INFO

‘Bideak Zabalduz’ aurkeztu dute elkarteek egindako gizarteratze lana ikustarazi eta bultzatzeko

Gipuzkoako gizarte integratzaileen eta gizarte eta kultura animatzaileen elkarteek hainbat laburmetrai eta ikus-entzunezko lan ekoiztu dituzte, ‘Bideak Zabalduz’ proiektuaren baitan, haien beharrak eta urtean zehar egindako lana erakusteko.

‘Bideak Zabalduz’ proiektuaren aurkezpen ekitaldiko talde argazkia, Donostian. (DONOSTIAKO UDALA)

Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak (GPGE), Gipuzkoako Esklerosi Multiplearen Elkarteak (ADEMGI) eta Gipuzkoako gizarte integratzaile eta gizarte eta kultura animatzaileen elkarteak (AGISAS) ‘Bideak Zabalduz’ proiektua aurkeztu dute asteazken honetan Donostian. Proiektu honen xedea gipuzkoar hiriburuan lan egiten duten elkarteen gizarteratze lana bultzatzea. Horretarako, ikus-entzunezko lanak prestatu dituzte haien bidez elkarteen beharrak plazaratzeko.

Proiektuaren aurkezpen gala ostiral honetan, azaroaren 12an, Donostiako Printzipal Antzokian izango den arren, proiektuak hainbat urten daramatza martxan. Izan ere, elkarteek azken urteetan zehar grabatu dituzte ikus-entzunezko laburmetraiak. Konkretuki, mezuan eta gidoigintzan egin dute lan, horrekin batera hainbat ekintza eginez, bai elkartearen eta bai pertsonen heziketa eta gizarteratze prozesua bultzatzeko.

‘Bideak Zabalduz’ proiektuak barnebiltzen dituen lanei dagokienez, GPGE-ek bi laburmetrai egin ditu: ‘Elkartearen erreportaia’ eta ‘El wifi’ deiturikoak. ADEMGI-k, bere aldetik, beste film labur bat egin du: ‘Reset’. AGISAS elkarteak, berak bultzatutako genero berdintasuneko ekintzen baitan, beste laburmetrai bat osatu du: ‘Birusaren arriskua’. Azken laburmetrai honek, genero indarkeriaren inguruan hausnartzen du.

Grabazioetan eragile desberdinek hartu dute parte eta laburmetraien edizioan euskarazko azpitituluak eta gorrentzako keinuen hizkuntza txertatu dituzte. Honetaz gain, eragile desberdinek birusak nola eragin dien plazaratuko dute eta larrialdi sozialen inguruko laburmetrai bat proiektatuko dute.

Gainera, galan zehar ekitaldi desberdinak egongo dira eta bertan Naizenek, Les Figuretesek, Orereta ikastolak eta Alazne Etxeberria eta Peio Arnaez aktoreek hartu dute parte. Gala aurkezteko ardura, ostera, Oskar Terol eta Aloña Velasco aktoreek izango dute. Izan ere, bi aktore hauek elkarte ezberdinetako kideak eta boluntarioak dira.