INFO

Finantzamendu kolektiboa sustatzeko sortu da Xedebat crowdfunding egitasmoa

«Egitasmo berriak, alternatiboak eta baliagarriak» sustatzeko helburuarekin, era berean tokiko eragileen, gizarte zerbitzuen eta klimaren zaintza hartuz, lehen finantzamendu kolektiborako ekimena sortu dute. Xedebat izena duen crowdfunding egitasmoa Baionan aurkeztua izan da.

Xedebat proiektua Baionako Biltxokon aurkeztu zuten joan zen azaroaren 23an. (@iagirreb)

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdin finantzamendu kolektiboari buruz eskarmentu handia badago. Izan ere, garai bakoitzak bere tresnak behar dituenez, «egitasmo berriak, alternatiboak eta baliagarriak» sustatzeko helburuarekin Xedebat lehen crowdfunding proiektua aurkeztu zuten azaroaren 23an Baionan.

Aurkezpen horren harira proiektuaren sustatzaileek oroitarazi dutenez Euskal Herriko gizarteak zirkuitu labur eta elkarlaguntza kolektiboak aspalditik erabili ditu «biztanleen arteko elkartasunak sortuz lurraldeko garapenaren aktorea bilakatzeko asmoz».

Hain zuzen, badira lau hamarkada Hemen/Herrikoa ekimenen eskutik lanpostu iraunkorrak sortzeko eta tokiko garapena sustatzeko hamaika egitasmo aitzineratu ziren Ipar Euskal Herrian finantzamendu kolektiboaren moldea baliatuz.

Finantza zirkuitu laburraren gainean, ondorioz, esperientzia bada hiru lurraldeetan. Orain arte eginiko bide horretan oinarriturik, Xedebat egitasmoa martxan jartzeko parioa egin dute hainbat eragilek.

Hala, «aldaketa klimatikoari, baliabideen eskasari, bioaniztasunaren galtzeari eta, oro har, osasun eta ingurumen arriskuen biderkatzeari loturiko errenkoei» tokian tokiko erantzunak ematea ezinbestekozat jo dute proiektuaren sustatzaileek.

Bide batez, «guztientzako zerbitzu berriak» plantan emateak badu beste onura bat, gizarte mailan hari sendoagoak sortzen dituelako «elkarbizitza hobe baten bilaketari» mesedea eginez.

Aldaketak sustatzeko dinamikak indartu

Peio Bellan proiektuaren sustatzaileetariko batek Kazeta.eus atariari azaldu dioenez, «herritarren arteko elkartasuna azkartzeko eta lurraldearen garapenean eragile aktibo bilakatzeko» jardun nahi du egitasmo berriak.

Eraldaketa soziala bultzatzeko bidean herritarren artean sareak eratzeari garrantzia handia emanen dio Xedebat crowdfunding sistemak. Lurraldeko eragileak elkarretaratuz proiektuei buruzko ezagutza partekatzeari begira baliogarria izanen da, finean, gizarte ekimen berria.

Izaera legalari dagokionez, Xedebat finantza kolektibo tresna bezala ezaugarrituko da, eta Akitania Berriako ESS (ekonomia sozial eta solidarioa) eremuko aktoreek sortu duten ADEFIP elkartearekin elkarlanean jardunen du. Aipaturiko elkarteak jadopteunprojet.com webgunea kudeatzen du.

Ipar Euskal Herri mailan «lagundutako xedeentzat» jarduten duten bertze hainbat elkartek egin bezala crowdfunding sistema horretan laster batean euskoz ahalko dira transakzioak egin.

Izan ere, Xedebaten partaideen artean Euskal Moneta elkartea bera dago. Baita Biharko Lurraren Elkartea, Etxalde, Hemen elkartea, IKPB-158, Andere Nahia eta Lan Berri atelierra ere.

Finean, Euskal Elkargoak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) zein Lakuako Gobernuak diruz lagundu dute bere webgunea euskaraz eta frantsesez garatu duen Xedebat proiektua.

Xedebat egitasmoaren webguneak dagoeneko bi proiektu diruz bultzatzeko aukera eskaintzen du. Batetik, Oztibarreko ibarreko ekoizle eta kontsumitzaileen arteko loturak azkartzeko xedea duen Sabaia elkarte parte-hartzailearen alde egin dezake jendeak.

Bere egoitza Larzabalen duen elkarteak 110 bat bazkide ditu eta egun 30 bat ekoizleren hornikuntzekin lan egiten du. Diru bilketarekin orain arteko lana hobetu eta garatu nahi du 2018an sortu zen egiturak.

Bestetik, Ethico Plus proiektua diruz laguntzeko parada bada. Norberaren elektrizitate ekoizle bihurtu eta bere elektrizitatearen %100 kontsumitzea du xede egitasmoak. Finantzaketarekin, interes orokorreko kooperatiba-sozietatearen garapena sendotu nahi dute.