INFO

Galdakaoko Udalak Aldundiaren esku utzi du Usansoloren desanexiorako prozesua

Galdakaoko Udalak ontzat eman du ostegun honetako bilkuran Usansoloren balizko segregazioak ekarriko lituzkeen eraginei buruzko memoria. Orain, Bizkaiko Aldundira bideratuko da gaia, eta berari dagokio auziari bide ematea.

Desanexioaren alde Usansolon deitutako manifestazioa. (USANSOLO HERRIA)

Galdakaoko Udalak ontzat eman du ostegun honetako bilkuran Usansoloren balizko segregazioak ekarriko lituzkeen eraginei buruzko memoria eta, hortaz, Bizkaiko Aldundiarena izango da aurrerantzean gai honen ardura.

Udalak prentsa ohar batean esplikatu duenez, segregazio prozesuaren ondorioz Usansolo udalerri independiente bihurtzeak ekarriko lituzkeen eraginei buruz Batzorde Mistoak egindako memoriari hiru alegazio aurkeztu zitzaizkion erakusketa publikoa egiterako unean. Horietako bi ontzat eman ditu udalbatzak eta atzera bota du hirugarrena.

Udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemoseko 12 ordezkariek erabakiaren alde bozkatu dute; EAJ eta PSEko 8 kideek kontrako botoa eman dute; eta atxiki gabeko zinegotzia abstenitu egin da.

«Beraz, osoko bilkuraren langa gaindituta, aurrera egin du Usansoloren segregazioaren inguruko auziak, eta ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dago orain gaia», jakinarazi du Udalak.

Joan den larunbatean, urriaren 23an, desanexio eguna ospatu zuten usansolotarrek, horren bidez «desanexio sentimendua itzalita ez dagoela» plazaratzeko.

33 urte daramatzate usansolotarrek Galdakotik desanexioa lortu nahian. Urte luzez erakundeetatik oztopoak jasotzen ibili ostean, legegintzaldi honetan «borondate politikoa» dagoela uste dute Usansolo Herria plataformako kideek.