Eusko Ikaskuntza-Baionako Hiria ohorezko saria jaso du Claude Iruretagoyena dantzariak
Eusko Ikaskuntza-Baionako Hiria banatzen duten ohorezko saria Claude Iruretagoyena dantzari eta jostunari egokitu zaio aurten. Euskal kulturaren saria Eneritz Zabaleta bertsolari eta zuzenbide doktorearentzat izan da eta bideo-dokumentalen saria Beñat Iturrioz zinegileari egokitu zaio.
Eguzki Urteaga Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Yves Ugalde Baionako kultura, animazio eta senidetza zinegotzi arduratu ziren sarien banaketaz Baionako Herriko Etxeko saloi nagusian. Eusko Ikaskuntza- Baionako Hiriko sariak 2000 urtean hasi ziren banatzen, euskal kulturaren aitortza eta garapenaren alde hainbat pertsonalitatek egin ahalegina ohoratzeko.
Jean-Mixel Larrasquet ohorezko saria Claude Iruretagoyena dantzari eta jostunari egokitu zaio aurten. Iruretagoyenak haurra zelarik ekin zion dantzari Batz Alai taldean. Gerora, duela hogei urte, Maritzuli konpainia sortu zuen. Bere eta taldekideen jantzi propioak sortzeko gogoa pizturik, langintza horri ekin zion zazpi euskal lurraldeetako 900 piezako bilduma bat osatu arte.
Eneritz Zabaleta bertsularia da eta Xilabaren lau ediziotan parte hartu izan du, hirutan finalera ailegatuz. Txapelketa Nagusian ere parte hartu zuen 2013an. Zuzenbide publikoko doktorea da euskararen estatutu juridikoari buruz.
Beñat Iturriozek «Sans Nom Sarea» dokumentalagatik jaso zuen saria. Bigarren Mundu Gerlan Alemania naziak Frantzia okupatu zueneko testuinguruan kokatzen da 33 minutuko film laburra. Mendibe eta Orbaitzetan 1942an sortu zen izenik gabeko sare sekretua du ardatz lanak.