INFO

Osakidetzak 1.499 lanposturekin EPE bat deituko du abenduan

Lakuako Osasun Sailak 4.352 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an. 185,4 milioi covid-19ari aurre egiteko erabiliko ditu. Helburuetako bat osasun-sistemak funtzionamendu normala berreskuratzea da.

Gotzone Sagardui Osasun saileko aurrekontuen berri ematen. (IREKIA)

Osakidetzak beste Enplegu Publikorako Eskaintza bat deituko du abenduan, 1.499 lanposturekin, 1.470 prozesu irekikoak eta 29 barne-sustapenekoak. Probak 2022ko apirila edo maiatza bitartean egingo dituztela aurreikusten da, Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak Gasteizko Legebiltzarrean aurreratu duenez.

Sailburuak agerraldia egin du zuzentzen duen sailaren aurrekontuei buruzko informazioa emateko. Aurrekontu hori Lakuako Gobernuaren partida handiena da, aurrekontu osoaren herena baino gehiago.

4.352 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an, aurreko ekitaldian baino %4 gehiago (168,1 milioi euro gehiago). Aurrekontu horren helburua izango da «pandemiari aurre egiten jarraitzea, osasun-sistemaren funtzionamendu normala berreskuratzea, azpiegiturak modernizatzea, ikerketaren aldeko apustua egitea eta desberdintasunik gabeko osasuna lortzea, hurbilagoa eta pertsonen zerbitzura egongo dena».

Sagarduik azpimarratu duenez, «pandemiari aurre egiteak lehentasuna izaten jarraituko du», eta horregatik mantentzen da covid-19ari lotutako ekintzetarako aurrekontua (185,4 milioi euro).

Jakinarazi duenez, pertsona bakoitzeko osasun-gastuak gora egin du, 1.984 eurotan kokatuz, iazko 1.902 euroen aldean. Era berean, Osakidetzan egindako inbertsioak «nabarmen» igo dira, 107 milioi eurorekin, aurreko ekitaldian baino %53 gehiago, eta eremu soziosanitariorako partida 35 milioi eurorekin, %13,9ko igoera.

Ikerketaren aldeko apustuak ere gora egin du, 25,2 milioi euro bideratuko baitira horretara (2021ean baino %15 gehiago), baita Osasun Publikora bideratutako partidak ere, 29 milioi euro baititu (%9,7ko igoera).

3.333,3 milioi Osakidetzari

Osasun Sailaren partidarik handiena Osakidetzara bideratzen da, 3.333,3 milioi euro jasotzen baititu osasun-erakundeen eguneroko funtzionamendurako programa-kontratuaren bidez (2021ean baino %3,6 gehiago).

Osakidetzaren aurrekontu osotik, bi heren pertsonal-gastuetara bideratuko dira, eta aurten %2,1 igo da, iazko aurrekontuarekin alderatuta.

Gainera, 107 milioi euro azpiegiturak modernizatzeko eta eguneratzeko inbertsioetara bideratuko dira, hau da, aurreko ekitaldian baino 37 milioi euro gehiago (2021ean baino %53 gehiago).

Lurraldeka, Araban 18 milioi euro inbertituko dira Arabako Unibertsitate Ospitalean eta Arabako Errioxako ESIn jarduerak egiteko. Bizkaiak 24 milioi izango ditu Bilbo-Basurtu ESIetarako, Ezkerraldea-Enkarterri ESIrako, Galdakao-Barrualde ESIrako eta Osasun Mentaleko Sareko Lehen Mailako Arretako Osasun Zentroetarako.

Gipuzkoak, bere aldetik, 22 milioi euro izango ditu Donostia Unibertsitate Ospitalean, Bidasoa ESIko bloke kirurgikoen birmoldaketa zelula-terapiako ekipamenduan eta Urola Garaiko Goierri ESIn inbertsioak egiteko.

Osakidetzako zerbitzu eta azpiegitura komunetara 43 milioi euro bideratuko dira Erradiologia Digitala, ekografia, monitorizazioa, ebakuntza-gelen ekipamendua, informatika eta irisgarritasuna bezalako arloetarako.

Lehen mailako arreta

Sailburuak azpimarratu duenez, Osakidetzaren hazkundearen «zati handi bat» lehen Mailako Arretak eramango du, 20,5 milioiko inbertsioekin. «Apustu zehatz bat dago lehen mailako arreta ematen den espazioetan, baita profesionalen tresnetan ere, eta profesionalak, daukagun aktiborik onena izanik, beren egoera sendotuta ikus dezaketen pertsonak izatea bilatzen da», adierazi du.

Profesional horietako askoren egoera behin-behinekoa dela aitortuz, gogorarazi du bere sailaren ildo estrategikoak aurkeztean urteko EPE bat onartzeko konpromisoa hartu zuela.

Zentzu horretan, abenduan «legez onartzen diren» plaza guztiekin egingo dute EPE deialdia, eta 1.499 plazakoa izatea espero dute (1.470 prozesu irekikoak eta 29 barne-sustapenekoak). Gainera, 1.499 plazen artean, lehentasuna familia-medikuntzan eta pediatrian dagoela adierazi du (322 eta 62 plaza, hurrenez hurren). «Probak datorren urteko apiriletik edo maiatzetik aurrera egin ahal izatea espero dugu», adierazi du. 

Arreta soziosanitarioa

Sagarduik azpimarratu duenez, 2022an arreta soziosanitarioari eskainitako partida 35 milioi eurokoa da. Azaldu duenez, aurrekontu hori onartu berri den 2021-2024 aldirako EAEko Estrategia Soziosanitarioa hedatzeko erabiliko da.

Estrategia horren bidez, asistentzia-eredu berri bat lortu nahi da, komunitatean eta etxean arreta areagotzeko, bai eta buruko nahasmenduen tratamenduarekin lotutako ekintzetarako ere.

Ikerketa eta berrikuntzari dagokionez, Sagarduik adierazi du «funtsezkoak» direla «ezagutza zientifikoa eta teknologia berriak orain arte ezagutu dugun medikuntza aldatzen ari diren mundu honetan».

Horregatik, osasunari buruzko ikerketak «isla zuzena» izango du aurrekontuan, %15,5 haziko baita eta 25,2 milioi eurora iritsiko baita. Osasun-ikerketako institutuak (Bioaraba, Biocruces-Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune) eta BIOEF arduratuko dira EAEko osasun-ikerketako ekintzak hedatzeaz, 3.000 ikerlari inguru biltzen baitituzte, gehienak emakumeak. Azken urte honetan 843 proiektutan parte hartu dute.

ELArentzat ez da nahikoa

ELA sindikatuak salatu du Osasun sailburuak iragarritako 1.499 plazak ez direla nahikoak behin-behineko 24.600 langileentzat. Izan ere, ELAk guzitz deitoratu du Osakidetzan nagusi den langileen behin-behinkotasun tasa, beharginen %58 zehazki.

Ildo berean, iragarritako EPEa ez dela nahikoa nabarmendu du: «Osakidetzak martxan jarriko duen LEPak behin-behinekotasun tasak betikotuko ditu. Behin-behineko milaka eta milaka langile denbora luzez arituko dira hautaketa prozesua prestatzen eta parte hartzen, aldi baterako kontratazio zerrendetan parte hartzeko eta, horrela, aldi baterako kontratuak kateatzen jarraitzeko helburu bakarrarekin; izan ere, eskainitako plaza kopurua ikusita, oso zaila da plaza finko bat lortzea».

Gainera, ELAk mesfidati gogoratu du Osakidetzako azken EPEetako iruzurra, zeina oraindik epaitegietan dagoen, eta, beraz, EPE honetarako zintzotasuna exigitu dio: «Behin-behinekotasunaren aferari aurre egiteko pausoak eman behar ditu, eta, behingoz, aukeraketa prozesu garden eta inpartzial bat bermatu, aukera berdintasuna eta lanpostu publikoaren eskaintza prozesu batek izan behar duen zorroztasunari atxikiz».