INFO

Beldurrak umorez nola erantzi, Goizalde Landabaso-Etcheverryk ‘Krakovia’ eleberrian

‘Krakovia’ aurkeztu du Goizalde Landabaso-Etcheverryk, bere lehenengo eleberria. Neurri batean bera ere baden emakume baten istorioa kontatzen du, nola, ondo jakin gabe, iritsi den ospitalera eta nola darabilen umorea heriotzak leihotik sartzen dituen beldurrak aienatzeko.

‘Krakovia’ eleberria aurkeztu du Goizalde Landabaso-Etcheverryk. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Eritasun larri batek sortutako katarsia barre algara gisa ere aurkez daitekeela. Hori proposatu du Goizalde Landabaso-Etcheverryk asteazken honetan Donostian aurkeztu duen eleberrian, ‘Krakovia’, ospitalera nola heldu den oso ondo ez dakien emakumearen narrazioa.

Ospitalera sartu du idazleak eleberriaren protagonista, edo ospitalea izan da protagonistara sartu dena. Eleberriko narratzaileak 15 zentimetro zabal eta lau zentimetroko sakonerako zauria dauka, zulo bat haragi bizian. Mina sentitzen duen arren, ez die erakusten arrotz zaion 15 metro karratuko gelatxora sartu-irten bisitan agertzen diren horiei, ezpada irakurleari: bere barruak erakusten dizkio. Biluzik agertzen da.

Narratzaileari umorea eta ironiaren botereak esleitu dizkio Landabaso-Etcheverryk ezustean etorritako egoerak dakarzkion beldurrak aienatzeko, zulora ez amiltzeko. Umorea badelako, baita ere, beste zenbait generoetan idatzi gabeko arauek idaztea debekatzen dutena esateko. Boris Vian-en zita ekarri du aurkezpenera: «Umorea da beldurraren kortesia». Umore beltza egiten saiatu da, txisteak kontatzen: «Bufoiak beti esaten dizkigu egiak aurpegira eta guk barre egiten dugu».

Heriotza hurren ikusten ez duenak, adinagatik edo, ez baitio heriotzan pentsatzeari denborarik ematen. Eta «hurrengo goizik egongo ote den» ez jakiteak jartzen du ‘Krakovia’-ko protagonista, parez pare, heriotzaren eta beldurren aurrean. «Izoztuta», mundua martxan eta bera geldirik, tarteka bisitak, zeladoreak, medikuak, bere ondotik pasatzen diren bitartean.

Horrenbeste joan-etorriren bide erdian, ia publiko sentitzen du bere bizitza emakumeak. Isiltasun uneetan topatzen du pribatutasuna eta orduan jarriko da hausnartzen.

Bada eta ez da

Beretik idatzi du nobela, baina ez guztiz. Orain hamar urte idazleak bizi zuen atakan jarri du narratzailea, konpartitzen dute mina, baina ez dira pertsona berbera. «Unibertso paralelo bat sortu nuen, ni ez naizen ni bat sortzeko. Niri gertatutakoak biltzen ditut, baina gertatu ez zaizkidanak ere bai», esplikatu du kazetariak.

Horrelakoetan, edonori noizbait bizitzak egiten dion «kra» horren baitan, ihesbiderik bada sortzen dira heldulekuak, gauero-gauero ‘azken loa’ izango ote den pentsamendu errealari iskin egin baino aurre egitera bultzatzen dutenak. Krakovia du andrazko protagonistak helduleku, edozeren gainetik biziraupena gailentzera ematen duen ihesa.

Poesian, narrazio laburretan eta kronikan ibilia da kazetaria, hurrenez hurren eta argitalpen denak aipatu gabe, ‘Babeserako kopia’ (2015, Txalaparta); ‘Bränskint’ (2011, Txalaparta) edo ‘1362 km euri’ Garazi Goiarekin batera (2019, Txalaparta). ‘Krakovia’-rekin estreinatu da eleberrian, Erein argitaletxearen eskutik.

Udarako goiz bero batean hasi zuen bere lehenengo eleberria Goizalde Landabaso-Etcheverryk, eta uda horretan bertan bukatu, idazteko nahikoa dituen wifia eta kafe beroaz lagunduta gainontzekoak hondartzan zirela.

Hamarkada atzera gertatutakoak paperera eramatea, baina, prozesu luzeagoa izan da idazlearentzat. Hamar urtekoa, bada. Orain dio liburuko protagonista bera baino ausartagoa iruditzen zaiola. Baina erraza dela hori esatean denborak emandako abantailarekin.