Vicente eta Gisasola, gainontzekoak baino koxka bat gorago Aizkolari txapelketa nagusian
Lehen enborretik alde handiak hartuta, Otsagabiakoak bere hirugarren txapela jantzi du gizonezkoetan Larrañaga eta Otaño mendean hartuta. Emakumezkoetan, Karmele Gisasola izan da lehen txapelduna.
Azken kanporaketan gauzak oso bestelakoak izan zitezkeela zirudien arren, gaur gaurkoz Iker Vicentek gainontzeko aizkolariak baino koxka bat gorago dagoela berretsi du iazko podiuma errepikatu duen Sherpa.ai Aizkolaritza txapelketa nagusiko finalean.
Lan luze xamarrak ziren arren, Otsagabiakoak lehen enborretik hartu du gizonezkoen finalaren burua eta aukerarik ez die eman gainontzeko aurkariei 39.46ko denborarekin bere hirugarren txapela lortuz. Atzetik, aurtengoa bere urtea izan zitekeela uste zuen Larrañaga gozakaitz aritu da lehen enborrean korapiloa irten zaionetik eta bigarren postuarekin konformatu behar izan du–2 minutu eta 10 segundutara– eta Otaño hirugarren izan da –3 minutu eta 26 segundura– giro paregabea izan duen finalean.
Halakoetan geratatzen den bezala, finalak beste zenbait final izan ditu bere baitan. Lehenengo enborretik, garaipenaren lehian Iker Vicente ia bakarrik geratu da. Mikel Larrañagak zirudien bere aurkaririk arriskutsuena baina ez du bere maila onena ematerik izan kolpeetan eta ez da erabat eraginkor aritu. Eta Otsagabiakoari irabazteko perfekziora asko hurbildu beharra dago.
Nafarraren atzetik bigarren posturako lehian izan da borrokarik handiena. Lehia horretan, Aitzol Atutxa indartsu hasi da, lehen 60 ontzakoan bigarren postuan amaitu du Vicenterengandik ia minutu erdira, baina azkenerako oinbikoetan trabatu eta laugarren postuan amaitu du. Behetik gora eginda, hirugarren oinbikoan hartu du desiratutako bigarren postu hori Larrañagak eta lehen postutik urrun izan bada ere, ondo kudeatu ahal izan du hartutako aldea bigarren postua ziurtatzeko.
Behetik gora egin duen bestea Otaño beizamarra izan da, iazkoa ezustekoa izan ez zela berretsiz. Aitzol Atutxa izan da laugarrena eta bere finala eginaz, Julen Alberdik bosgarren amaitu du. Seigarren postua, aldiz, Jon Irazu, finaleko beteranoarentzat izan da.
Gisasolarentzat lehena
Nesketan, Sherparen historiako lehen txapela Karmele Gisasolarentzat izan da. Mallabitarrak oso final orekatua egin du, hasi eta buka oso erritmo onean (11.48) eta azkenerako minutu eta 15 segundutako aldea atera dio Uxue Ansorregi (13.03) mendaroarrari. Finalerdietan hiru aizkolariak elkarrengandik oso gertu izan baziren ere, gaurkoan, urduritasunak tarteko, aldeak askoz handiagoak izan dira eta hirugarren izan den Maike Ariztegiri 3 minutu eta 26 segundutako aldea (15.24) atera dio azkenerako garaileak.
Lehen enborrean azkarrena Maite Ariztegi nafarra izan da, bizkaitarrari 13 segundutako aldea ateraz. Iturengoak, ohikoa duen eran, abiadura handian ekin dio lehiari eta azkenerako luze egin zaizkio lanak. Ansorregi lotu antzean hasi da eta lehen enborrean nahi baino alde gehiago galdu du eta gero kosta egin zaio buelta ematea.
Hortik aurrera, batere presiorik gabe eta nahikoa lasai, Zelai III.a oso arin aritu da. Lehen enbor handiari buelta ematen lehena izan da eta minutu erdi inguruko aldea (29 segundu) atera dio Ansorregiri lan erditan. Ariztegi erabat tarabatu da bigarren enbor honetan eta oso atzean geratu da.
Finalaren bigarren erdian Karmele Gisasolak ez du bere aldeak kudeatzeko batere arazorik izan eta garaipen handi bat lortu du, are gehiago, aizkolaritzan emakume oso berria dela kontuan izanda.