INFO

Bilbao Basket, Madrilera sorpresa emateko eta jaitsiera postuetatik alde egiteko asmoarekin

ACB Ligako bigarren sailkatuari bisita egingo dio talde bizkaitarrak igande honetan (20.00). Alex Mumbruren taldea harrobiko bi jokalarirekin abiatu da, Tomeu Rigo eta Alex Galanen lesioengatik.

Real Madrilen aurka gogor eta tinko aritzea eskatu die bere jokalariei Alex Mumbruk. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Jaitsiera postuetatik alde egiteko helburu horretan, Surne Bilbao Basketek ez du igande honetan aurkaririk onena aurrean izango. Gaur egun Europa mailan dagoen talde onenetarikoa den Real Madril izango du aurkari WiZink Centerren (20.00). Pablo Lasok gidatzen duen taldea bigarren sailkatua da, zortzi partidetatik zazpi garaipen lortuta.

Bilbotarrek oso gaizki hasi zuten Liga, lehenengo bost partidak galdu ostean eta iazko egoera zaila eta gogorra burura ekarriz. Baina etxean lortutako bi garaipen jarraiak –Urbas Fuenlabrada eta Hereda San Pablo Burgos– morala altxa zien, nahiz eta horrekin balio ez izan jaitsiera postuak ekiditeko.

Aukera hori izan zuen hurrengo partidan, baina Manresaren aurka galdu zuen Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeak eta 2-6 balantzearekin berdinduta dago Coosur Real Betis azken sailkatuarekin.

Igande honetan irabazteko dagoen zailtasuna kontuan izanda, Mumbruk bere jokalariei eskatu die gogor eta tinko aritzea. Horrez gain, garaipenean sinistu behar dutela azpimarratu zuen entrenatzaileak atarikoan: «Garaipenean konfiantza izan behar duzu, horrela irabaz daiteke Real Madrili. «Irabazteko itxaropenik gabe joatekotan, hobe dugu etxean gelditu».

Bilbao Basket harrobiko bi jokalarirekin abiatu da WiZink Centerrera –Gonzalo Basterrechea eta Elvis Soluchukwu Ude–, Tomeu Rigo eta Alex Galanek arazoak baitituzte –Alex Reyes deialdian sartu da azkenean–. Egia da bi jokalari hauek ez direla Mumbruren gakoak. Reyes bakarrik sartzen da hamar jokalarien errotazioan; eta beste biek oso minutu gutxi izan dituzte orain arte. Hala ere, lehen taldeko jokalari guztiak prest izatea beti izaten da positibo.

Bi taldeen arteko partidak kontuan izanda, estatistika ez da oso txarra Bilbao Basketentzat. Duela hamar urte, beltzez jantzitako gizonen momenturik onenean, talde zuriaren mamu beltzak izan ziren bizkaitarrak. ACBn elkarren kontra jokatu dituzten 35 partidetatik, eta kontuan izanda Real Madrilek duen maila, bilbotarrek bederatzi irabazi dituzte –lautik bat gutxi gorabehera; ez da zifra txarra–.

Hala ere, azken hamar partidetatik, bakarrean gailendu da Bilbao Basket, duela bi urte Miribillan. 82-81 irabazi zioten Real Madrili, Alex Bouteille (22 puntu, 6 errebote eta 24ko balorazioa), Jaylon Brown (21) eta Ondrej Balvin (16 errebote eta 3 tapoi) jokalarien partida onekin. Beste aldean, Sergio Llull (24 puntu), Edy Tavares (13 errebote eta 24 puntu) eta Jaycee Carroll (20) jokalariek estatistika bikaina lortu zuten., baina ez zen nahikoa izan irabazteko.