Errigoraren ekarpenekin euskarazko 18 ludoteka ireki ditu Agerraldiak beste hainbat herritan
Nafarroa hegoalde eta erdialdeko 18 herritan ludotekak jarri ditu martxan Errigorak, Agerraldia kanpainaren bidez. Dagoeneko 280 haur baino gehiagok eman dute izena.
Agerraldiak 18 ludoteka ireki ditu Ager vasconumeko 18 herri ezberdinetan. Gaur Tafallan Ene Kantak, Tafallako ikastolako eta sare publikoko D ereduetako ikasleekin batera jai giroan egindako agerraldian aurkeztu dute egitasmoa.
«Horretara etorri da Agerraldia. Nafarroa hegoalde eta erdialdean euskara plazara ateratzeko ahaleginari bultzada ematera», azaldu du Errigorako kide Ibai Sueskunek. «Euskararen ezagutza bultzatzea, erabilera sustatzea, bizitzaren eremu guztietan euskararentzat espazio berriak irabazteko ekintza praktikoak babestu, sustatu eta antolatzea eta euskararekiko jarrera baikorrak indartzea» ditu helburu Agerraldiaren kanpainak.
Eta bide horretan kokatzen dira agenda zabal baten baitan kokatzen dituen ludotekak. «Eskolako hormetatik harago, aisialdian ere euskaraz aritzeko espazioak behar baitituzte gure haurrek. Espazioak behar baititu, finean, euskarak, hala aisialdian nola eskaintza kulturalean, kirol-jardueretan, lan-munduan, erakundeen esparruan edo hezkuntzaren eremuan», nabarmendu du
Iaz 13 herritan egin zuen eskaintza eta aurten 18ra hedatu da. Abartzutzan, Allon, Andosillan, Antzinen, Azkoienen, Erriberrin, Garinoainen, Kaparrotsun, Kastejonen, Oteizan, Sartagudan, Sesman, Vianan, Irunberrin, Lodosan, Mendigorrian, San Martin Unxen eta Tafallan bertan. Herri batzuetan talde bakarra izango da; beste hainbatetan bi aterako dira. Matrikulazioa ez dute itxita, baina dagoeneko 280 haur baino gehiagok eman dute izena.
Caparrosoko guraso den Iosu Diezek horrelako ekimenen beharra jarri du balioan. O«so zaila da gure herrian euskarazko aisialdia lortzea. Gustatuko litzaiguke hau bezalako ekimenak eta beste batzuk, euskara bultzatzeko etor daitezkeenak, egunerokoan, gero eta normalizatuagoan zabaltzea eta eremu honetan ere finkatzea euskara».
Sortzeneko Marta Diezek, ludoteken antolatzaileetako batek, jolasteka horien funtzioa azpimarratu du. «Ager zonaldeko haurrak bere herrian bertan, eta eskolako eremuz kanpo jolastu, bizi eta erlazionatzeko erabiliko dituzten guneak sortzea izan da. Euskara ez da ikasteko hizkuntza soilik, Ager zonaldeko aisialdian euskara bermatzea eta zaintzea da Agerraldiaren lehentasuna eta helburu horrengan jarri dugu gure gogoa, kemena eta indarra».
Guzti hau herri bakoitzeko gurasoekin batera elkarlanean antolatu da eta herri bakoitzean bertako beharretara egokituko da. Batzuetan astero izanen dira saioak eta besteetan bi astetan behin.
Ekimen hauek Errigoraren ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpainak ematen duen diru-ekarpenaren bidez ordaintzen da eta azaroaren 11a arte eskatu daitezke sariak.