekoen %95,9k, 60-69 urtekoen %94,4k, 50-59 urtekoen %93,4k, 40-49 urtekoen %90,5ek, 30-39 urtekoen %81,8k, 20-29 urtekoen %77,5ek, 16-19 urtekoen %85,9k eta 12-15 urtekoen %85,7k osatu dute jarrabide osoa.

Azkenik, 90 urtetik gorako 9.953 hiritarrek jaso dute txertoaren hirugarren dosia, hau da, populazio talde horretakoen %31,4k, bai eta 80-89 urtekoen 19.351ek (%16,1), 70-79 urtekoen 4.725ek (%2,3) eta 70 urtetik beherakoen 5.972k (%0,4).