INFO

Mendi Film jaialdiaren 14. edizioa abenduaren 3tik 12ra ospatuko da Bilbon eta online

Guztira 44 zine saio programatu dira, 11 hitzaldi eta 6 erakusketa. Horientzako sarrerak erosteko aukera badago jada internet bidez edo ohiko bideetatik. Horrez gain, iazko arrakasta ikusirik, aurten ere Sail Ofizialeko filmak online ikusi ahal izango dira, Vimeo bidez.

Abenduaren 4ean estreinatuko da Luis Arrietaren ‘Mendiak 1976’ filma. (MENDI FILM)

Abenduaren 3tik 12 bitartean ospatuko den BBK Mendi Film Festival Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioa aurkeztu dute gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. Jaialdiak hiriko hiru areto hartuko ditu: Euskalduna Jauregia, Golem zinemak eta BBK Aretoa. Guztira 44 zine saio programatu dira , baita 11 hitzaldi edo mahai inguru eta 6 erakusketa.
Saioetako sarrerak, azaroak 22 astelehenean, eskuragarri egongo dira jaialdiaren webgunean eta Euskalduna, Golem eta BBK Aretoko salmenta puntu eta plataformen bidez. Aldez aurretik erosita, saio egunetan bertan baino merkeago eskuratu ahal izango dira.
Sail Ofizialeko filmak on-line ikusi ahal izango dira aurten ere. Eskaintza hau zabaltzen den bigarren aldia da, iaz abiatutako bide arrakastatsuari segida ematen diona. Vimeo sare sozialak eskaintzen duen plataformako «on demand» formula erabilita, Sail Ofizialeko filmen pack osoa, gaitegien araberako film multzoak, edo filmak banaka alokatu ahal izango dira. Alokairua abenduaren 14ra arte egongo da eskuragarri. Filmek euskaraz eta gaztelaniaz azpitituluak jartzeko aukera izango dute.
52 film, 11 herrialde
Guztira 52 film eskainiko dira, luzeak zein laburrak, 11 herrialde ordezkatuz, hein handi batean europarrak. 192 filmek aurkeztu dute hautagaitza, Mendi Filmen sekula izan den kopuru handiena. Horretan lagundu du Mendi Zinemaren Aldeko Nazioarteko Elkargoak-IAMF bere baitan dauden 27 zinemaldietarako izen-emate bateratua egiteko eskaini duen aukera berriak.
 
Mendi zinemagintzako zuzendari entzutetsuak ageri dira aurtengo filmen egiletzan. International Alliance for Mountain Film elkargoaren Sari Nagusia jasotako Pavol Barabás, Alastair Lee, Eric Crosland, Peter Mortimer, Zach Barr eta Keith Partridge, esaterako. Baita Mendi Filmen sariak irabazi izan dituzten Paul Diffley, Eliza Kubarska, Jim Aikman, Mathieu Le Lay, Flo Gassner, Paul Schweller eta Mikel Sarasola ere. Haien eta gainontzeko zuzendarien filma berrienen eskutik, sekulako maila izango du 14. edizioko Sail Ofiziala
Hasiera ekitaldi ofiziala abenduaren 4an egingo da, larunbata, Euskalduna Jauregiko Auditorio nagusian. Luis Arrieta zuzendariaren ‘Mendiak 1976’ filmaren nazioarteko estreinaldia ikusiko dute bertaratzen direnek. Emozio, zirrara eta indarrez betetako saioa izango da, agertokian bilduko baitira, 45 urte beranduago, 1976ko Shakhaur (Afganistan, 7.116 m) espedizioetan mendiko istorio gogoangarri batek batu zituen nafarrak eta poloniarrak
Sortzaile gazteen Ternua beka
Mendiko zinemagintzan murgildu nahi duten zinegile gazteen (18-35) lana sustatzeko, 10.000 euro eta aholkularitza eskaintzen dituen beka sortu zuten iaz Mendi Filmek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ternua outdoor enpresak.
 
Lehen beka jaso zuen Tamara Lucarini Cortes zuzendari bilbotarrak ‘Txango’ filma egin ahal izan du laguntza horrekin, eta estreinaldia abenduaren 9an burutuko da, Euskaldunan, 20:00etako saioan. Bertan iragarriko da bekaren 2. deialdia zein proiektuk irabazi duen (2022an estreinatzeko), eta 3. deialdia aurkeztuko da.