INFO

Imanol Alvarez: «Helburu nagusia txapelketa batetik besterako txip aldaketa izango da»

Bera Berak Elx taldea jasoko du asteazken honetan (19.00etan, Gascan) ligako seigarren jardunaldian. European League txapelketan hirugarren kanporaketara sailkatzeko balentria egin ostean, hankak lurrean izan beharko dituzte donostiarrek azken urteetan hain arerio zaila izan den taldea menderatzeko.

Imanol Alvarez (eskuinean) Paris 92-ren aurkako joaneko neurketa bukatuta zaleen bultzada eskertzen, alboan jokalariak dituela. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Sekulako balentria egin zuen Bera Berak igandean Paris 92 talde indartsua kanporatu ostean. Ez soilik kanporatu izanagatik, baizik eta bere etxean 14-10 markagailua irauli izanak are ikusgarriagoa egin zuen garaipena. 7-16ko partziala egin zuten bigarren zatian, galerak %10era murriztuz –Imanol Alvarezentzat hau izan zen giltzarria–.

«Ez nuen ezer berezirik esan aldagelan –ziurtatu du astearte honetako online prentsaurrekoan–, soilik esan nien bizitzan 10-15 partida berezi jokatuko dituztela eta hura horietariko bat zela». Hala, lehen zatian ondo eginiko gauzak hobeto egin, arerioa urduritu eta amaiera ezin hobea izan zuen Pariseko bidaiak. 

Orain, baina, beste aste konplikatu bati egin beharko diete aurre –asteazkenean Elx jaso eta larunbatean Granollers bisitatuko dute– eta entrenatzaile ermuarrarentzat «beste txapelketa konplikatu batean gaudela ohartaraztea» funtsezkoa izango da, bestela gauzak asko zailduko zaizkielakoan baitago. «Elxen aurkako partida prestatzeko ez daukagu denbora asko –gaur arratsaldea eta bihar goiza– eta helburu nagusia txapelketa batetik besterako txip aldaketa izango da», ziurtatu du. 

Elxek, gainera, azken urteetan inork lortu ez duena egitetik dator: Bera Beran aurkako azken bi neurketak irabaztetik. Egia da biak ala biak partida bateko kanporaketak izan zirela –Kopako finalerdia eta Superkopako finala– eta ligako azken bi neurketak Bera Berak irabazi dituela, baina Imanol Alvarez ez da fio. Ez da fio Lysa Tchaptchet bezalako jokalari indartsua galdu badu ere –Norvegiara joan da–: «Azken neurketetan ez zegoen asko parte-hartzen. Superkopan sekulako partida egin zuen baina gero apalago aritu da. Nolanahi ere, Sempere edo Zhukova bezalako piboteekin adi egon beharko gara, hala nola Nuria Andreu edota Nuria Escribanorekin ere. Lehen lerro oso indartsua daukate», azaldu du. 

Parisen erdietsitako garaipenak «autoestimaren hazkuntzan» sekulako urratsa suposatu duela adierazi du. Era berean, uste du bere taldeak ondo erakutsi zuela egoera zailenetan ere suspertzeko gai dela eta hori horrela, Elxen aurkako neurketa zailduz gero, Pariseko erakutsitako bertsioa azaleratzeko eskatuko dio taldeari. 

Rocamorak gidatutako taldearen defentsa erasotzea «erraza ez dela» jakitun, Parisen erakutsitako borroka eta lan maila horretatik ezin gara jaitsi, hala mendean hartzeko talde oso zaila bilakatzen baikara», nabarmendu du Alvarezek.

Rocasak irabazi egin zuen seigarren jardunaldiko partida Porriñonen aurka eta beraz, partida bat gehiagorekin, bera da txapelketako liderra, Xixoneko La Calzadarekin puntuz berdinduta. Honek suposatzen duen presioaz itaun eginda, Imanol Alvarezek uste du oraindik goiz dela horretaz hitz egiteko, «bidean puntu gehiago galdu baititzakegu, bai guk eta baita edozeinek ere». 

Eli Cesareo pibotearen eta Maddi Aalla atezainaren bajak izango ditu Bera Berak. Katalanak Espainiako selekzioarekin hartu zuen min eta bizkaitarrak, Parisen sekulako neurketa eginda, kanporaketa bukatzeko bost minuturen faltan oina bihurritu zuen geldiketa bat egin ondotik. Lehen esplorazioaren arabera, bihurritu bat dauka baina astearte honetan egingo diote ekografia eta ostiralean beste azterketa sakonago bat. 

Zuazok, Kopako kanporaketa

Donostiarrek atzeratutako ligako partida jokatuko duen bitartean, Zuazok Kopako kanporaketari egin beharko dio aurre. Txapelketako lehen kanporaketa honetan –partida bakarrera jokatuko da– Uneatlantico Pereda talde kantabriarra izango du arerio, etxetik kanpo. 

Kantabriarrek iaz ez zuten lortu maila mantentzea eta beraz, aurten Zilarrezko Mailan lehiatzen daude. Aurrez aurre egon diren bi alditan, bizkaitarrak nagusi izan badira ere (iazko denboraldian, 23-30 eta 28-23), Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzailea ez da fio: «Partida bakarrera jokatzen da txapelketa hau eta ez dago akatsak zuzentzeko denborarik. Guztiak gara jakitun beraien indarguneaz, beti kosta izan zaigu gure jokoa erakustea eta ez da izango erraza, pasa den urteko taldearen bizkarrezurra mantentzen baitute». 

Zuazo, gainera, Ligan ere ez dabil hain fin. Morvedreren aurkako lehia zuzenean ez zuen hutsik egin baina beste partida guztiak galdu ditu, nahiz eta bukaeraraino aukerak izan dituen. Azkena, Xixongo La Calzadaren aurka (29-27). «Identifikatuta dauzkagun akatsak ari gara egiten eta beraz, ez dugu jakin hauek zuzentzen», argitu du prestatzaileak. 

«Partidan zehar hutsuneak izaten ditugu, golak jasotzen ditugu eta gero kosta egiten zaigu egoera iraultzea. Hori saihestu behar dugu», iritzi du "Haito"-k.