INFO

‘Erdian erein’ lelopean Tafallako ikastolak hartu du 2022ko Nafarroa Oinez antolatzeko lekukoa

Garces de los Fayos ikastolak hartu dio lekukoa Lizarrakoari eta 2022ko urriaren 16an Nafarroa Oinez jaia antolatuko du, ‘Erdian erein’ lelopean. «Lurra zapaltzea erabaki dugu, oinetakoak lokatzez blaitu arte». Lizarrako ikastolak jakinarazi du 2021ko edizioarekin ez direla helburu ekonomikoak bete.

Lizarra eta Tafallako ikastoletako ordezkariak, gaurko agerraldian. (Iñigo URIZ / FOKU)

Tafallako Garces de los Fayos ikastolak antolatuko du 2022ko Nafarroa oinez, urriaren 16an. Gaur aurkeztu dute erabiliko duten leloa, ‘Erdian erein’. Mezu honekin, euskararen erabilera eta presentzia Nafarroa erdialdean sendotu egin nahi dute. «Gure leloarekin lurra zapaltzea erabaki dugu, oinetakoak lokatzez blaitu arte. Ezkur bat, laranja eta berde artean,. Ezkurrez ezkur erein genuen 2011an oinez basoa. Ezkur txiki horiek zuhaitz bihurtutua ikastola abian jarri genuenan geituen balioak erakusten dizkigute», azaldu du Paula Arregik, ikastolako zuzendariak.

Zentzu horretan «ereiten jarraitzeko» beharra nabarmendu du. Bere alboan izan da Aritz Azkarate, Tafallako ikastolako zuzendaria. «Ikastolak 50 urte bete ditu. Ez da beti erreza izan, baina elkarlanari esker euskara indarrez errotu da gure inguruan. Zortzi familiak jarri zuten abian, jende gutxi eta gogo askorekin altxa zen ikastola», ekarri du gogora.

Egoera, orain, «oso bestelakoa» da. «Haurrak euskalduntzeko orduan, zonaldeko erreferentea gara. Horregatik, erdian erein, Tafallak Nafarroan hartzen duen eremu geografikoa eta betetako mende erdiari ere keinu eginez. «Ereiten jarraitzeko beharra aldarrikatu nahi dugu, gure seme-alabek hazi, ikasi, jolastu eta bizitzako ametsak euskaraz eta berdintasunezko baldintzetan egin ahal ditzaten», adierazi du Azkaratek.

Ikastolak espazio zabalagoak eta berdeguneak behar dituela nabarmendu dute, horrek suposatzen duen inbertsioarekin. Era berean, duela 10 urte antolatu zuten edizioaren ostean, eraikin berri bat altxa zutela ekarri dute gogora eta oraindik ere zor horri aurre egin beharrean direla. Beraz, horra ere bideratuko da euskararen aldeko Nafarroako ikastolen jaia.

Lizarra, «pozik» baina helburu ekonomikoak ezin bete

Gaurko deialdian Lizarrako ikastolako lehendakaria, Unai Gardoki, eta zuzendaria, Joseba Tristan, ere izan dira, urriaren 16 eta 17an antolatu zuten Nafarroa Oinez bereziaren balorazioa egiteko. Tristanek adierazi duenez, «balantze positiboa» egiten dute, baina nabarmendu egin du helburu ekonomikoak ez direla bete. Izan ere, nahiz eta ez dagoen bertaratutakoen kopuru zehatzik, jaia formatu txikian antolatu zen.

Hori dela-eta, elkartasunerako deia egiten jarraitu dute, Nafarroa Oinezen webgunearen edo bizum bitartez ekarpenak egiteko eskatuz. Bestetik, baldintza zail honetan boluntario guztiek egindako lana eskertu nahi izan du Lizarra ikastolako zuzendariak, baita bertaratutakoen jarrera txalotu eta Lizarrako Udalari prestutasuna nabarmendu. «Denon laguntzaz modu duinean erman genuen aurrera hitzordua».

Ikastolako lehendakari den Unai Gardokik inbertitutako «denbora, ahalegina eta dirua» jarri ditu balioan,  «pandemiak eraginda, etengabe aldakorra izan den testuinguru batean». «Gogorra izan da», aitortu du. «Baina ikastolen hezkuntza proiektuarekiko atxikimendu sendoak, euskalduntzearekin jarraitzeko konpromisoak eta etorkizuneko belaunaldieei balio horiek transmititu eta baldintza onenak eskainiko dizkien eskola baten beharrak eta ikastolen izaera kooperatiboak oinez jarraitzera bultzatu gintuen», gehitu du Gardokik.