INFO

Gipuzkoako erresidentzietako grebalariak Aldundian sartu eta bilera eskatu diote Peñari

Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek beste greba egun bat egin dute eta Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dira orain arteko bilera eskaerek jasotako ezezkoak salatzeko. Aldundiaren egoitzan sartu eta bilera bat exijitu diote Maite Peña diputatuari.

This browser does not support the video element.


Gipuzkoako zahar etxeetako zenbait langile Gipuzkoako Foru Aldundira sartu dira beren 254. greba egunean erakunde publikoaren «negoziatzeko borondaterik eza» salatzeko. Barrura sartzea lortu duten langileek bilera bat eskatu diote Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peñari, bere idazkariaren bitartez.

Gogoratu dutenez, ELAk, LABek eta Gipuzkoako Senideak elkarteak Aldundiari bilera bat eskatu zioten Peñari duela hiru aste eta, gaur salatu dutenez, oraindik ez dute erantzunik jaso.

ELAk Aldundiari exijitu dio «behingoz, bere gain har dezala gatazkan duen erantzukizuna, eta hitz egin dezala egoitzetako langileek pairatzen dituzten lan baldintza prekarioez, lan-karga handiez eta langile faltaz, 3 urtetik gorako grebari amaiera emateko eta zerbitzu duin eta kalitatezkoa emateko».

«Hain zuzen ere, Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñarekin bildu nahi dugu, helduen egoitzetako langileen eta bertako egoiliarren egoera jasanezina baita. Premiazkoa da gatazkari konponbide bat ematea, premiazkoa da lan baldintza eta zerbitzu duina bermatuko dituen hitzarmen bat adostea. Gatazka honen oinarria zerbitzu publikoen pribatizazioa eta lan feminizatuen errekonozimendu sozial eta ekonomiko eza direla salatu dugu gaurkoan ere. Diru publikoz finantzatutako enpresak aberasten ari dira menpeko helduen eskubideen eta langileen esplotazioaren kontura, eta egoera hau onartezina da. Zaintza lanak aitortu eta duindu behar dira», adierazi du LAB sindikatuak.