INFO

Nikolasa Atxikallenderen bizitzaren pasartea dakar Jimenezek ‘Nikole Bijotzekua’ liburuan

Edorta Jimenez idazleak Nikolasa Atxikallende gogorarazteko liburua aurkeztu du astearte honetan Elkar argitaletxearekin batera. Mundakarrak ‘Nikole Bijotzekua’ izenburua jarri dio idazlanari eta emakume «ahaztua, baztertua eta laidoztatua» izan denaren historia kontatu nahi izan du.

Edorta Jimenez, ‘Nikole Bijotzekua’ liburuaren aurkezpenean. (Maialen ANDRES/FOKU)

Sabino Aranak Nikole esaten zion, Nikole bihotzekoa, eta halakoak gutunetan. Bere argazki ospetsuenetako batean, EAJren fundatzailea aberriaren etorkizunari begira agertzen dela esan ohi da. Baina ustez aberriarekiko zeukan lilura ez zeukan begien aurrean, bere emazteari, Nikolasa Atxikallenderi, begira baitago Aranaren argazki hartan.

Bere irudia ezkutatua izan da, bere historia bezala, orain Edorta Jimenezek ‘Nikole Bijotzekua’ idazteko berreskuratu duena. Haren ustez, «hamaika iruzur eta egia gutxi» esan dira Sabino Aranaren alargunaren bizitzaren inguruan, eta liburu honek, Jimenezek berak abiatutako ikerketa oinarri hartuta, ia duela 150 urte Abiña baserrian jaio zen emakume honen historia «latza» kontatzen du.

Bi aldiz alargun izan zen Nikolasa Atxikallende: lehenengoan Sabino Aranarengatik; bigarrengoan, Sukarrietako Eugenio Alegria Bilbaorengatik. Itsas kapitain hau 1918ko gripeak jota hil zen, eta justu 2020ko martxoko itxialdian hasi zen Jimenez Nikole ikertzen, bazegoelako bi izurrien arteko «lokarri» bat.

Duela 37 urte aipatu zioten lehen aldiz Nikole, Madrilen, Jimenez atxilotu zutenean. «Brigada antiterroristako buruak egin zizkidanak egin ondoren, ausardia izan zuen Sabino Aranaren eta haren alargunari buruz hitz egiteko. Hori lotan egon da nigan, eta Sabino eta Nikoleren ezkontzaren urteurrenean, Joseba Agirrezkuenagak ‘Argia’n argitaratutako gutunak gorde nituen eta pandemia hasita hasi nintzen idazten», azaldu du astearte honetan Donostiako Udal lburutegiko Mandas Dukearen aretoan Xabier Mendiguren ediorearekin batera egindako aurkezpenean.

Idazlearen esanetan, Nikolasa Atxikallende «beste askoren arteko emakume bat izan zen», lau alabetako bat, baserri ingurukoa, Abiñan sortua. «Bere bizitza aldatu zen Sabinorekin ezkontzean, eta baita ere aldatu zen alargundu zenean. Hiru urte egin zituzten ezkondurik», nabarmendu du.

Sabino Aranaren oinordetza hartu zuen eta lur jabea ere bazen. «Gerran izan zuen Sabinorekin ezkondu izanaren ordaina. Ez dut kontatuko zein den. Kartzelan sartu zuten, besteak beste. Gerra amaituta, erbeste latza etorri zen; erbestean ere galdu egin zuten haren arrastoa», gehitu du.

1951n hil zen, eta kanposantuan ez du hilarririk ez izenik. «Hala ere, topatu dut haren hilobia, anonimoa. Bere lehenengo senarraren hilobiaren atzean dago, Sukarrietan bertan», ziurtatu du Jimenezek.

Hala, gaineratu du egileak, 1970ean, Burgosko prozesuaren giroan, zabaldu zen «emakume honi buruzko belzkeria izugarria, hemen kontatuko ez dudana, liburuan kontatu dut, seguraski Sabino Aranaren ideien aurka egitearren, bizimodu pertsonalean eta haren ezaugarri fisikoetan sartuz».

Liburua, horrela, Jimenezen egunerokoa da, eta, tarteka, Nikolasa Atxikallende eta Sabino Aranaren historia, bien arteko maitasun gutunetan oinarrituta. «Nikolek Sabinori egindako gutunak ez dira gorde, baina Sabinok egindakoetatik ateratzen da emakumearen irudia», adierazi du aurkezpenean.

Gainera, liburuak Nikoleri buruzko informazioa ematen duten artxiboetara jo ez duen jende asko interpelatzen duela ziurtatu du idazleak. «Ez dute begiratu noiz jaio zen, norekin ezkondu zen, seme-alabak izan zituen ala ez. Sabinorekin Nikolek bi abortu izan zituen», gaineratu du. 

Beraz, Nikolek ez du ondorengorik, bere ahizpen ondorengoak izan ezik, eta horiekin hitz egin du Jimenezek. Horrekin guztiarekin, bere liburuaren azala osatzen duen argazki mitiko hartatik desagertu zen emakumea nor izan zen jakin nahian sortu du istorio hau.