«Le temps presse, Ion, Jakes eta Unai gurekin» lelopean mobilizazioa, U8an, Baionan
Bake Bideak gaur jakitera eman duenez «Le temps presse, Ion, Jakes eta Unai gurekin» izanen da heldu den urtarrilaren 8an Baionan iraganen den manifestazioaren leloa. «Ekimen eta mobilizazio determinatuak burutuko ditugu hortik landa» iragarri du elkarteak, gizartearen sostengu anitza galdetuz.
Bake Bideak ohar baten bidez gaur asteartean jakitera eman duenez, heldu den urtarrilaren 8an «Le temps presse, Ion, Jakes eta Unai gurekin» lelopean manifesazioa izanen da Baionan.
Arratsaldeko 15.00tan abiatuko da «bake prozesuan etapa berri batetara pasatzeko garaia dela» agerian uzteko xede izanen duen martxak.
Bilbon Sarek antolaturiko martxaren egun berean Lapurdiko hiriburuaren gaindi ibiliko del mobilizazioari buruz xehetasun gehiago emanen ditu elkarteak heldu den azaroaren 24an.
Edonola ere manifestazio hori mugarri gisara ezaugarritzen duela aurreratu du Bake Bideak. Hala manifestazio hori «fase berri baten abiapuntua izanen dela» adierazi du elkarteak.
«Ekimen eta mobilizazio determinatuak burutuko ditugu hortik landa, eta beste behin ere euskal jendartearen sustenguaren beharra izanen dugu» azaldu du Bake Bideak.
Presoen auzia behingoz konpontzeko babesa bizkortzeko unea dela uste du Bake Bideak. Horrendako bai urtarrilaren 8ko martxari begira baita horren ondotik zabalduko den etapa berriak finkatuko dituen erronkei aurre egiteko gizartearen sostengu anitzak duen garrantzia jarri du mahaigainean.
2022. urtea berezia da frantziar Estatuan. Heldu den apirilean frantziar Presidentetzarako hauteskundeak izanen dira. Handik hilabete batera, ordea, frantses Legebiltzarra berritzeko bozak izanen dira.