INFO

ESNA, «arte eszenikoak garatzeko tresna» bihurtzea xede duen elkartea, jaio da Nafarroan

ESNA (Nafarroa Eszena Enpresa Elkartea) aurkeztu dute astearte honetan Iruñean. Elkarte honen helburua Nafarroan zein beste erkidego batzuetan arte eszenikoen garapena bultzatzea izango litzateke.

ESNA elkartearen aurkezpen ekitaldia, Iruñean. (ESNA)

ESNA (Nafarroa Eszena Enpresa Elkartea) aurkeztu dute astearte honetan Iruñeko Kondestable Civivox aretoan. «Nafarroan zein beste erkidego batzuetan arte eszenikoak garatzeko tresna baliagarria bihurtzea», du helburu.

Elkarteko presidentea den Ana Maestrojuanek erakundearen sortze prozesua azaldu du aurkezpen ekitaldian: «Nafarroako eszenako hainbat kultur eragileren arteko topaketa labur batzuen ondoren sortu zen ESNA, eta bildu beharra ikusi genuen, guztion aterki baten babesean, ilusioz betetako proiektu bat martxan jartzeko. Pandemiagatik atzeratu genuen gaia, baina orain elkartea plazaratzea beharrezkoa dela uste dugu».

Izan ere, elkarteak arte eszenikoen sektorea «indartzea» nahi duela eta bertan diharduten elkarteekin «lan sinergiak» sortzea bilatuko dutela gehitu du Maestrojuanek. Arte eszenikoen alorrean proiektuak eta enplegua sortzeko anbizioa izateaz gain, ESNAk artista eszenikoen lana «ikusarazi» eta eragile ekonomiko gisa indartzeko «zubi» lanak egin nahi ditu.

Elkarteak bere kideei erraztuko dizkien abantailen artean, aholkularitza juridikoa, lan arloan eta jardunbide egokien ezarpenean jasotzea, produkzioak hedatzen eta enpresa bakoitzaren lana ikusarazteko laguntza, tailer eta ikastaroetara doako sarrera eta profesionalen sare bateko kide izatea nabarmentzen dira.

Oraingoz, sei enpresa elkartuk osatzen dute ESNA: Acronica Producciones, Hodei Magoa konpainia, Global Kultur Zerbitzuak, Producciones Maestras, TDiferencia eta Yarleku Antzerkia-Teatro. Hala ere, ESNAren aurkezpen ekitaldian interesa duen edozein eragileri elkartera batzeko gonbidapena egin diote: «Gehiago jakin nahi duten enpresa guztiek pozik erantzungo diegu eta gure proiektua azalduko diegu. Denok gara nafar ehun kulturala, eta banatzen gaituzten baino askoz gauza gehiagok batzen gaituzte».

Datozen ekintzak

Elkartearen ibilbideari ekiteko bi ikastaroren berri eman du Maestrojuanek: «Bi prestakuntza ikastaro bazkideentzat eta parte hartu nahi duten guztientzat. Bata arte eszenikoen ekoizpenari buruzko oinarrizko nozioei buruzkoa izango da, eta bestea INAEMen laguntza deialdietarako proiektuak egiteko moduari buruzkoa, norbaitek deialdi horietarako aurkezpena prestatzen laguntzea behar dugulako».