INFO

«Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde», martxak Hego Euskal Herrian, abenduaren 1ean

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, CGT eta CNT sindikatuek ‘Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza’ lelopean mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburu eta eskualdeetan abenduaren 1erako.

‘Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde’ mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek. (ELA)

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, CGT eta CNT sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte abenduaren lehenerako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. ‘Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza’ lelopean aterako dira kalera.

«Garrantzi handiko unea dugu hau. Europar funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira, eta hori inola ere ezin dugu onartu. Hasieratik argi geratu zen funtsen truke galdegingo zizkigutela doikuntza sozialeko neurriak eta austeritatezko aurrekontu-politikak», adierazi dute gaurko agerraldian.

Horien baitan hartuko dituzten erabakiek «etorkizuneko gure bizi eta lan baldintzak» zehaztuko dituztela nabarmendu dute. Horren aurrean, «lan erreforma eta pentsioen erreforma ezinbesteko baldintza dira beltzez jantzitako gizon berriek argi berdea eman diezaioten espainiar Estaturako funtsen transferentziaren bigarren zatiari», gehitu dute. «Ez batean, ez bestean, inongo kasutan ez zaio erantzunik ematen Euskal Herriko mugimendu sindikal eta sozialen eskariei».

Pentsioen erreformarako lege proiektuan «aurreko urteetan ezarritako murrizketak ez direla indargabetuko» adierazi dute, eta «pentsio sistema publikoa ere ez da sendotuko». Era berean, «ez dirudi Euskal Herrian gure lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik, edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak, esaterako kaleratzeko erraztasuna». Horiek baldintzatzeko ere deitu dute abenduaren 1eko mobilizazioa.

Hego Euskal Herriko erakundeei ere zuzendu zaizkie. «Ez dute ezer jakin nahi ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukeraz, esaterako, osasun, hezkuntza edo zaintza sistema publikoari dagokionez, edo premiazko erreforma fiskalari ekiteaz, zeinak zeharo gehituko dituen enpresa eta kapitalerrentek ordaintzen dituzten zergak, batik bat enpresen etekinek, ondareak eta fortuna handiek. Confebaskek eta CENek erabakitzen dituzte politika hauek», salatu dute.

Osasun krisiak eta honek «agerian» utzitako «sistema autonomiko hauskorra» ere izan dute hizpide. «Nahi duenean, Estatuak bere irizpideak inposatzeko ahalmena du. Deialdi hau bultzatzen dugun sindikatuok beharrezko deritzogu bat egiteari, esaterako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako azaroaren 13ko mobilizazioak babestuz».

Honela, abenduaren 1eko goizean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo dira mobilizazioak eta arratsaldean eskualdeetan.