INFO

Anaitasuna hasi da normal entrenatzen eta larunbatean itzuliko da lehiaketara

Taldeak gaur jakinarazi duenez, jokalari guztiek negatibo eman dute egindako azken PCR probetan eta, min hartuta daudenak izan ezik, normal entrenatzen hasi dira. Larunbatean Ademarren aurka jokatu beharreko neurketa atzeratzeko eskatu zuen arren, partida bere horretan jokatuko da.

Anaitasunako jokalariak berriz entrenatzen hasi dira (Andoni CANELLADA / FOKU)

Helvetia Anaitasuna prest da berriz ere lehiaketari heltzeko. Taldeak gaur jakinarazi duenez, jokalari guztiek negatibo eman dute egindako azken PCR probetan eta, min hartuta daudenak izan ezik, normal entrenatzen hasi dira. Gogoratu behar da sei taldekidek eman zutela positibo aurreko asteetan eta talde nafarrak entrenamenduak eten egin behar izan zituela.

Jokatuko duten aurreneko partida larunbatekoa izango da, 19.00etan etxean Leongo Ademarren aurka. Antza denez, Anaitasunak partida hau ere atzeratzea eskatu zion Lehiaketa Batzordeari entrenamendu oso gutxirekin iritsiko delako taldea dema horretara, baina esakera hori atzera bota du Espainiako Federazioak.

Eta bere garaian atzeratu egin behar izan zen neurketetako batek jada badu data berria. Hain zuzen ere, azaroaren 13an Antequeraren aurka Iruñean jokatu beharreko neurketa abenduaren 8an kokatu dute, asteazkena baina jai eguna, 19.00etan hasita.

Data berri hori ikusita, Anaitasunak beste eskaera bat ere egin dio Lehiaketa Batzordeari: abenduaren 11an etxean Navaren aurka jokatu beharreko partida egun bat atzeratzeko. Modu horretan, nafarrek egun bat gehiago edukiko lukete neurketa prestatzeko. Horri dagokionez oraindik ez dute erantzunik jaso.

Atzeratu zen beste norgehiagokak, Sinfin taldearen kontra Santanderren jokatu beharrekoak, oraindik ez du data berririk.