INFO

Hartzaile ona delako, Bilbao Basketek Obradoiro gainditu du (80-76)

Hasieratik 2-11 galtzen ekin arren eta azkenera arte sufritu behar izanagatik ere, bilbotarrek Ligako hirugarren garaipena erdietsi dute eta jaitsiera postuetatik atera dira. Ludde Hakkansonek 21 puntu sartu ditu, baina talde-lana eta sufritzen jakitea izan da garaipenaren gakoa.

Jonathan Roussellek ez du bere egunik onena izan, baina berak ere jarri du bere aletxoa Bilbao Basketek garaipena lor dezan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

SURNE BILBAO BASKET 80 - MONBUS OBRADOIRO 76

Hau da sufritu beharra, Jainkoarren! Ez dirudi Surne Bilbao Basketek eroso inori ere irabazi diezaiokeenik, baina irabazten amaitzen duen bitartean, pozik! Makina bat izerdi, disgusto eta sufrimendu kosta zaio talde bilbotarrari hirugarren garaipena pilatzea, baina poltsikoan dauka, epeletan, eta ez da gutxi, jeitsiera postuetatik atera baitira Alex Mumbrurenak.

Ludde Hakansonek 21 puntu lortu ditu, Obraoidoren aurka betiko legez partida ona jokatuta, baina egiari zor, taldelan eskerga egin behar izan du, matrail-hezur gogorra zuela erakutsiz. Asko dute hobetzeko bilbotarrek, baina etxean hirugarren garaipena erreskan lortu dute, eta horrek zeinahi sufrimendu justifikatzen du.

Aurreneko saskiratzea Rafa Luzek lortu arren, berehala petraldu zaizkio gauzak Bilbao Basketi. Robertsonek 9 puntu ia segidan sartu ditu eta Obradoirok 0-11ko partziala erdietsi. Ustez ganoraz ekin arren, bilbotarrek sekulako nagia erakutsi dute hasiera honetan, batik bat erasoan, zeinetan baloirik gabeko jokalariek mugikortasun eskasa erakutsi duten. Ez da harritzekoa izan hiru minutu bakarrik pasa direnerako Alex Mumbruk lehenbiziko hutsartea eskatu izana.

Aldaketek nolabaiteko piztualdia eman die beltzezko gizonei, eta Obradoirok sendo eutsi badio ere aurreari, gutxienez Bilbao Basketek errebote pare bat harrapatu ditu, defentsa pixka bat sendotu du eta, azken buruan, saskiraketa batzuk ere lortu ditu. Gutxiegi artean, baina tira! Bere baldarrean, Roussellen saskiratze batek aurreneko laurdena 12-16ko emaitzaz itxi du. Hasiera hain negargarria burutu ostean, gaitzerdi.

Beste partzial bati erantzun behar

Gaitzerdi, 12-16 hastea bigarren laurdenari, baina ez 0-7ko beste partzial bat irenstekotan! Filipovity eta Birutisek nahi izan duten guztia egin dute, eta Bilbao Basket erantzuten saiatu denean, Angel Delgadok jaurtiketa libreetan zernolako gabeziak dituen erakutsi du –kale egitea gauza bat da, motzegi eta desbideraturik botatzea beste bat–.

Hala ere, aldaketei esker nolabait suspertu dira bilbotarrak. Valentin Bigotek, akatsak akats, eta Roussellek nolabaiteko piztualdia eman diote Bilbao Basketen jokoari; are gehiago defentsan Rafa Luz eta Withey jokora itzuli direnean, 17-28tik 27-31ra hutbildu dira etxekoak, Hakansonek jaurtiketa libreak bota eta gero, 10-3ko partziala eginez, bigarren laurdena bere azken zatira iritsi denean. Are gehiago, Masiulisek eta Hakansonek beste 5-0eko partzial bat erantsi diote Bilbao Basketen susperraldiari eta, gezurra badirudi ere, markagailua 32-31 jarri dute. Hala, Moncho Fernandez galiziarren entrenatzaileak eskatu behar izan du hutsartea. Sinesteko ere, batez ere bilbotarrek bidean bost jaurtiketa libre errekara bota dituztela aintzat hartuta!

Atsedenaldira bidean Ludde Hakansonek eskumutur fina duela erakutsi du behintzat eta horri esker markagailuaren ekimena Alex Mumbrurenek hartu dute –ez da gutxi 11 puntuz atzetik ibili eta gero–. Hala ere, Albert Oliver «aitonak» –43 urte ditu, alajaina!– bost puntu segidan sartu ditu eta neurketa 40na laga du aurreneko erdia amaitu denean.

Eutsi eta irabazi

Ez da kontrako partzialik izan hirugarren laurdenaren hasieran, baina majo kosta zaio Bilbao Basketi aurrea hartzea –60-57 laurdenaren amaieran–. Hirukoetan ezin asmaturik ibili da Obradoiro, eta eskerrak horri, uztaipean Birutis eta Okouo jaun eta jabe izan baitira Withey eta Delgadoren aurrean.

Hainbeste kosta zaie Bilbao Basketeko pibotei, ezen Alex Mumbruk Miniotas hegal-pibota jarri duela pibot lanetan, eta egiari zor, lituaniarra beste biak baino finago aritu da, errebotea ixteko orduan batik bat.

Horrez gain, Hakansonek hirukoetan eskumutur fina erakutsi du, eta laurdenaren azken aldera, Goudelockek azkenean pare bat saskiratze kateatu ditu. Nolanahi –edo nolabait– laugarren laurdenera aurretik iristea lortu dute bilbotarrek, jokoaren ekimena, hamarretik zortzitan, Obradoirorena izanagatik.

Ezin bestela izan, eta azken hamar minutuen hasieran, berriz ere, galiziarrek partziala lortu dute. Zorionez, berehala eten dute kasu honetan bilbotarrek eta markagailuan berriz ere aurrea hartzea lortu, horretarako Angel Delgadok bi jaurtiketa libre sartu behar izan baditu ere. Defentsa ere asko hobetu dute une horietan Mumbrurenek eta, egiari zor, epaileek ere eskuzabal jokatu dute etxekoen eskuei erreparatzeko orduan. Hori bai, bost minutu pasatxoren faltan, Miribillako 6.812 ikusleak dantzan hasi badira ere Moncho Fernandezen hutsarte sasoian, harrokeriarik ez: 66-63.

Hartzailearen estrategia jarraitzeak muturrekoak hartu arren eusteko gaitasuna erakusten du, eta sufritzen jakin behar da. Hala dirudi aurtengo Bilbao Basketekin. Dena den, 5-2ko partziala lortu dute Angel Delgado eta Rafa Luzen artean. Distirarik ez, baina dominikarrak eta brasildarrak daukaten dena ematen dute gutxienez: 71-65, hiru minuturen faltan. Hori gutxi balitz, Hakansonek uztairako bidea berreskuratu du, eta partida azken txanpara 73-65 iritsi da.

Hurrengo bi minutuetan 0-5eko partziala erdietsi du Obradoirok, eta bilbotarren artean jaurtiketa libreetan baldarra bada, Angel Delgadori egokitu behar beti «karitatearen marrara» joatea! Alabaina, Halansonek Valentin Bigote aurkitu du markagailua 73-70 dela, eta 30 segunduren faltan. Hegaleko frantsesak, Miribillaren zoramenerako, ezinbesteko hirukoa sartu du.

Kosta behar zaino majo Bilbao Basketi mailari eustea, dituen gabeziak sekulakoak baitira. Hori bai, hartzaile gogorra da eta ez du azkenera arte etsitzen, eta horrek eman diezaioke arnasa aurten, beste ezer baino gehiago. Igande honetan garaipena bermatzeko oraindik ere izerdia franko bota behar izan du, jaurtiketa libreetara joanez eta Obradoiroren «aztikeriei» ihesi. Baina azken unean ez dute jauttiketa libreetan kale egin eta orduan bai, orduan merezi izan du hartzaile gogorra izan behar horrek.

Goudelock, orpazurdan minez

Partida amaitu bai no bi minutu eta erdiren faltan, Andrew Goudelockek kantxa laga behar izan du. Nahiz eta kantxara itzultzerik izan duen, Alex Mumbruk esan duenez, orpazurda minduta omen du.

«Zaintiratu antzeko bat nabaritu du. Azterketa medikuek zer esango gaude, baina ez dauka itxura onegirik», adierazi du Bilbao Basketeko entrenatzaileak.

PARTIDAREN FITXA

Bilbao Basket: Rafa Luz (7), Goudelock (7), Bigote (11), Masiulis (7) eta Withey (2) –hasierako bostekoa–, Rousselle (9), Hakanson (21), Miniotas (6), Delgado (8) eta Reyes.

Obradoiro: Scrubb (5), Robertson (18), Zurbriggen (5), Birutis (16) eta Ellenson –hasierako bostekoa–, Muñoz (2), Filipovity (6), Oliver (10), Okouo (14), Hobbs eta Huguet.

Epaileak: Perez, Pizarro, Caballero eta Baez. Birutis eta Scrubb egotzi dituzte bosna faltarekin.

Partzialak: 12-16, 28-24, 20-17, 20-19.

Gorabeherak: 6.812 ikusle Bilbao Arena pabilioian. Lesioa gainditu ostean, Alex Reyesek jokatzeko aukera izan du. Goudelockek kolpe bar hartu eta erretiratu beharrean suertatu da, nahiz eta partida amaitu ahal izan duen.