Saioa Alkaiza Guallar da Nafarroako bertsolari txapeldun berria
Bertsolari txapeldun berria du Nafarroak, Saioa Alkaiza Guallar 30 urteko iruindarra. Bazterrekoei eskaini die garaipena, LGTBI+ kolektiboari, erdaldunen seme-alabei. Estitxu Arozena Albizuk jarri dio txapela. Eta jendeak zutik, pozarren hartu du bien arteko besarkada.
Saioa Alkaiza Guallar da Nafarroako bertsolari txapeldun berria. Hasi eta buka, erabateko finala osatu du, publikoa hunkituz. Hala abestu du amaierako agurra: 'Besarkada bat langile auzoetako aldera/ erdaldunen seme-alabok hor ikasi dugu euskera/ eta mundu bat da jaso duguna horrekin batera/ euskerak behar du ofiziala Lesakatik Cascantera/ eta orain musu handi bat iraultzaileen gorputzera/ ez bitarra, quirra transa, marika eta bollera/ mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera'.
Estitxu Arozena Albizuk jantzi dio txapela. Irudia ederra izan da, bi emakume, bi irribarre zabal, orain saretzen ari den Nafarroako emakume bertsolarien katearen bi begi. Lehenbiziko emakume txapelduna izateaz gain, belaunaldi aunitzen irakaslea izan da Lesakakoa. Horretan segitzen du, ilusiorik galdu gabe. Halaxe kantatu du agurra: 'Xabi zurekin lehen pausoak Bolik bildu zun satana/ sanfermineko mutiko harek burua altu darama/ Leitzan bi anaia bixi bihurri ta Enekok egin du lana/ Josu etxean jaiotakoa, Saioa ez da han barna/ orain zu zara txapeldun handi ta hor zaudeten andana/ alaba gisa hasi nintzen ni gaur aunitzen bertso ama/ ohore bat da familia hau hazten ikusi izana'.
Eneko Lazkoz Martinez izan da txapeldunorde. Agurrean umorez kantatu bezala, berriro ere Pulidor. Alkaizak 995 puntu pilatu ditu; Etxarrikoak, 992, hurbiletik jarraitu dio beraz. Orain arteko txapeldunak, Julio Soto Ezkurdiak, hirugarren egin du, 627,5 punturekin. Hurrengoen artean alde ttikia egon da puntuazioan. Laugarren, Joanes Illarregi Marzol izan da(596); bosgarren, geldialdi baten ondotik bueltan den Xabier Silveira Etxeberria (592,5); ondotik Xabat Illarregi Marzol (582,5); Josu Sanjurjo Altzuri (580,5) eta Eneko Fernandez Maritxalar (573).
Jon Barberena gogoan
Eneko Fernandezek Jon Barberena lagun-minari eskaini dio amaierako agurra: 'Bizitza okertu zaizula bolada txarra duzula lagun on baten formula/ ezin da hain errez kalkula/ etxeko denak izan zarete nire suspertze pilula/ Aimar asteotan egindakoa ez dut ahantziko sekula/ baina tamalez denok dakigu gaur norbait falta zaigula/ Jon, zuretzat da final hontako nire azken bertso xuxurla/ gogoratzeko hemen oraindik aunitz maite zaitugula'.
Josu Sanjurjok agur ederra kantatu du, kemenez betea: 'Gazte mesedez aditu zazu ze kontatu nahi dizudan/ bizitza hontan entzungo duzu berdin da ze tesituran/ zu ez zara gai ezingo duzu erotu zara ohituran/ agian horrek jarriko zaitu txikitasunaren mugan/ nire bertsotan ibili ohi naiz nire barrenean dudan/ baina prozesuaz disfrutatzen dut erori arren helmugan/ beraz sekula baldin bazaude ametsen baten liluran/ inork egiten ez duenean nik sinetsiko dut zugan'.
Xabat Illarregik halaxe kantatu du: 'Zorionak Saioari, goza ezan gerizpea/ ta neri zer tokatzen zait, bi belarriak jaistea/ baina nahi nuke presoen egoera argiztea/ garai hauetan ta hala a ze baldintza tristea/ ez da normala pertsona bat urte luzez ixtea/ bizitza baldintzatzeko punturaino iristea/ nahiz ta batzuei eskatu, kopuruak murriztea/ hemen denoi dagokigu kontzientzia bat piztea'.
Bosgarrenak, Xabier Silveirak ez duela errateko ezer eta agur laburra egin du, Saioa zorionduz.
Joanes Illarregik, aldiz, hunkituta, hurbilekoak oroitu ditu: 'Zorionak zuri Saioa eta ez ahaztuz beste seiekin/ une honetan oroitu nahi dut nire ingurukoekin/ nere Gasteizko pisukideak ta etxekoak re berdin/ bertso eskolakoekin zuek beti hor beti fin/ bi hilabete pasatu ditut zer nahi nun ere ez nekin/ nere ondoan egon zarete, ta ez duzue gutxi egin'.
Julio Sotok hausnartzeko baliatu du aukera: 'Biba Saioa txapeldun berri saio erabatekoa/ biba Eneko ze bigarrena berdin da aurrenekoa/ egia esan kezkagarria zait gure gizartekoa/ otsoak artzai badira nor ez da haien artaldekoa/ dena bihurtu denean moral joku baten antzekoa/ baldintzaturik dakusat gure begiraden atzekoa/ nahiz ta iritzi askatasuna den aldarrikatzekoa/ horren aurretik aldarrikatu behar da pentsatzekoa'.
Eneko Lazkoz txapeldunordeak, azkenik, irria atera digu: 'Berriro ere Pulidor, berriro ere mekauen/ mila zorion Saioa, txapeldun haundi ta lerden/ nigatik egin dutenei irri negar ta hasperen/ milesker beste bigarren bat dut zuentzat bederen/ ta zu txapela zer duzu buru brillante ta garden bat duzu deika ta deika ta ez zara pausatzen hemen?/ eskerrak bertsoa hori baino askoz gehiago den'.
Maila oneko finala
1.750 bertsozale bildu dira berokien barrenean. Hotz zen Anaitasunan, baina giroa berotzen-berotzen joan da, irakiteraino. Saioa mauka motzetan zegoen. Hasieratik sumatu dugu fuerte, eta faboritotzat hartu dute entzuleek finalean lehenengoz sartu den iruindarra. Urteetan lan handia egitearen ondorioz azkenean besta handi honetara iritsi dena. Nafarroan saretzen ari diren emakume bertsolarien ordezkari ere izan dela erran daiteke. ‘Iritsi baita eguna/ kantatzeko nahi duguna’ kantatu du hasierako agurrean, eta bertsoa nahi duen hori errateko baliatu du. Bertsoz bertso joan da, burua hotz eta gozatuz.
Lazkozekin sailkatu da buruz burukorako. Enekok barne borroka aipatu du hasierako agurrean, beldurrak guzia kolokan jartzen duela erranez. Maite du dantzatzea erori gabe sokan, eta publikoarekin sentitzen duen zorra kitatzeko sekula ez bezala egin nahiko lukeela bertsotan adierazi du.
Pulidor izan da berriz, eta bigarrenaren kalitatea erakutsi du. Adibidez, buruz burukoan, Sei puntuko motzean, ospitaleko gela berean heriotzaren atarian dauden bi pertsonaren lekuan jarri denean Saioarekin. Eneko damu da bizitzan hainbat gauza egin izanaz; Saioa, aldiz, egin gabekoez da damu.
‘Apustutako amaino/ ta maitaleen engaino/ askotan sartu izan dut hanka belaunetaraino/ atzean hainbeste laino/ dut behin helduta honaino/ bizitzeari beldur gehiago hiltzeari baino’, hasi da Lazkoz.
Saioak hala jarraitu dio: ‘Erdi moja, erdi sosa/ naiz puritana arrotza/ kontra egiteko baino ez baitut altxatzen ahotsa/ ez baitakit zer den poza/ bizitza hau nola goza/ carpe diema iritsi aurretik heldu da heriotza’.
Kartzelan bide erabat ezberdinak hartu dituzte, eta biak ibili dira bikain. Honakoa zuten gaia: pilula hartu duzu aurrera jarraitu ahal izateko.
Alkaizak abortatu duen gazte baten bizipenak kontatu ditu. Hona hirugarren bertsoa: ‘17 urte dauzkat, berez nahiz neska gaztea/ eta haur batek lekarke nere baitan desgastea/ ikasketak utzi behar eta hori desastrea/ fardelak aldatzen pasa beharko nuke astea/ baina akabo problema ta orain normalitatea/ irri erdi bat eginez utzidazu esatea/ zeinen gauza polita den pertsona libre izatea’.
Lazkozek, berriz, tourra irabazteko tranpa egitera doan txirrindulariaren azaletik abestu du. Hona lehena: ‘Nire seigarren tourrera iritsi nintzen beti gisa baikor/ entrenamendu pila eginda bide eta bidezigor/ gaurko etapan Pirineoak eta han ze malda gogor/ kirolariak gabiltzan arren beti ongi beti jator/ gaur pilula hau derrigor (bis)/ hau hirugarren aukera dut ta bitan izan naiz Pulidor/ baina gaurkoan nire aurretik ez da geratuko inor’.
Buruz burukoa bezala, aitzineko saioa ere maila hagitz onekoa izan da, Nafarroan goiti eta goiti ari den bertso mailaren erakusgarri polita, bertsozaleak asetzeko modukoa. Bakarkakoa ariketa goitik josi dute denek.
Saioa Alkaizak publikoa hunkitu eta zutik jarri du. Gasolindegi bateko langilea da, gaueko txandak luzeegi egiten zaizkio. Hona lehen bertsoa: ‘N121A aurrean dudan paisaia/ Ultzama aldean nago eskutan Diesel usaia/ 60 urte ia jubilatzeko garaia/ baina ximurrak pilatzen hementxe daukat bisaia/ urtea nahiz ta libratzen arimak leukaken nahia/ gaua gasolindegian ez baita gauza alaia (bis)/ nire bizitza delako saltzen dudan erregaia’.
Eneko Lazkoz eskolako jantokian bazkaltzen duen nerabe baten azalean sartu da. Egunero jan gabe gelditzeko aitzakia bat asmatzen du. Pertsona lodi baten lekuan jarri da, Zortziko Handiko ariketa batean kideek landu duten gaiarekin lotuz.
Hamarreko Ttikiko ariketa ere ederra izan da. Julio Sotok eta Eneko Fernandezek, adibidez, metafora eta irudi ederrak erabili dituzte errepideko arriskuen aitzinean bizinahiari eusten dioten bi txirrindulariren lekuan jarrita.
Joanes Illarregi ederki ibili da eta buruz burukorako kinieletan bere izena ere agertzen zen. Bakarkako bikaina josi du lantegiko enkargatuaren paperean, zuzendariak ekoizpena handitzeko langileak estutzeko eskatu dionean sentitzen duen larritasuna ongi deskribatuz.
Xabier Silveirak ongi eutsi dio soka gaineko ibiliari eta bakarkakoan, bost urteren ondotik bertze norbaitengatik zerbait sentitzen hasi den alargunaren paperean, bere magia berezi hori sortu du. Txalo zaparrada jaso du. Hona hirugarren bertsoa: ‘Zu joanaren dolua bortz urte luzetan landu/ baina orain gutxi arte ez dut pozikan izandu/ etorkizun beltza ez zen ezer inoiz begitandu/ ta nahiz bertze bat etorri beti izanen gara gu/ hau ez hartu traiziotzat ez zaitut deusen truk saldu/ baina nik uste nahikoa direla bortz urte galdu/ berriz pozik bizitzeko ezin du izan berandu’.
Xabat Illarregik 'ez nau beldurtzen garaitzak' abestu du agurrean eta, anaiaren gisan, ausart aritu da, kantaera ederrarekin. Puntu erantzunetan luzitu da, adibidez, baita Lazkozekin batera Hamarreko Ttikian ere, futbol talde bateko gaztetxoak entrenatzen dituzten bi pertsonaren azalean.
Josu Sanjurjok bertsoari eskaini dio hasierako agurra, eta bertso eskoletan eta hezkuntza arautuan bertso irakasle dabilen lesakarra ongi pasatzen ikusi dugu, irribarrez sarri. Ofiziotan kideari adarra jotzen, Silveirari kasu, mundua kuestionatzen duen norbaitek loteria nolatan erosten duen botaz. Bakarkakoan ere fin ibili da, emozioak eta ekintzak tartekatuz. Banandu berri den gurasoa zen, lehen aldiz eraman ditu seme-alabak etxe berrira. Indartsu, hunkigarri amaitu du.
Eneko Fernandezek elkarrizketan aitortu zigun ederra litzatekeela beretzat zortzigarren egitea, eta hala izan da. Zortziko Ttikian, saioa lehertu du Saioarekin batera. Alkaiza 16 urteko gazteak autobusean musika jarri du bozgorailuarekin eta bere ondoan dagoen Fernandezek muturra okertu du. ‘Diskotekan zaudela pentsatzen al duzu?’, bota dio lesakarrak. Iruñekoak bertako erreferentzia ugari sartu ditu, Chill Mafia, Errotxapea… eta publikoa bereganatu du. Eta Fernandezek ongi eutsi dio bere paperari, Ertzainak eta Baldin Bada aipatuz eta ‘Nola aldatu diren gauzak, kamarada’ batekin borobilduz ofizioa.