INFO

G20ak adostutako gutxieneko sozietate-zerga globala berretsi nahi du lehenbailehen ELGAk

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak G20ak adostutako zerga akordioaren berrespen azkarra eskatu du. Izan ere, helburua da aipatutako neurriak datorren urtean indarrean egotea.

G20 taldea osatzen duten estatuen bilera Erroman. (Andreas SOLARO / AFP)

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak larunbat honetan G20 taldea osatzen duten estatuek onartutako zerga akordioaren «berrespen azkarra» eskatu du.

G20ko liderrak Erroman bildu dira asteburu honetan, eta, lau urteko eztabaida gogorraren ondoren, ekonomiaren digitalizazioak eta globalizazioak planteatzen dituzten zerga-erronkei helduko dien sistema bat adostu dute.

ELGAk berak ezarri dituen bi zutabeetan oinarrituko da. Lehenengoak ezartzen du enpresen hondar-mozkinaren bolumena konpainiek jarduten duten herrialdeen artean banatuko dela; eta bigarrenak, berriz, gutxienez %15eko sozietate-tasa ezartzen du gutxienez 750 milioi euroko fakturazioa duten enpresentzat.

Antolakundeak igande honetan adierazi duenez, prest dago akordioa martxan jartzeko eman bihar diren pausuak emateko. Izan ere, helburua da aipatutako neurriak datorren urtean indarrean egotea.

ELGAren idazkari nagusia den Mathias Cormannen esanetan, neurri berriei esker zerga sistema «bidezkoagoa» izango da.  Enpresek araubide fiskal atseginak ez izatea eta jarduten duten herrialdeetan zergarik ez ordaintzea saihestea da akordioa sinatu duten estatuen helburua.

Atzo azaldu zuten arabera, akordioak «zerga-arau bidezkoak, modernoak eta eraginkorrak bermatzen ditu, eta horiek ere funtsezkoak dira inbertsioak eta hazkundea sustatzeko».