INFO

Modernarekin txertatutakoei hirugarren dosi bat jartzeari argi berdea eman dio EMAk

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) oniritzia eman dio covid-19aren aurka Modernaren txertoa jaso zuten 18 urtetik gorako herritarrei hirugarren dosi bat jartzeari, bigarren injekzioa jaso eta sei eta zortzi hilabete bitartean.

Modernak garatutako txertoa. (Joseph PREZIOSO/AFP)

Moderna enpresa farmazeutiko estatubatuarrak aurkeztu zizkion txostenak aztertu ondoren eman dio Sendagaien Europako Agentziak argi berdea hirugarren dosi bat jartzeari. Izan ere, ondorioztatu dute bigarren txertoa jaso eta sei-zortzi hilabetera hirugarren dosi bat jarrita «helduetan gora egin zuela antiogorputzen mailak», denboraren poderioz behera egin baitzuten.

Errefortzu-dosi horren albo-ondorioak bigarren txertoak eragindakoen antzekoak dira; aldiz, «bihotzeko gaixotasun inflamatorioak» eta beste ondorio kaltegarri batzuk izateko arriskua «kontu handiz kontrolatzen ari dira», EMAren esanetan.

EMAk iritzi hori plazaratu du, osasun publikoko erakundeek Modernarekin indartze-dosi bat erabiltzeari buruzko gomendio ofizialak eman ahal izan ditzaten, eta horrek hainbat faktore hartuko ditu kontuan, hala nola tokian tokiko egoera epidemiologikoa.

Hilabete honetan bigarren aldia da EMAk ARNMren txertoekin sendotze-dosi baten segurtasuna eta eraginkortasuna babesten dituela; izan ere, urriaren hasieran Pfizerren hirugarren dosi bati oniritzia eman zion, 18 urtetik gorako helduen kasuan bigarrena jaso eta sei hilabete geroago gutxienez.

Biztanleria orokorraren indartze-dosia eta immunologia-sistema oso ahulduta duten pertsonen dosi gehigarria desberdinak dira. Bigarren kasu horretan, EMAk gomendatu zuen dosi gehigarri bat ematea, bai Pfizerrekin, bai Modernarekin, bigarren injekzioa jaso eta gutxienez 28 egunera.

Europar Batasuneko (EB) txertaketa-kanpainari buruzko erabakiek herrialde bakoitzaren prerrogatiba izaten jarraitzen dute.