INFO

Europa da koronabirusak eragindako heriotzak hazi diren kontinente bakarra

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) azaldu duenez, Europa da azken astean koronabirusak eragindako heriotzak hazi diren kontinente bakarra. Gainerakoetan heriotza kopurua jaitsi egin da edo egonkor mantendu da.

Erizainak eta medikuak lanean Alemaniako ospitale batean. Kutsatze kopuruak goia jo du herrialde horretan. (Christof STACHE/AFP)

Covid-19 gaitzaren ondorioz izaten diren heriotzak hazi egin dira Europan, Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) aditzera eman duenez. Hildakoen kopuruak gora egin duen kontinente bakarra da.

Erakunde horren azken txosten epidemiologikoaren arabera, Europan azken astean %5 hazi dira koronabirusak eragindako heriotzak, gainerakoetan jaitsi egin dira edo kopurua egonkor mantendu da.

Amerikan hildakoak %3 murriztu dira; mendebaldeko Pazifikoan –Txina barne– %5 jaitsi dira eta ekialdeko Mediterraneoan %14.

Asia hegoalde eta ekialdean, India barne, pandemiari lotutako heriotzak %1 hazi dira, eta Afrikan %3.

Mundu mailan 50.000 heriotza gehiago izan dira, herrialdeek OMEri bidalitako datuen arabera.  

Kutsatze kopuruari dagokionez, %6 hazi dira oro har. Eskualdeka, Europan eta Amerikan hazundea %8koa izan da; Afrikan, aldiz, %33 murriztu dira.

Mundu osoa kontuan hartuta, duela 23 hilabete birusa Txinan hedatzen hasi zenetik 252 milioi pertsona kutsatu dira, OMEren datuen arabera. Europan, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 230ekoa da, beste eskualdeetan baino handiagoa. Amerikan 100.000 biztanleko 74 kasukoa da, azken txostenean jasotzen denez. 

Azken astean positibo gehien metatu dituzten herrialdeak Estatu Batuak, Errusia, Alemania, Britainia Handia eta Turkia izan dira.