INFO

Atzegik ‘Atzegizale’aren figura indartuko du elkartearen 60. urteurren ekitaldian

Atzegik, Gipuzkoako adimen urriko pertsonentzako elkarteak, iaz pandemiagatik atzeratu behar izan zuten 60. urteurrena ospatuko du abenduaren 20an Donostian. Bertan, ‘Atzegizale’ espiritua «indartu» nahi dute.

Patricia Ayo, Igone Urkaregi, Maite Peña eta Josean Idoeta Atzegik Donostian emandako prentsaurrekoaren atarian. (ATZEGI)

‘Atzegizale’ak adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa erakusten duten pertsonak dira. Atzegik, Gipuzkoako adimen urriko pertsonentzako elkarteak, bere 60. urteurrena ospatzeko, datorren abenduaren 20an ekitaldi bat antolatu du Donostiako Kursaal aretoan eta, bertan, elkarteak ‘Atzegizale’ hauek adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan duten eragina nabarmendu eta ezagutaraziko du.

Hori horrela, ostiral honetan Donostian egindako prentsaurrekoan, Atzegik oroitarazi du ‘Atzegizale’aren figura duela 20 urte sortu zela eta aurtengo kanpainak figura hau «balioan» jarri nahi duela: «Urte hauetan zehar Atzegizale komunitatea hazi egin da eta jarraitzaileak batu ditu».

«Desgaitasun intelektuala duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, haiengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkiete», goraipatu du ‘Atzegizale’en jarduna elkarteko presidentea den Josean Idoetak. Presidenteak gaineratu duenez, «keinu txikiak diruditen arren, eragin handia dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizitzan».

Bere aldetik, Maite Peñak, Gipuzkoako Gizarte Politiketako diputatuak, ‘Atzegizale’ak balioan jarri ditu: «Desberdintasunak desitxuratzen laguntzen duen figura, kohesio sozialean sakontzen duena eta pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko funtsezkoa dena».

Lan ildoak

Kanpaniaren koordinatzailea den Patricia Ayok urte amaierara arte programatutako ekintzen egutegia aurkeztu du eta urteurren ekitaldiaren, zeina pandemia tarteko 2021era atzeratu behar izan zen, inguruko xehetasun gehiago azaldu ditu: «Hori dela eta, 60+1a ospatzea erabaki dugu, eta aurten bai, 60 urteak behar bezala ospatuko ditugu, abenduaren 20an Kursaalen egingo den ekitaldi berezi batekin. Horrez gain, datozen urteetarako lan-ildoak zehazteko asmoz abian jarri genuen hausnarketa estrategikoaren ondorioak partekatzeko aprobetxatuko dugu eguna».

Kanpainako materialari dagokionez, Ayoren aburuz pertsona asko daude ‘Atzegizale’ak direnak baina oraindik ez dakitenak. «Zenbaitek uste dute boluntarioa izatea edo Atzegiko jardueretan parte hartzea dela, baina ez du zertan hala izan», zehaztu du.

Kontzeptua ulertarazteko, sentsibilizazio-kanpainaren baitan, desgaitasuna duen pertsona baten egunerokotasuna eta izan ditzakeen laguntza eta oztopoak islatzen dituen animaziozko pieza bat bezalako materialak sortu dituzte.