INFO

Oier Oari lurralde debekua kentzeko eskaerari abenduaren 6an erantzunen dio Parisek

Oier Oak auzia izan du astelehen arratsaldean Parisko Dei Auzitegian. Epaitegiak zigorrari loturiko lurralde debekua bertan behera uzteko donostiarraren defentsak aurkezturiko eskaria aztertu du. Fiskalak kontrako jarrera azaldu du. Abenduaren 6an jakinaraziko du epaitegiak bere erabakia.

Oier Oaren aurkako auziaren egunean elkartasun lasterketa egon dute Etxepare lizeoko ikasleek eta lankideek. (Guillaume FAUVEAU)

Iazko azaroaren 25ean Hiriburun atzeman zuten Oier Oa. Geroztik 2015ean kartzelatik atera zenean Larresoron errotuta dagoen preso ohi donostiarra bere familiarengandik urrunduta bizitzera behartua izan da, zigorrari loturiko lurralde debekua dela-eta.

Bere defentsak debeku hori bertan behera uzteko aurkezturiko helegitea aztertu du gaur astelehenean arratsaldean Parisko Dei Auzitegiak.

Amaia Rekarte abokatuak NAIZi azaldu dioenez, saioan azpimarratu du lurralde debekuak Oaren familiarengan dituen «neurriz kanpoko ondorio kaltegarriak».

Era berean, egungo testuinguru sozial eta politikoan ezin dela orden publikoaren irizpideari jarraituz horiek bezalako zigorrak ezarri gehitu du abokatuak.

Hala eta guztiz ere abokatu orokorra (fiskala) bere galdera errefusatzearen alde azaldu da. Gauzak horrela, bere erabakia heldu den abenduaren 6an jakinaraziko du epaitegiak.

Gaurko auziak duen garrantziaz jabeturik, hainbat elkartasun ekimen antolatu dituzte bai Baionan bai Larresoron azkeneko egunotan Oaren egoera behingoz konpon dezatela eskatzeko.

Larresoron bertan elkarretaratze jendetsua egin zuten joan zen ostiralean. Horren ondotik herriko frontoian euskal preso ohiaren auzia jorratzen duen "Zigor bat gehiago" dokumentala ikusteko parada ukan zuten bertaratu ziren hamarnaka lagunek.

Gaur 20.00tik landa "Zigor bat gehiago" dokumentala ikusgai da Kanaldude telebistaren webean.

Gaur goizean, bestalde, Oa atzeman zuten tokitik bertatik korrika egin dute Etxepare lizeoko ikaslek eta lankideek.

Hala, Hiriburuko Aturri kolegiotik gertu dagoen biribilgunetik abiatu da lasterketa 11.30ak aldera eta handik atxilotu zuten egunean Oak ezin izan zuen 7 kilometrotako ibilbidea osatu dute Oier lizeoan bueltan nahi dutela adierazteko.

Ibilbide judiziala

Oier Oa 2012ko otsailaren 24ean atxilotu zuen lehen aldiz frantziar Poliziak Angelun. Lau urteko espetxe zigorra beste ostean aske geratu zen 2015eko apirilaren 4ean, baina Paris inguruan dagoen Saint-Germain-en-Laye herrian konfinatu zuten.

Urte bereko ekainaren 17an berriz atxilotu eta erretentzio zentro batean atxiki zuten uztailaren 3a arte. Egun horretan Madrilgo Barajas aireportura eraman zuten eta aske geratu zen. Ordutik Larresoron bizi da familiarekin Donostiako preso eta iheslari ohia.

Urte guzti hauetan behin baino gehiagotan saiatu da Oa bere egoera erregularizatzen. Emazte eta hiru semeekin familia osatzearekin batera Seaskak Baionan duen Etxepare lizeoan hezitzaile bezala lan egiten du preso ohiak.

Iazko azaroaren 25ean atxilotu zuten arte bizitza guztiz arrunta zeraman Oa Lapurdin. Egun horretan frantses Poliziak Hiriburun ezarritako kontrol batean atzeman zuen.

Biharamunean aske utzi bazuten ere bere aurka lurralde debekua zenez Lapurditik kanpo bizitzera behartua izan zen 2021ko martxoaren 26an Baionako auzitegian deituriko audientziaren zain.

Jerome Bourrier prokuradoreak akordio proposamena jakinarazi zion: lau hilabeteko kartzela zigorra bete beharrik gabe. Oak ez zuen proposamena onartu. Horrendako handik gutxitara jakinarazi zioten iraularen 17an auziari egin beharko ziola aurre.

Bere abokatuak auzia gibelatzea eskatu zuen, hain zuzen azaroan 8an Parisen iragan den auzi saioa aipatuz. Prokuradoreak galdera ontzat eman ondoren 2022ko otsailaren 15an hitzordu berria izanen du preso ohiak Baionako auzitegian.

Horren aurretik Pariseko Dei Epaitegiak lurralde debekua kentzeko eskaerari buruz duen iritzia jakinen da. Abenduaren 6an jakinaraziko baitu auzitegiak bere erabakia.