INFO

Dutxa eskoziarra Glasgowtik

«Herrialde bakoitzak berea», horra Glasgowtik ateratako mezua, «nirea dena nirea da, eta, zurea, guztiona». Frustrazioak pilatu dira. Legeak, elkartasunak eta zientziak baino gehiago berekoikeriak, botere politikak eta emozioek agintzen dute. Kausa komunik ez dago, eta planetak erretzen segitzen du.

Nazioarteko gailurraren anfitrioi Boris Johnson topaketara sartzen (Phil NOBLE I AFP)

Betikoa gertatu da, espero zitekeena: batzuentzat etsipena, besteentzat anbizio mugatuko aurrerapausoa. «Ia nahikoa aski nahikoa» akordio bat dela, arrakasta taktiko bat dela batzuentzat. Eta besteentzat, atzerapauso estrategiko bat dela gizateriarentzat, klimaren aldeko mugimendu eta ekintzaileek pilatuta zeuzkaten esperantza eta aurreikuspenekin alderatuta gutxienez bai. Ekintza erradikalagoen falta dagoela, erregai fosilen ekoizpena amaitu edo ekonomia etengabeko hazkundetik aldentzea bezalakoak. Ez direla legalki loteslea izango zen akordio batera iristen saiatu ere egin, eta, besteek, harrituta, «zer uste zenuten ba?» galdera, «AEBak, Txina, India eta beste asko gai honetan delitugile arruntak direla ez al zenekiten?» galderaren aurretik.

Glasgowko COP26 klimaren aldeko gailurra mundua «hondamenditik salbatzeko azken aukera» bezala aurkeztu zen. Eta bere misioa argia zen: «Klima aldaketari aurre egiteko mundua batzea». Hitz potoloak, edonondik begiratuta ere. Hitzek, baina, zepo zorrotzak, kateatzeko hizkuntza bat edo kaiolatutako definizioak eskain ditzakete. Ekintzarako askatasun batez edo utzikeria edo permisibitate batez hitz egin dezakete. Herrialde gehienek 14 orrialdeko azken txostena «ulermen historiko» baten fruitua dela esan digute, «garaipen hauskor» bat dela, aldeen arteko «lan gogor eta elkarkidetzaren» emaitza posible bakarra.

Hitz jokoak

Akordioa, lehen irakurrian, hitz parrastada bat da, desioen zerrenda bat, alarma eta kezka askoren adierazpen bat. Interesa piztu du, bai; Eta esperantzak atzarri ditu, baita ere. Are, une eta puntu batzuetan, baikortasun induzitu bat puztu du.

Hitz jokoak ere badauzka, neutralak ez diren hieroglifikoak. Gogora ditzagun batzuk: «Ikatzaren desagerpen progresiboa eta erregai fosilei dirulaguntzak ezabatzea» proposatzen zen lehen zirriborroan. Eta zientzia argitalpen askotan «hitza nabarmentzekoa» zela irakurri genuen, lehen aldiz NBEko klimaren inguruko erabaki batean espresuki aipatzen zirelako erregai fosilak. Baina, azkenean, azken txostenean, beste hitz batzuekin irteera bat eskaini zaie ikatza bizi-bizirik mantendu nahi duten herrialdeei.

«Phase out» versus «Phase down» hitzekin gertatu dena adibidez, lehenengoa desagerrarazi bigarrena txostenean azal dadin. Sinonimoak ez badira, hortxe-hortxe dabiltza; lehengusu propioak diren espresioak dira. «Ezabatu» versus «progresiboki bertan behera utzi», edo halako zerbait. Hots, pixkanaka gutxitu. Malgutasun elastiko bat bilatzen duten aldaketak dira, sartzeko edo ateratzeko atea zabalik beti uzten dutenak, isurtzen eta ekoizten dutenentzako beti pronto.

Eta ez aipatze horren arrazoiak badakizkigu, omisioaren zinismoa ezin ezkutatuzkoa da. Adibideak franko daude. AEBak bezalako herrialdeek, esate baterako, petrolio eta gasarekiko beren interesa elikatzen jarraitzen dute, negozioa dagoen bitartean irabazia lege, Trumpek egin zuen berdina egin dezakeelako Bidenek, «baina hobeto», begiarentzat berdeago, multilateralago.

Eta India pozarren, garapen bidean dauden herrialdeen bozeramaile egin omen delako. Eta mezua pasatu duelako: bizi eredu berrien faltan, neurritasunak gehiegikeriari gain hartzen ez badio dena pikutara joango da. Eta hori ez gertatzeko, jakina, ikatzari lekua egiten jarraitu behar zaiolako.

Glasgowko akordioaren melodia gozoa izan da munduko ikatz esportatzaile handiena den Australiarentzat. Eta ez dute ezkutatzen poza: «Ikatzak irabazi du Eskozian». Ekoizle diren herrialdeei maniobrarako tartea uzten zaielako, eta «ezabatu edo ezabatu» espresuki ez jasotzea ikatz meategi berriak zabaltzeko argi berdea bezala ulertu duelako. Zinismo totalaz aurreratzen dute: lurra zulatzen segituko dugu eta «munduko ikatz onena» saltzen jarraituko dugu, pobreziatik milioika pertsona ateratzeko bide bakarra delako.

«Zuriketa berdea»

Glasgowtik munduratu diren prentsa ohar eta teletipoetan esan digute, esan digutenez, ezinbestekoa dela berehalako erabakiak hartzea, urrats eraldatzaileak egitea eta konpromisoak betetzeko neurri eta mekanismoak zehaztea, mende amaieran Lurraren berotzea ez dadin 1,5 gradu baino handiagoa izan. Eta anbizio handiko helburuez hitz egin digute, 2050erako karbono neutraltasuna lortu nahi dela; isurtzen den beste karbono dioxido xurgatzeko gaitasuna izatea, alegia.

Eta aitortuko dute, aitortu dutenez, 1,5 graduen helburua zaurituta eta oso minberatua atera dela Glasgowtik, baina ez kexatzeko eta kontu egiteko: oraindik bizirik dago. Egia dela jende eta herrialde asko zur eta lur geratu direla, erabat harrituta, azken akordioak pairatu duen subertsioagatik, lobbyek antolatu eta obratutako subertsioagatik. Eta gaineratuko dute denek dauzkatela kezkak, kontzientziatik zintzilik, dilindan. Baina ez ditzagula egin harrituaren edo haserretuaren plantak, hala izan delako beti, herrialde boteretsuek egin dituzten promesak desagerrarazteko, diluitzeko, aukera izan dutela beti. Botereen aldeko presio taldeek beren trikimailuak egin dituztela, beste behin, berriz ere, beti bezala.

Ekintzaileentzat, Greta Thunberg klima aldaketaren hondamendiaz ohartzen gaituen gaztetxo mediatikoa buru, Glasgowkoa ez da klimaren aldeko topaketa bat izan. Munduko komunikazio talde handi eta ospetsuenetan «zuriketa berdearen akelarre globala» izan dela esango dizute. Eta ohartu gaituzte ere: zuriketa berdearen ondoren betiko martxan segituko da, espezie bezala desagerpenera garamatzan bide berean. Eta, gainera, prestatuak egoteko, hitzontzi iruzurtien ahalegin gehiago etorriko direla.

Presio taldeak

Ebidentzia bat badago hala ere, eztabaidatu ezin daitekeena, nolabaiteko autoritate bat ematen diona Glasgowko ahaleginari: ia-ia munduko gobernu guztiek parte hartu dute. Berekoikeria, zinismo eta zuriketa berde guztiak gorabehera, ahalegin komun baten zentzua eta atentzio global baten lekukotza badaude. Eta horrekin batera, ia gai guztietan, ezina nabarmentzen duen pasatu ezin diren marra gorrien mapa. Erregai fosilekin adibidez, herrialde eta erakunde multzo handi batek uste du munduak ez dituela erregai fosilak gutxitu behar, ez bederen planteatzen ari den bezain azkar. Eta saudiarabiarrek diruz hornitutako lobbyek «eskala guztietan, ekintza urgente eta azkarrak behar dira» esaldia txostenetik kentzeari ekingo diote. Eta munduko ikatz esportatzaile handienak, Australiak, «ikatz energia plantak ixtea» defendatzen duen konklusioa ezabatzearen alde presio egingo du. Eta Indiak, ikatzaren munduko bigarren kontsumitzaile handienak, erregai fosilak bere menutik kentzeak ekarriko lituzkeen «desafio itzelegiak» aipatu eta ez du halakorik sinatuko.

Eta zeozer sinatzekotan, karbono dioxidoa harrapatu eta betirako lur azpian biltegiratzeko teknologia garestien alde egin beharko litzatekeela esango dizute, teknologia hauen alde ikerketak finantziatuko dituztela. Eta jarrera horretan ikusi ditugu Saudi Arabia, Txina, Australia eta Japonia –denak erregai fosilen ekoizle edo erabiltzaile handiak–, baita petrolio ekoizleen kluba ere, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea. Aldarrikapen argi batekin: karbonoa harrapatu eta lur azpian biltegiratzeak errotik moztuko du argindar planta eta hainbat industriaren gas isuria.

Saudi Arabia nabarmendu da lobby jardunean, ezkutatzeke, ezertaz lotsatzeke. Eta publikoki eskatu du, munduko bazter guztietan entzun dadin, ebazpenetik desagertu behar dela esaldia, asmo oso bat: «Energia sistematan deskarbonizazio ahaleginak bizkortu behar dira lehenbailehen zero karbono isuria duten iturrietara jotzeko, erregai fosilen desagerpen progresibo bat aktiboki bultzatuz», halakorik onartuko ez dutela.

Topera aritu da Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea. Errenta estraktibistaren negozio eredua defendatuz, honen kontra etorkizunean har litezkeen ekintza politikoen aurrean ezkutu bat eskuratzeko.

Gai guztietan berdin

Eta soluzioa haragi gutxiago jatea balitz? Galdera pausatu da Glasgown, eta berdin. Brasil eta Argentina atera dira bidea moztera, haragi produktuetan eta pentsutarako laborantzan munduko ekoizle handienetakoak direlako. Eta ideiaren aurka jo dute errotik: haragi gutxiago jateak ez du zertan lagundu berotegi gasen isuriak gutxitzen. Eta Brasilek bere indar osoa jarriko du konklusioen txostenetik «Mendebaldekoen dietarekin alderatuz gero, landareetan oinarritutako dietak %50 gutxitzen du berotegi gasen isuria». Eta Argentinak bere indarra «okelari zerga bat» ezartzeko ideia txostenetik desagertu dadin, edo «Haragirik gabeko Astelehenak» kanpaina globalaren aipamen txikiena ere ez agertzeko. Hego Amerikako bi erraldoiak, eskutik helduta, «txorakeriatan ez ibili» mezua pasatu dute Glasgowko korridoreetan: «Eztabaida ekoizpen sistema ezberdinen isuri mailen ingurukoa dela eta ez jaten den janari motarena».

Edo diruaz mintzatu gaitezke, herrialde pobreei hitzeman zitzaien diruaz. Eta Suitza buru, banku askoren egoitza eta oso aberatsak diren herrialde askok emendakinen zaparrada planteatuko dute. Kopenhageko 2009ko Klimaren Konferentzian onartu zen herrialde aurreratuek urtero 100.000 milioi dolar emango zietela garapen bidean daudenei 2020tik aurrera. Helburua ez da bete. Ez dago herrialde pobreetan klimarekin zerikusia duten hondamendiek sortutako kalteak eta galerak konpentsatzeko mekanismorik, ez dago isurien inpaktuak eragindako bidegabekeriak onartzeko borondaterik, ez asegurutarako funtsik, ez ezer. Klima berdintasunak eta justiziak beste aukera bat itxaron beharko dute, Mendebaldeak mende batean karbono dioxidoa isurtzen aritzean izan dituen erantzukizunen ordainik ez da inon ageri.

Zinismoa tonaka

Nuklearra bai? Galdera horren oihartzuna ere ibili da Glasgown. Europa Ekialdekoek, Errusiako gasaren etorreraren arabera era bateko edo besteko negua izan ahal duten herrialdeek, txostenak energia nuklearrarekiko ikuspegi positiboago bat izan behar duela aipatu dute, energia honek NBEko klima helburuak lortzeko ezinbesteko papera jokatzen duelakoan. Beste adibide bat, 2040tik aurrera zero isuriko ibilgailuak bakarrik saltzea erabaki dute 34 estatuk, baina akordiotik kanpo gelditu dira ibilgailu gehien kontsumitzen dituzten herrialdeak: AEBak, Txina eta Japonia. Baita Espainia, Frantzia eta Alemania ere.

Finean, tonaka zinismoren artean, gauza asko bistaratu dira Glasgown. Planeta salbatzeko sistema aldatu baino lehen, balioa duen orori prezioa jarrita planetaren geroa saltzea nahiago duela sistemak. Zientziaren egiak baino, lobbyen presio eta eslogan politikoek pisu handiagoa dutela erabakietan. Lekutan daudela denon ongia, kausa komuna eta gobernantza globala.