INFO

Agur, Valentinoren zine-aretoa

Italiako pilotua asteburu honetan erretiratuko da, mende laurdena moto gainean eman ostean. Pertsonaia erraldoia izan da Valentino Rossi –bai zirkuituan baina baita hortik at ere–. Ea motoziklismoa nolakoa izango den hemendik aurrera, bere ikur handiena gabe. 

Valentino, Valentziako zirkuituko entrenamendu libreetan. (Jose JORDAN/AFP)

Azken 50 urteetan kirolari bat bera ere ez da hain nagusi izan Valentino Rossi motoziklismoan izan den legez. "Kristo aurretik" eta "Kriston ondoren" moduan, Il Dottore-k inflexio puntu bat jarri du Moto GPn. Igande honetan, Valentino bere azken Sari Nagusian lehiatuko da, Valentzian. 

Rossi Italiako abizenik erabilitakoena da. Rossi bat berezia bihurtzen bada, horrek esan nahi du oso oso gauza bitxiak egin dituela. Hartu Paolo Rossi futbolaria adibidez: bere golei ezker Azzurri selekzioak 1982ko Munduko Kopa irabazi zuen. Antonio Rossi ere, hiru aldiz txapeldun olinpikoa piraguismoan, oso garrantsitsua izan zen. 

Baina Valentinok egin duenak ez du zerikusirik. Guztiz hankaz gora jarri zuen motoziklismoa, izan emaitzak baina baita jarrera aldetik ere. Azken mende laurdenean zehar –1996tik aurrera, alegia– munduko aurpegirik ezagunenetariko bat izan da. 

Rossi aurretik motoziklismoa nahiko ezkutatua zegoen, ez zen hain ezaguna, bere «sarea» zeukan, Valentinok salatu zuen bezala. Bat Formula, aldiz, askoz famatuagoa zen, xarma gehiago baitzuen.

Zaleak bai, bazeuden, bi-gurpileko planetan, baina apur bat hippy-ak ziruditen: ile luzea, jende ausarta eta, nolabait, harroputza. Benetako izarrak Bat Formulakoak ziren: Niky Lauda, James Hunt, Jackie Stewart edota Emerson Fittipaldi. 

Nahikoa da azpimarratzea Bat Formularen inguruko zenbat film egin zituzten, eta zenbat motoziklismoari buruzkoak: ezin da alderatu, Bat Formulak errez irabazten baitu. Iruditegi kolektiboan Bat Formula beste maila batean dago. 

Askotan, horrez gain, bi gurpileko txapeldunak oso urrunetik etortzen ziren, adibidez AEBetatik edo Australiatik. Europako bihotzetik, aldiz, gutxiago; Espainiako batzuk (Nieto) eta baita Italiakoaren bat ere (Giacomo Agostini, oraindik ere titulu gehien, 15, irabazi zuena). 

Onenak apur bat hotzak ziren, baina haien azpian friki asko egoten ziren, Graziano Rossi Valentinoren aita esate baterako: tipo hori Sari Nagusietara oilasko batekin joaten zen. Oso gutxi irabazten zuen Grazianok, neskak nahiago baitzituen, baina sekulako pertsonaia zen, Adriatikoko bere kuadrilarekin, Franco Uncini eta Marco Lucchinellirekin batera. 

Bai, Itsaso Adriatikoaren itsasertzean dago lekurik ospetsuenetako bat, Misanoko Zirkuitoa, hain zuzen ere. Eta Romagnakoak izan dira motoziklismoko hamaika pilotu: Loris Capirossi, Marco Melandri, Manuel Poggiali, Andrea Dovizioso eta Marco Simoncelli. Eta ahaztu gabe, nola ez, Valentino Rossi. 

Valentino beti goiztiarra izan zen. Lau urterekin moto txikiekin dagoeneko oso ondo ibiltzen zen, Graziano uneoro bere alboan zuela. 90. hamarkadan Mick Doohan australiarra eta Max Biaggi italiarra ziren, batez ere, motoziklismoaren liderrak: Rossi askoz gazteagoa zen eta ez zeukan beldurrik. Poliki-poliki, 125ean eta gero 250ean, hobeto moldatzen hasi zen. 

Valentinok bere herriko kuadrila Sari Nagusietara eramaten hasi zen. Mundu zaratatsu eta koloretsu bat, horia batez ere. Bere lagun istoriko bat, Alessio “Uccio” Salucci Rossiren prentsa-arduraduna bihurtu zen. Sangiovese ardo botila bat edota piadina bat falta zitzaizkion kuadrilari Tavullia jaioterriako taberna baten antzera egoteko. Denak 46 zenbakiaren zaleak, Valentinorenak, alegia. 

“Rossifumi” izan zen bere lehen ezizena, Norifumi Abe Japoniako pilotua asko maite zuelako Tavulliakoak. Garaipen batetik bestera, txapelketaz txapelketa, Valentino “Il Dottore” bihurtuko zen, inoiz akatsik egiten ez zuelako. 

Valentino zaleak Valentziako zirkuituan. (Jose JORDAN/AFP)

Lotsarik gabe, aurkarien kontra joaten zen eta menderatzen zituen. Max Biaggik, adibidez, tronua galdu zuen ia konturatu gabe. Benetako jainkoa zen, Italian, baina beste estilo bat erabiltzen zuen: Erromakoa lasaiagoa zen eta zirkuitotik kanpo oso irudi lasaia ematen zuen. 

Dena den, gazte berri horren kontra ezin zuen eta urduri jartzen zen. Ahaztezina da 2001eko Montmeloko Sari Nagusia eta geroko zalaparta: Rossi irabazle, Biaggi bigarrena eta podiumera igo aurretik sekulako istilua euren artean, ukabilkadak emanaz. “Evidentemente gli tira il culo arrivare dietro tutte le domeniche” ("Badirudi sufritzen duela igandero nire atzetik helmugara iristeagatik", euskaraz), aipatu zuen behin Valentinok, Biaggiri begira, elkarrizketa batean. 

Lotsagabeko plaza-gizona eta 9 aldiz munduko txapelduna. 

Arrakastaren osagaiak

Bai, telebistak oso garrantsi handia izan du Rossiren mitoa eraikitzen. Tavulliakoak, esan bezala, aurkariak behar zituen: haien bila joaten zen, ezinbestekoak ziren, zirt edo zart. Zerrenda oso luzea da: Biaggi, Capirossi, Gibernau, Stoner, Lorenzo eta Marquez, batez ere. 

Katua eta xaguaren jolasaren antzera, pistan ere, Valentinoren garaipenak oso psikologikoak izan ziren. 25 itzulietan zehar lehenengoaren atzetik joan eta azken bihurgunean aurreratzen zuen. Zenbat alditan ikusi dugu horrelako egoera bat, moto onena (Honda) eduki edo ez (Yamaha)...

Batzuk ezin izaten zuten kontzentrazioa mantendu, eta behera joaten ziren, guztiz manipulatuta. Kasu gogoangarriena Sete Gibernau-rena izan zen: katalana eta Valentino antza lagun estuak ziren, leku berera joaten ziren oporretan eta elkarrizketan beti barrezka agertzen ziren. Behin pistan, aldiz, Rossik ez zion ezer utzi. 

Telebistek jarrera hau asko aprobetxatu zuten eta audientziak azken 25 urteotan gero eta handiagoak izan dira. Valentinok irabaz edota gal zezakeen, baina zaleak beti zirkuitotetan edo pantailaren aurrean egon dira. 

Noski, Italiakoak ez dira izan %100ean Rossiren zaleak. Italian Ducati ere badago, moto-etxe garrantsitsu bat. Jende askok “Panigaleko Gorri” bat dauka, garajean, eta gorroto du Valentinoren portaera, oraindik ere. Dena den hauek audientziak elikatzen ditu. 

Rossi Ducatira joan zenean, 2011an eta 2012an, momentu erabakigarria zirudien baina, baina ezin izan zuen aprobetxatu, moto gidaezina egokitu zitzaiolako. Itxaropen handia zegoen eta sekulako desastrea izan zen, agian Rossiren erabakirik txarrena. 

«Tirano adeitsu bat»

Marco Ciriello Italiako idazleak azpimarratu duen bezala, «Il Dottore tirano adeitsu bat izan da». Motoziklismoaren munduaren nagusia izan da, beti pozik. Azken hitza beti Valentinoarena izan behar zen, pistan edo kanpoan. 

Gogora dezagun gaur egun saltzen den Moto GPren edozein gauza Rossirena dela, izan ere merchandising-en protagonista da: kamisetak, txapelak, prakak eta abar erosiko badituzue, dirua Valentinoren poltsikora joango da. Hau ere iraultza bat izan zen, duela 25 urteko egoerarekin alderatuta. 

Valentino Rossi, Valentziako zirkuitura irtetear. (Jose JORDAN/AFP)

Hala ere, zalantzarik gabe “Il Dottore” bere belaunaldiko pilotorik onena izan da. Sufritzen hasi zen gazteak indarrez etorri zirenean: Stoner, Lorenzo eta Marquez. Guztiak Rossi-zaleak izan ziren, iraganean, baina Valentino bezala lotsagabeak bihurtu dira, beldurrik ez izarraren aurka, joku psikologikoak erabiltzen, alegia. 

Horregaitik esan dezakegu 2015an Rossiren goi-mailako esperientzia bukatu egin zela, Sepangeko istripuaren ostean: 46 zebakiak kontrola galdu zuenenan eta Marc Marquezi ostikada eman zionean. Malaisian Valentinok bere buruari uko egin zion, bere aurpegirik okerrena erakutsi baitzuen. 

Mutil atseginaren maskara erori egin zen, geratzen zena gizon zakarrarena zen. Kolperik latzena izan da, porrotak baino gehiago. Baina hamargarren txapelketa irabaztearen ametsa anbizio handiegia izan da eta lortu gabe erretiratuko da. 

Hori dela eta, sei denboraldi gehiago egin ditu Rossik, laster aita izango dena, 42 urterekin. Bere "ikasleak" lagundu ditu, eta moto-talde bat ere sortu du: bitartean Luca Marini, Pecco Bagnaia eta Franco Morbidelli Valentinoren lursailean entrenatzen aritu dira, Tavullian bertan. 

Agian datozen urteetan txapeldunak izango dira Moto GPn, eta haien maisua eskertuko dute. Ezinezkoa den beste Valentino Rossi bat errepikatzea, bai kirolari bai pertsonaia gisara. «Jende askori ezagutarazi diot motoziklismoa eta oso pozik nago: harrituta nago 80 urteko emakume nagusiekin, zer nolako zaletasuna duten», azaldu zuen Rossik urrian eman zuen elkarrizketa baten.

Momentuz zine-aretoak argiak itzali ditu, ea ikusleek zer egiten duten hemendik aurrera.